17/10/2020

Ramon Sola
Aieteko beroaldi azkarra eta elur urtze motelak

Urtean behin Aietekorantz burua jiratu eta balantze zintzoa egitea osasuntsua da, izotza elur, elurra ur eta ura bide bilakatzeko borrokan aurrera jarraitzeko

Ez dakit berez ona ala txarra den, baina segur aski urtemuga oharkabean pasako zitzaigun, Foro Sozialak gaur Aieten ekitaldia deitu izan ez balu. Bederatzi urte joan dira jadanik eta beharbada lehenengo kolpe batean pentsatu duguna baino gehiago aldatu dira gauzak. Zerrenda ditzagun batzuk: 2011ko urri hartan ETAk borroka armatuari eusten zion, jarduera etena izan arren; kartzeletan 700 euskal preso politiko inguru pilatzen zen; bizirik zen Kofi Annan, Donostiako gailurraren buru; Patxi Lopez eta Miguel Sanz zituzten lehendakari Hegoaldeko administrazioek (Ipar Euskal Herrian inor ez oraindik); Emmanuel Macron banketxe batean ari zen, Pablo Iglesias tokiko telebista batean, Arnaldo Otegi espetxean; ez zen Kataluniako prozesuaren iragarpenik, are gutxiago pandemia baten susmorik, ez espainiar monarkiaren gainbeherarik, ez Brexitik, ez Instagramik, ez Euskaraldirik, ez Trumpik...

Gogoan dut su epelean egosten ari zen guztiari tenperatura gehiago eman behar izan zitzaiola azkenik, topera azkartu: Moncloan Zapateroren egunak amaitzen ari zirela eta Rajoy etorri bazetorrela jakinda antolatu zen gailurra, aurreratutako lana galbidera joan ez zedin. Gogoan dut ere PSEko Jesus Eguigurenek behin eta berriz errepikatzen zuena: prozesua elurra urtzea bezalakoa izango zela, ohartu gabe gauzatzen joango zen zerbait, abiadura motelean eta zalapartarik gabe. Batzuen premiak beste batzuen moteltze nahiarekin uztartzen ziren.

2020 urtearen talaiatik 2011ra begira jarrita, Eguigurenen ustea nagusitu dela esatea errazkeria litzateke. Hasteko, berak adierazitakoaren kontra, zenbait arlotan elurrak elur izaten segitzen du, izotz ez esateagatik, batere bigundu gabe: Jakes Esnali buruz erabaki berri dutenari, azken atxiloketei edo Madrilen egiten ari diren epaiketei begiratu bestela. Beste zenbait kontutan, aldiz, bururaino gauzatu da Aieten ireki zen bidea; ez zela denbora kontua, borondate kontua baizik, frogatu zuen ETAk konferentzia egin bezain laster borroka armatua betirako utziz eta 2018an bere zikloa amaituz.

Beste hainbat arazo ez azkar ez poliki, aurrera eta atzera, arre eta so ibili da bederatzi urteotan. Adibide bat: konponbide politiko baten beharra Aieteko Adierazpenean sartzeak piztu zituen itxaropenak dezente hoztu ziren 2012an eta 2013an, gero nabarmen berotu 2014an Gure Esku Dagoren giza kate arrakastatsuaren eta Eskoziako galdeketaren eskutik, jarraian moteldu, 2017an berriz ere berpiztu Kataluniako eztandaren harira... Horren aurrebaldintza den interlokuzio politikoa lortzeko borroka ere gorabeheratsua izan da: irainka hartu zituzten Sortuko bultzatzaileak Madrilen Aiete baino hilabete batzuk geroago, baina gaur EH Bildurekin esertzen da espainiar presidentea. Presoen hurbiltzea oso motel doa oraindik, baina Parisek azkar egin daitekeela erakutsi du. Eguigurenek irudikatu bezala etorri dira dozenaka iheslari eta deportatu, baina ez guztiak. Inork orduan amestuko ez zuen gisan elkartu dira bi aldeetako biktimen min eta ahotsak, Nafarroako Legebiltzarrean egin berri den solasaldia adibide.

Urtean behin Aieteko ekitaldirantz burua jiratu eta balantze zintzoa egitea ariketa osasuntsua da, betiere bide orri gisa denborak hostoz estali duela onartuta. Lortutakoa eta lortu gabe dagoena zerrendatu, abiaduraz hausnartu, lehentasunak zehaztu, iparrorratzari tinko eutsi eta aurrera jarraitzeko. Izotza elur bilakatzeko borrokan, elurra ur eta ura bide. •