Josep Solano
TXINA: HIZKUNTZEN JAZARPENA ESKOLETARA

Ehundik gora hizkuntzaz eta dialektoz osaturiko mosaiko aberatsa arriskuan

Txinan zinez aberatsa da hizkuntzen eta dialektoen mosaikoa. Ofizialki, Gobernuak 56 talde etniko ditu aitortuak eta ehundik gora hizkuntza eta dialekto. Horietako asko, tamalez, desagertzeko arriskuan daude Nazio Batuek ohartarazi dutenez. Arrazoiak bi dira nagusiki: batetik, hazkunde ekonomikoa eta bestetik, Gobernuak mandarin txinera lehenestea beste hizkuntzen gainetik.

Wusulitik Xuchengera, Wugiatik Heliongjiangera, Txina hizkuntza eta dialektoen mosaikoa da. Arriskuan dagoen aparteko mosaikoa da, ordea, azken urteetako hazkunde ekonomiko erraldoiaren ondorioz eta, batez ere, mandarina Txinako hizkuntza gisa legez ezartzeko Gobernuak lagundu duen kanpainaren ondorioz. Ofizialki, Txinak 56 etnia ditu aitortuak, 100 hizkuntza eta dialektotik gora, eta horietako asko desagertzear daude Nazio Batuen Erakundearen arabera.

Txinako 1.400 milioi biztanleen %90 da Han etniakoa, baina gero eta etnia gehiagok hitz egiten dute mandarina, eta etnia handienetako batzuek, hala nola Hui musulmanek, ez dute beste hizkuntzarik hitz egiten. Joera horrek baztertu eta mehatxupean jartzen ditu etnia txikiagoen hizkuntzak –tradizioz xamanikoak diren Herhen, Oroqen eta Ewenki herrienak, esaterako–.

Ez da hori Txinak nazioartean saltzen duen irudia. Munduari bere etnia eta gutxiengo nazionalen alde kezkatzen dela esaten dio, behin eta berriz, adibidez NBEko Giza Eskubideen Kontseiluan. Hantxe aurkeztu zuen “Pertsonen zoriontasuna helburu: 70 urtez giza eskubideak aurreratzen” izenburuko liburu zuria, eta han idatzi zuen Pekinek gutxiengo etnikoen eskubideak zaintzen dituela, are bermatzen dituela eta, hain zuzen, horren erakusgarri direla etnia ofizial guztiek Herri Biltzarrean eta Txinako Herriaren Aholkularitza Politikoko Batzordean dauzkaten ordezkaritzak.

Diskurtsoa vs errealitatea

Estatuak dio etnia horien askatasuna osoki babesten duela, badutela beren hizkuntza mintzatuz eta idatziz garatzeko eskubidea, legez babesten duela etnia horien lurraldeetan haien hizkuntzen erabilera, epaileen aurrean, prentsan, irratian, zineman eta irakaskuntzan. Txinak dio hilzorian dauden hizkuntzen datu basea osatu duela eta Txinako hizkuntza ondare eta baliabide guztien babeserako programa bat garatzen ari dela. Baina, propagandak dioenaren kontra, Alderdi Komunistaren estrategia da, apurka-apurka, mandarinak hizkuntza gutxituak ordezkatzea. Gobernua hasia da mandarinaren mesedetan beste hizkuntza batzuk ordezkatzen, hala nola uigurrera, tibetera eta mongoliera, Tibet, Xinjiang eta Barne Mongolia lurralde autonomoetan.

Xi Jinping boterera iritsi aurretik hizkuntza gutxituekiko errespetua erlatiboki zaintzen zen arren, presidentetzara iritsi geroztik gauzak aldatzen hasi ziren, azkar, zeharo. Txinak “bigarren belaunaldiko” ikuspegi berri bat landu zuen, sobietarrek ezarritako sistemaren oinarria –etniei haien lurraldeetan autonomia maila bat eman eta hizkuntzaren eta kulturaren babesa bermatzea– aldatzen zuena: “arragoa” kontzeptuaren ikuspuntu berri bat, Han kulturan asimilatzea lehenesten duena. Politika horien helburu aitortua patriotismoa da, nazioari eta Alderdi Komunistari zor zaion leialtasuna indartzea. Arazoak, ordea, mandarina eta Han etnia nagusi ez diren lurraldeetan gertatu dira, sarri politika berri horiek indarrez eta beldurra zabalduz ezartzen baitira.

