17/10/2020

Reportaje
BIDAIAK INORA EZ
Leku berera itzultzen diren aireko bidaia laburrak, pandemia garairako alternatiba?

Esperientziak berriro bizitzeak aske sentiarazten gaituela eta plazera sentiarazten digula diote adituek. Esate baterako, hegazkin bidai batek. Hori kontuan izanda, Asiako aire konpainia batzuk ordu batzuen buruan atera diren leku berera itzultzen diren bidaiak eskaintzen hasi dira, covid-19ak eragindako kalteak arintzeko asmoz.

GAUR8
1017_uoc1

Ez nintzen konturatu noraino sumatzen nuen bidaien falta; hegan egitearen falta nabaritu nuen, harik eta, bozgorailuan ongietorria eta segurtasun oharrak kapitainaren ahotsean entzun ziren arte», esan zuen Nadzri Harifek, Royal Brunei Airlines konpainian izan zuen 85 minutuko esperientziaz.

“Hegaldi panoramiko” bateko bidaiari baten testigantzetako bat da. Hegaldi panoramikoak edo “inora ez daramaten bidaiak” ordu batzuen buruan atera diren leku berean lurreratzen diren hegazkin bidaiak dira. «Murrizketa asko dauden garai batetik gatoz, eta zapuztuta ikusi ditugu gure aisia aukera asko, horrelako jarduera atsegin asko; horietako bat hegazkin bat hartzea izan daiteke», dio Silvia Sumell psikologo eta UOC Kataluniako Unibertsitate Irekiko Psikologia eta Hezkuntza Zientzien Ikasketen irakasle laguntzaile ohiak. «Esperientzia baten falta gogoan edukitzen denean, berriro bizitzeak hobeto sentiarazten gaitu; hegazkin bat hartzeak, buelta bat eman eta denbora laburrean leku berera itzultzeko bada ere, aske sentiarazten gaitu eta plazera sentiarazten digu, baldin jarduera hori lehen atsegingarria bagenuen», azaldu du.

Kontsumitzeko beste aukera bat

Covid-19 gaixotasunak turismoa baldintzatu eta mugatu du, eta hegazkin konpainiei nabarmen eragin die horrek. Hala ere, badirudi inora ez daramaten hegaldi horiek kontsumorako eta aisialdirako beste aukera bat direla hegaldiaren falta sumatzen duten pertsonentzat. «Oporretan ezin joateak edo ohi bezala ezin bidaiatzeak premia horiek ez direla ase sentitzea eragin dezake eta, horrenbestez, inora ez daramaten hegaldi horiek jarduera atsegingarri eta dibertigarria bihurtu daitezke», zehaztu du Sumellek.

Aukera hori aire konpainia batzuek jarri dute abian: Royal Brunei Airlines (Brunei), EVA Air (Taiwan), All Nippon Airways (Japonia) edo Qantas (Australia). «Estatu espainolean horrelako estrategia bideragarria litzatekeen zalantza handiak ditut», dio Pablo Diazek, UOCko Ekonomia eta Enpresa Ikasketen irakasle eta turismoan adituak. «Hori egiten duen konpainiak ondo neurtu behar ditu, alde batetik, hedabideetan izango duen oihartzuna dela-eta izan dezakeen eragin positiboa (balio erantsiko esperientzia batez apaindua; adibidez, chef batekin, DJ batekin edo beste edozein amurekin), hegaldiek eragindako diru sarrerak eta ibilgetutako hegazkinak berraktibatzea; baina bestetik, eta horren aurrean, praktika bitxi eta kutsagarriak direla-eta eman dezakeen irudi txarra» ere oso kontuan izan behar duela ohartarazi du adituak.

