Arantza Irastorza Goñi
UPV/EHUko Donostiako Informatika Fakultateko irakasle eta ikerlaria

Software e-ingeniariak

Webgune bat bisitatzen den aldiro, eskuetan mugikorra dugunean, anbulatorio, banku edo trafikoko tramite bat egiten dugunean, software ingeniaritzaren produktu batekin elkarrekintzan ariko gara. Ingeniaritza elektrikoa, industriala eta mekanikoa produktuak sortzeaz arduratzen dira, ondo zehazturiko metodo eta teknika zientifikoak aplikatuz betiere. Software ingeniaritza ez da gutxiago, eta ingeniaritzaren adar horren helburua softwarea garatzea da, ondo definituriko metodo zientifikoak eta prozedurak aplikatuz. Softwarea bera programa kode soila baino askoz gehiago da: betekizunak, diseinua, interfazeak eta abar. Horrez gain, sortutako software produktuak eraginkorra, mantentzeko modukoa eta fidagarria izan behar du. Ingeniaritza jardun horretan programatu egin beharko da, baina horretara iritsi aurretik eta ondoren beste hainbat lan ere egin beharko dira.

Garatu beharreko aplikazioen erabiltzaileak izango direnen betekizunak edo beharrak bildu eta analizatu beharko dira, problemaren eremua edo domeinua modelatu beharko da, erabiliko diren datuak bilduko dituzten datu baseak diseinatu egin beharko dira, eta programen kodeketa egin baino lehen zein diseinu patroi aplika daitezkeen ere aztertu eta erabaki beharko da. Interfaze grafikoen diseinurako gomendioak ere erabiltzaileekin aztertu eta aplikatu egin beharko dira. Beharretatik diseinurako eta garapenerako arrastoa ere mantendu beharko da. Eta kodeketa prozesu guztian zehar sortutako kodea testatu egin beharko da, hots, burututako garapenak betekizunek eskatu bezala funtzionatzen duela frogatu. Eta aurrekoak gutxi ez balira, aplikazioen artean egon daitezkeen antzekotasunak kontuan hartuta, aurretik egindako garapenak nola berrerabili ere aztertu beharko da. Batzuetan, garapen berri batean, berrerabili egingo dira lehendik egindako software osagaiak, eta, beste batzuetan, aplikazio bat garatzean horren osagaiak gerora beste garapen batzuetan berrerabiliak izango direla kontuan hartu beharko da eta horretarako prestatu. Berrerabileraren gaia oso lotua dago softwarea sortzeko paradigma berriekin, zeintzuen helburua softwarea modu automatikoan sortzea izango baita. Hortaz, zenbait arlotan, antzekotasunak izan arren aldaerak erakusten dituzten aplikazio asko dauzkaten arloetan (esaterako, trenetarako edo medikuntzarako sistemetan), softwarea sortzeko gai izango den softwarea diseinatu eta garatu beharko dute ingeniariek. Hori beste erronka bat izango da.

Aurretik aipaturiko lan mota horiek gauzatu beharko ditu software ingeniariak eta horretarako zenbait gaitasun edo abilezia landu beharko ditu, ezinbestekoak diren gaitasun teknikoez gain, hala nola arazoen aurrean soluzioa bilatzeko erronkari ekiteko prestasuna, haien betekizunak biltzeko bezeroekin komunikatzeko abilezia, arazoak modu antolatu eta zorrotzean aztertzen eta xehetasunei arreta jartzen jakitea, talde lanean aritzeko, lantaldeak zuzentzeko eta norberaren lan karga kudeatzeko gaitasuna izatea (sistema konplexuen garapena, garatzaile askoren parte hartzearekin, hilabete edota urtetan luzatu daitekeelako), eta noski, denborarekin sortzen joango diren teknologia berriak ikasteko eta trebezia berriak hartzeko prest egotea.

EHUko Informatika Ingeniaritzako Graduaren espezialitateetako bat da Software Ingeniaritza, eta graduak bezala espezialitateak ere nesken gabezia nabarmena du (nesken ehunekoa azken urteetan %10ekoa baino ez da izan, batez beste). Arazoak nazioarteko maila du, eta zenbait talde antolatzen hasiak dira software ingeniaritza emakumeek egin dezaketen (eta egiten duten) lana dela erakusteko, emakumeek teknologian (software ingeniaritzan) zer egiten duten azalduz. Gurean ere datozen hilabeteetan erronka horri ekin beharko genioke, gure ingururik hurbilenean softwarea garatzeko emakume ingeniariak (e-ingeniariak) agerrarazteko, gure gaztetxoen erreferente eta eredu izan daitezen. Izan badira eta! •