Tibet, errepresio gordinagoa

Himalaiako herrialdea militarki konkistatu ondoren, Txinak 1959. urtean aldebakar anexionatu zuen Tibet, eta ordutik burdinazko ukabilaz gobernatu du Pekinek. Lurralde hartako azken berriek diotenez, Ameriketako Estatu Batuetako Estatu Departamentuaren arabera betiere –eta hori ez da sekula datu neutrala–, Txinak indarrez azpiratu ditu tibetarren bizimodua eta usadioak, lau ardatzeko politika bati jarraituz: tradizionalki tibetarrenak ziren lurretara Han etniako txinatarren mugimendua bultzatzea; txinatarren turismoaren industria eskualdeotan errotzea; nekazari eta nomada tibetarrak bortxaz lekuz aldatzea; eta, azkenik, tibetar hizkuntzaren irakaskuntza ahultzea eskoletan, eta erlijioarena monasterioetan.

Gobernuz Kanpoko Erakunde globala da Human Rights Watch. Ikertzen eta defendatzen dituen giza eskubideen inguruko kasu eta kausak bere egiten dituzte NBEko hainbat batzordek. Bada, martxoko txosten baten arabera, Gobernu txinatarra tibetera debekatzen hasi da haur eskoletan, eta, horrela, Txinako Konstituzioaren agindua ari da urratzen: gutxiengoen eskubideak aitortzea eta nazioarteko obligazioak betetzea.

Moral bikoitz eta hizkuntza tranpati baten adibide, Txinak haurtzaindegi eta haur eskola «elebidun» derrigorrezkoak ezarri ditu. A priori umeak elebidun izatea gauza ona da, eta itxura batean hori egin nahi du Pekinek. Baina Txinan eskolak hiru urterekin hasten dira eta umeak txinera mandarinean murgiltzen dituzte, ikasgeletan tibeteraren aztarnarik izan gabe. Are gehiago: Tibeteko eskolak tibetera hitz egiten ez duten Txinako beste eskualdeetatik ekarritako irakasleekin ari dira betetzen, eta, horrela, umeei eskolan haien ama hizkuntzan hitz egitea eragozten diete, edo izugarri zaildu. Pekinen azken helburua ezaguna da: haur tibetarrek eskolako lagunekin mandarinez hitz egitea, ez tibeteraz. Horrela bultzatzen da hizkuntza baten ordezkapena.

Izan ere, ez da bakarrik irakasle mandarin elebakarrak Tibetera bidaltzea, hizkuntza eta kultura genozidio baterako estrategia dago abian, Txinak azken 50 urteetan garatutakoa.

Beste neurri askoren artean, irakasle tibetarrek, ikasketak bukatzeko, mandarinez hitz egiten duten Txinako beste lurraldeetara joan behar dute, irakasle tibetar orok mandarina hitz egiteko gaitasuna behar baitu derrigor. Horrela eratu nahi dira ikasle tibetar eta ez-tibetarren arteko “ikasgela mistoak”, txinera izateko hizkuntza nagusia; landa eremuko eskolak itxi eta herri handiagoetara eraman nahi dira, ikasleak mugitzera behartu eta haien familietatik eta tibetar hizkuntza eremutik urruntzeko, besteak beste.

Txinak Tibeten ezarri nahi duen irakaskuntza ikuspegi berri hori 2014. urtean hasita Alderdi Komunistak gutxiengo nazionalak asimilatzeko egin zuen plan baten osagaia da. «Nahasketa etnikoa» esaten dioten politika bultzatu dute, nazio eta etnia minoritarioek kultura txinatarrarekin bat egin dezaten. Eta beldur dira Tibeten, oso beldur, laster Tibeten eskola guztiak hizkuntza bakarrean, mandarinez, ematera derrigortuko dutelako.

Aspaldiko erresistentzia

Aipatu Human Rights Watch erakundearen txosten berean oharpen bat ere egiten da: mandarina Tibeteko eskoletan inposatzea Txinako eskualde eta nazioen autonomiaren inguruko 2001. urteko legea ezeztatzea litzateke, herri minorizatuetako eskoletan «posible den neurrian, beren hizkuntzetan argitaratuko liburuak erabili eta irakasgaiak hizkuntza horietan eman beharko dira» dioen araua. Horrez gain, Pekinen praktika horiek nazioarteko zuzenbidea urratzen dute, zehazki NBEren Haurren Eskubideen Gutuna, duela 30 urte Txinak berretsitakoa, eta, besteak beste, hau dioena: «Gutxiengo nazional bateko haur bati bere hizkuntza propioan hitz egiteko eskubidea ez zaio inoiz ukatuko».

