Amagoia Mujika Telleria
IKUSMIRA

BEHIN ESAN ZIGUTEN

Behin esan ziguten denok musukoarekin ibili beharko genuela eta barre egin genuen. Behin esan ziguten gehienezko lagun kopurua aukeratu beharko genuela eta flipatu egin genuen. Behin esan ziguten egunak egunean bizi beharko genituela, orain kalean eta geroago etxean derrigor egon beharko genuela eta erotuta zeudela pentsatu genuen. Behin esan ziguten dagoeneko astebururako planik ezingo zela egin eta haizea hartzera bidali genituen. Eta orain hemen gaude, gaur PCR bat eta etzi beste bat, zomorro bat dabilkigulako bueltan-bueltan. Eta zer egingo diogu ba, gure aurpegirik onena erakutsi eta aurrera egin, uzten dizkiguten askatasun tarteetan arnasa hartuz. Bizitzen ari garena ez baita denbora galdua, orain artekoaren desberdin disfrutatu behar den denbora baizik. Amagoia Mujika Telleria