17/10/2020

Reportaje
DAESHEKO «BEATLES»-AK
Erakunde jihadistako talde odolzaleko bi kide AEBetan epaituko dituzte

Lau ziren, guztiak Londres hiriko mendebaldean jaiotakoak. Estatu Islamikoaren izenean ekintzarik ankerrenak egiten zituzten. Talde horretako kideek moztu zioten lepoa James Foley kazetari estatubatuarrari eta beste hainbati. Bahitutakoek beren larruazalean ezagutu zuten, tamalez, haien basakeria. «Beatles» taldeko bi kide epaitzen hasi dira egun hauetan Ameriketako Estatu Batuetan.

Dabid Lazkanoiturburu
Beatles2

Estatu Islamikoa erakunde jihadistak (Daesh), Al Qaedarekin alderatuta, bi ezaugarri landu zituen lau urte iraun zuen bere kalifa herrian: izua edonon eta edonola zabaltzeko asmoa eta jihadaren mundu mailako ikuspegia aldarrikatzea.

Bi ezaugarri horiek inork baino hobeto ordezkatu zituen Londresko mendebaldean jaiotako taldeak. Iraken eta Sirian sortu zen kalifa herrian parte hartzera joan ziren lau gaztek osatu zuten talde beldurgarria, “Beatles” izenarekin ezagun egingo zena.

Estatu Islamikoak dozenaka kazetari eta kooperante bahitu zituen, eta lau kide horiei 25 pertsona erailtzea leporatzen diete, tartean James Foley kazetari estatubatuarra.

Taldea oso ezaguna egin zen Mendebaldean, eta ez bakarrik bahiketetatik bizirik atera zirenen testigantza izugarriei esker, baizik eta Estatu Islamikoak berak grabatu eta Internetera igotzen zituen basakeriengatik: torturak, lepo mozketak… Hala nola, Foleyrena. Mundu guztia beldurrarazi zuen irudi hain ikaragarriak ikusteak. Izan ere, Estatu Islamikoaren estrategiak helburu zuen askotariko hizkuntzatan «komunikatzea», Hollywooden estetika imitatzen zuten bideoen bidez belaunaldi gazteetara iritsi ahal izateko.

“Beatles” taldeko bi kide Ameriketako Estatu Batuetara eraman zituzten eta aurreko astean epailearen aurrean igaro dira eta beraien aurka egindako salaketa guztiak ukatu dituzte.

Taldearen burua Mohamed Emwazi zen, Jihadi John ezizenekoa. Goitik behera zapi eta jantzi beltzez estalita agertzen zen Estatu Islamikoaren propaganda bideo beldurgarrietan, harakinaren labana eskuan zuela. Ameriketako Estatu Batuen drone batek hil zuen Jihadi John Sirian 2015ean egindako eraso batean. Bigarrena, Aine Lesley Davis, Paul, bideoetan gutxien azaltzen zena, Turkian atxilotu zuten urte hartako azaroaren 13an. Auzitegi batek zazpi urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zion Aine Lesley Davisi terrorismoa leporatu eta gero.

«Ringo» eta «George»

Alexanda Amon Kotey, Ringo, eta El Shafee el-Sheij, George, Sirian atxilotu zituzten indar kurduek.

Biak AEBetara eraman zituzten kurduen aurkako Turkiaren erasoak baliatuta ihes egingo zuten beldurragatik. Gainera, William Barr AEBetako fiskal nagusiak haien aurka heriotza zigorra ez dela aplikatuko agindu dio Britainia Handiari, Foleyren amaren eta “Beatles” taldearen hainbat biktimaren baldintza onartuz.

Fooley ez ezik, Alan Henning britainiar boluntarioa, David Haines eskoziar kooperantea eta bi japoniar ere hil zituen taldeak, gehienei lepoa moztuta. Bideo izugarrietan, biktimak, jantzi laranja jarrita (Guantanamoren mendeku bisuala), belauniko jarri eta lepoa mozten zieten, irudiak Internet bidez eta musika jihadistaz eta efektu bereziz lagunduta mundu osora zabaltzen zituzten, jendea izutzeko.