Tibetarren erresistentzia aspaldikoa da Txinaren asimilazio asmoen aurka eta beraien hizkuntza eta ohiturak babestearen alde. 2015eko bukaeran, “The New York Times” egunkariak zabaldutako bideo batean, Tashi Wangchuk enpresaburu tibetarrak ofizial eta arduradun txinatarrei hizkuntza tibetarra laguntzea eskatzen zien. Atxilotu eta bost urteko kartzela zigorra ezarri zioten, «separatismoa» leporatuta. Baldintza horietan ere, tibetarrek jarraitzen dute Txinaren hizkuntza politika kritikatzen. Eta aipatzekoa da beste datu hau: tibeteraren kontra aritu zen Alderdi Komunistako eskualdeko idazkari ohia, Chen Quanguo, Xinjiangera bidali zuten eta 2016tik uigur gutxiengoaren kontrako errepresioa zuzentzen du.

Terrorismoaren aitzakia

Gauza asko aldatu dira 1949ko urriaren 13an uigurrek beren hizkuntzan idatzitako kartelekin eta beren jantzi tradizionalekin Armada Gorriari ongi etorria egin ziotenetik. Armadak uigurrera ikasi zuen, kaleak garbitu zituen eta Gobernuak eskumen autonomiko zabalak ematea hitzeman zuen. Nahiz eta errealitatea oso bestelakoa izan, paperean behintzat 1955eko urriaren lehenaz geroztik eskualde uigurren autonomia ezarri zen. Bestalde, uigurrera 1966. eta 1976. urteen artean Maok bultzatu zuen Iraultza Kulturalaren jopuntuan egon zen.

Uigurren hizkuntzak urrezko aroa bizi izan zuen 1980tik 2001era, baina orduz geroztik uigurrera modernitatearen «etsai» bilakatu zen. Mandarina zen modernoa eta ahalguztiduna, uigurrera, berriz, pentsamendu tradizionala eta atzerakoia. Mandarinak gain hartu zion uigurrerari immigrazioaren hazkundearen eskutik. Xinjiangeko Han populazioa %3 baino ez zen 1950eko hamarkadan; hiru hamarkada geroago, %43. 1980ko hamarkadan uigurrak gutxiengo bilakatu ziren beren lurraldean, eta horrek erabat baldintzatu zuen eskualde hartako egoera sozial eta linguistiko guztia.

New Yorkeko Dorre Bikien aurkako erasoek ez zuten bakarrik mundua aldatu, herri uigurraren patua ere aldatu zuten neurri handi batean. Txinak nazioarteko terrorismoaren aitzakia erabili zuen, uigurren erakundeak «talde terrorista» izendatzeko. Horrez gain, Txinak etniekiko politika errotik aldatu zuen uigur herriaren eta haren praktika kulturalen aurka egiteko. Nazioarteko terrorismoaren kontrako gerra abiatu zenetik, Txinako agintariak terrorismo horren biktimatzat aurkeztu ziren. Zer diren gauzak! Une berean –gaur egun jada dokumentatua dago– «berreziketa esparruak» eraikitzen hasi ziren.

Uigurrera unibertsitateko eskola guztietatik desagertu zen eta mandarina sartu zuten eskualdeko ikastetxe guztietan. 2003. urtean intelektual uigurrek beren hizkuntza goi irakaskuntzan eta administrazioarekin izan beharreko harremanetan mantentzea eskatu zuten. Eta zabaldu zuten oharpenaren arabera, hizkuntzaren eta kulturaren aurkako jazarpenak Txinako Gobernuaren eta Alderdi Komunistaren kontrako erremina sortuko zuen eta Pekinek bultzaturiko «harmonia etnikoaren» politikarentzat kaltegarria izango zen.