Luxu gehiagoko esperientziak

Ia hegaldi panoramiko guztiek luxuzko zerbitzuak dituzte: tokiko janariak eta opariak eskaintzen dituzte, gai dibertigarriak bilatzen dituzte, koktelak eta, hala dagokionean, urtebetetze pastelak dastatzera gonbidatzen dute, eta hegazkinetik ikusten diren lekuei buruzko azalpenak ematen ditu kapitainak. Gainera, ibilbidea ohi baino beherago egiten dute, bidaiariek ikuspegia miresteko aukera izan dezaten eta, aldi berean, lehen ez bezala egiten dute hegan; horrela, zerbait berria bizitzeko aukera dute.

«Bidaia horiek azken helmugarik ez badute ere, ohikoak bezain estresagarriak ez izateko pentsatuta daude: ez dago ilararik, hegaldi lasaigarriagoak dira eta bidaiariak beste estimulu batzuk hartzen ditu aintzat, lehen erreparatzen ez zien alderdietan jartzen du arreta –hodeietan, paisaian edo koloreetan– eta horrek sentsazio eta emozio berriak bere arretagune izateko aukera ematen dio», adierazi du psikologoak.

Hegaldi horien prezioa 450 eta 2.400 euro bitartekoa da bidaia bakoitzeko. «Argi dago hegazkinak eta tripulazioak lurrean izateak kostu batzuk dituela, eta ekimen horiek gutxieneko onarpena badute, nolabait berdindu litezke, neurri batean behintzat, nahiz eta ikuspuntu ekologikotik enpresaren irudia arriskuan jar daitekeen», azpimarratu du Diazek.

«Oihartzun mediatikoa gorabehera, komenigarriagoa da bitxikeria gisa hartzea, noizbehinkako publikoa izan dezakeena, baina ez praktika erregular gisa», dio Diazek. Hala ere, besterik da gertatu dena, esate baterako, Australian joan den astean. Qantas aire konpainiak zazpi orduko hegaldia jarri zuen salgai. Bidaia horretan, herrialde hartako hainbat lekuren gainean egiten dute hegan, eta txartelak hamar minutu igaro baino lehen agortu ziren. «Asko bidaiatzen duen pertsona batek bidaiatzeko esperientziaren falta sumatzen du, esperientzia horrek berekin dakarren guztia; ez hainbeste bidaia bera, baizik eta hegaldia bidaiaren esperientziaren parte zirraragarri gisa ulertzea», azaldu du Sumellek.

Eta ingurumen kontzientzia?

Baina praktika horrek bi alderdi ditu. Izan ere, haren inpaktu ekologikoa handia da, abiazio komertzialeko hegaldiak garraiobiderik kutsagarrienetakoak baitira, bai eta ingurumenari kalte handiena egiten diotenetakoak ere. «Ez hori bakarrik», dio Diazek, «gainera, praktika hori pandemia baino lehenagoko joeren kontrakoa da. Joera horietako bat, esate baterako, ibilaldi laburreko hegaldiak kentzea izan da; abiadura handiko trenbideen bidezko lotura dagoen Europako hiriburuen arteko ordubete eta ordu eta erdi bitarteko bidaiak, alegia. Joera horien isla izan da, halaber, zenbait mugimendu ekologistak, hala nola flygskam edo “hegan egiteko lotsa” sustatzen duen mugimendua, ingurumen kontzientzia zuten zenbait herrialdetako biztanleriak ondo hartzen zuena, batez ere Eskandinaviako eta Europa erdialdeko zenbait estatutan. Oraingoz, sare sozialetan kritikak areagotu egin dira itxuraz beharrezkoak ez diren hegaldi horien aurrean, eta konpainia batzuek haien eragina arintzeko karbono ordainak egiteko aukera aztertu dute, edo, bestela, emisio gutxiago sortzen dituzten hegazkinak erabiltzea.

«Murrizketa asko dauden garai batetik gatoz, eta zapuztuta ikusi ditugu gure aisia aukera asko, horrelako jarduera atsegin asko; horietako bat hegazkin bat hartzea izan daiteke»

Praktika horren inpaktu ekologikoa handia da, abiazio komertzialeko hegaldiak garraiobiderik kutsagarrienetakoak baitira, baita ingurumenari kalte handiena egiten diotenetakoak ere