Joxean Agirre

PNV-PSE

Gaztetan tarteka zahartzean nolakoa izango nintzen pentsatzen hasten nintzenean gutxi gorabehera orain naizena irudikatzen nuen, anbizio handirik gabeko pertsona bat, uzkur samarra, pitin bat jendearengandik ihesi, lagunarte gutxikoa izanik ere adeitsua, etxeko liburutegian dozena bat autore kutun zituena eta besaulki batean horiek irakurriz edo itsasoari begira denbora galtzen zekiena.

Nire aurreikuspenetan, dena den, bi hutsegite nabarmen egin nituen. Alde batetik, 17 urterekin elizara joateari utzi nionean konbentzituta nengoen jubilatu orduko berriro itzuliko nintzela, baina elizako giroa ordukoa baino hitsagoa, tristeagoa, deprimenteagoa iruditzen zait.

Garaitsu horretan egin nintzen ezkerreko, baina banekien gizakiok giro, adin eta garai baten umeak garela eta konbentzituta nengoen jubilatzearekin bat PNVra itzuliko nintzela edo gutxienez botoa eman behar nuen bakoitzean nire bastoia esku batean eta bestean boto jeltzalea nituela joango nintzela herren eginez hauteskunde mahaira.

Aitortu beharra daukat gerora Alderdiak hain ondo saldu zigun euskal oasiaren mitoan erdizka bada ere sinestera iritsi nintzela. Europako lekurik aurreratuenetako batean bizi ginen, eredu eskandinaviarretik gertu. PISA proben txostenak etorri ziren, Bidegi, De Migel eta Bizkaiko alkate zenbaiten kasuak, AHTren auzian egindako hanka sartzeak, eta mitoa kolokan jarri zitzaidan eta I+D arloan Turkiaren atzetik geundela enteratu nintzenean pentsatu nuen mito hori fatxada kontua besterik ez zela, propaganda hutsa.

PNVk eta PSEk adostutako programaren aurkezpenean gobernu osaketari buruz galdetu zioten Ortuzarri eta hark ez zela ezustekorik egongo erantzun zuen, bi alderdiak oso prebisibleak zirelako. Eta horrexek definitzen zuela ondoen pentsatu nuen bi alderdion patua, hain prebisibleak izateak hain zuzen. Entzuten diot lehendakariri hizketan edo Idoia Mendiari eta Koldo Saratxagaren K2K Emocionando aholkularitzarekin gogoratzen naiz. «Hunkitu, pentsatu, egin» zela uste dut Saratxagaren leloa eta ez letorkieke bat ere gaizki Urkulluri eta Mendiari herritarrok hunkitzen ikasteko ikastarotxo bat egingo balute. Ez dut esaten administrazioa osorik NER delakoan sartu behar dutenik, hori iraultza bat litzateke. Konformatuko nintzateke sentimenduren bat (aspermena salbu) transmititzen ikasiko balute. •