“Beatles” taldeari dozenaka herritar italiar, britainiar, danimarkar, frantses, zeelandaberritar, errusiar eta estatubatuar bahitzea eta kasu gehienetan hiltzea leporatzen diote. Estatu espainoleko hiru kazetari ere haien eskuetan egon ziren, tartean GARAko kolaboratzailea den Ricardo Garcia Vilanova argazkilari katalana. Harekin batera bizirik atera ahal izan zuten Marc Marginedas eta Javier Espinosa kazetariek, 2013tik 2014ra bahiketa izugarri latza pairatu ondoren.

Liverpooleko taldearen izena

Londresko Gobernuak britainiar nazionalitatea kendu zien 2018an lau gazteei –bat jada hilda zegoen ordurako–, baina betirako gogoratuko dituzte Liverpooleko musika talde mitikoko taldekideen izen ospetsuekin.

Nola, ordea, uztar daiteke Beatlesen musika samurra eta alaia horrelako krudelkeria erakutsi zuen taldearekin? Beraien britainiar azentua hor zegoen, nola ez, baina azalpena konplexuagoa da.

Bahitutakoen erreflexu baten ondorioa baino ez da, “izuaren gudari” haien eskuetan egon zen Nicolas Henin kazetari frantsesaren ustez. «Nik neuk, lehenengo egunetik, eta ziegan bakar bakarrik nengoela, ezizenak jarri nizkien zaindariei, barregarri utzi eta haien anonimatua desagerrarazteko. Nire gogokoenari Ergela jarri nion... bizirik jarraitzeko bahitutakoon erreflexua, badakizu...».

Geroztik jihadismoan aditu eta kontseilari bilakatu den kazetari beteranoari kasu eginez, John Cantlie gerra berriemaile edo correspondant de guerre eta «Rock-and-roll zale amorratuari» bururatu zitzaion Beatles ezizena jartzea.

Nola edo hala, eta nahita edo nahi gabe, jihadismoaren mundu mailako sinbolo bihurtu zen taldea.

“Beatles” taldearen momenturik “gorenean” izugarrizko erreputazioa zuten Estatu Islamikoaren kalifa herrian. «Haien metodo sadikoek ez zuten mugarik: gurutzatzeak, jendea uretan itotzea, exekuzio itxurak egitea», azaldu dute Anne Speckhard eta Ardian Shajkovc-ek Koteyri (Ringo) Rojavako ziegan egin zizkioten elkarrizketen ondoren. «Bizirik atera zirenek pistolak lokian, eztarrian sableak, kolpeak, argindarrarekin torturak gogoratzen dituzte», gaineratu dute Bortxazko Estremismoaren Ikerketarako Nazioarteko Zentroko bi adituek.

Sona handia Estatu Islamikoan

Krudelkeria horrek sona eman zien Estatu Islamikoaren barnean. «Kalifa herriko indar bereziak zirela uste zuten», gogoratu du Nicolas Heninek: «Hain handia zen haien harrokeria, uste sendoa, gureganako mespretxua eta indarkeria grina, guztiz harrituta geratzen baitzinen», gaineratu du.

Abou Mohammad al-Adnani Estatu Islamikoaren bozeramailearekin eta Abou Bakr al-Baghdadi kalifarekin berarekin harreman zuzena zuten. «Ospea ondo profitatu zuten», dio Dan Byman Washingtongo Georgetown Unibertsitatean irakasle eta jihadismoan adituak. «Kalifa herriaren hierarkian igo ahal izateko gazteak errekrutatzea inportantea zen eta bideo odoltsu horien bidez lortu zuten. Oinarrizko borrokalarien gain-gainetik zeuden», gaineratu du.

Galdera asko daude erantzunik gabe “Beatles” talde jihadistaren inguruan eta ziur asko inoiz ez dira jakingo. Bat hilda dagoelako, bestea Turkiako ziega batean eta azken biak Virginia estatuko toki sekretu batean atxilotuta, urtarrilaren 15ean hasiko den epaiketaren zain.