Familien banaketa

Egun, mandarina transmisio hizkuntza da sistema «elebidunean» eta hizkuntza horretan ematen dira eskolak, ia guztiz. Urtero, hamarnaka mila ikasle uigurri, eta beste gutxiengo batzuetakoei ere, finantzaturiko plazak eskaintzen zaizkie Han gehiengoa duten Txina barnealdeko eskualdeetako barnetegietan. Eta pobreturiko uigur familia askok beren seme-alabek aurrera egiteko aukeratzat ikusten dute, baina esparruok Han kulturaren balio tradizionalak sartzeko bide bat ere badira.

Chen Quanguok gidatzen duen Xinjiang eskualdeko gobernuak ez du bakarrik familien banaketaren alde egiten seme-alabei etorkizun hobe bat eskaintzeko aitzakiapean. Azken urteetan asimilazioa bultzatu du, gupidarik gabe, eta familiak beren seme-alabetatik banantzea normaldu. Masa internamenduko programek guraso gabe utzi ditu uigur gutxiengoko ume asko. Agintariek umezurztegi eta barnetegi sare handi bat eraiki dute, ume uigurrak Han eremuetan atxikitzeko, ama hizkuntzarekin eta kulturarekin harreman guztiak etenda.

Xinjiangen agerikoak dira uigurreraren desagerpenaren frogak. Uigurren idazkera desagertu da agertoki publikotik eta apenas ikus daiteke paretetan. Jolastokietako karteletan, aldiz, soilik «hizkuntza nazionala» hitz egin daitekeela ohartarazten da. Are, Txinako agintariek beraiek hizkuntza aldatu egin dute: lehen mandarina izendatzeko gehien erabiltzen zen “Han hizkuntza” terminoa aldatu eta “hizkuntza nazional” esamoldeak hartu du haren lekua.

Mongolia, azken matxinada

Publikoaren jakinera iritsi den azken gatazka linguistikoa Barne Mongoliako eskualde autonomoan gertatu da, Txinako iparraldean. Barne Mongoliako Irakaskuntzako Bulegoak dekretu bidez aldatu du eskoletako transmisio hizkuntza: mongolieraren ordez mandarina ezarri da ikasgai garrantzitsuenetan, hala nola Hizkuntza eta Literatura, Historia eta Morala eta Legearen Inperioa ikasgaietan. Mongolierako testu liburuak Txina osoan balio duten mandarinezkoekin ordeztu dituzte.

Dekretua iragarri bezain pronto, milaka mongoliar kalera atera ziren protestatzera, mongoliera bere sorterrian arrotza egiteko Pekingo Gobernuaren saiakera salatzera. Izan ere, ezinezko egin nahi zuen Gobernuak mongoliarren jatorri nomada eta hizkuntza zaharra gorde eta zabaltzea.

Protesta gisa familia mongoliar askok beren umeak ez zituztela eskolara eramango iragarri zuten, mongoliera Barne Mongolian transmisiorako hizkuntza gisa berrezarri arte. Hala ere, dekretuak babes zabala jaso zuen eskualdeko Han etniaren partetik, izan ere, Gobernuaren alde egonik, dekretua babestu zuten txinatar nazionalitate komun baten izenean.

Nazio Batuen ardura ere bada

Human Rights Watch erakundeak adierazi duenez, Txinan gertatzen ari den giza eskubideen urraketa, bereziki Xinjiang eta Tibeten, bere irismena, eskala eta intentsitatea kontuan hartuta, ez da Txinan ikusi Iraultza Kulturalaz geroztik. Irakaskuntza politikorako barnetegi eta esparruak ugaltzeak erakusten digu Pekinek erabaki irmoa duela herri eta kultura horiek epe ertain edo luze batean nahieran aldatzeko.

Begi bistakoa da, halaber, Txinak ez duela bere jokabideagatik ordain politiko garestirik espero, bere pisu eta influentzia globalak kritikatik libratu dutela, eta, NBEko Segurtasun Kontseiluko kide iraunkorra denez, bere aurkako nazioarteko ekintzarik ez duela aurreikusten, ez zigor ekonomikorik, ez eta Nazioarteko Zigor Auzitegiaren aurrean aurkeztea ere.

Baina, bestalde, Txinari kargu hartzeko dauden eragozpen politikoak direnak direla ere, horrek ez ditu Nazio Batuak eta beste gobernuak herri horien kausak, hizkuntzak eta kulturak defendatzeko eta giza eskubideak babesteko ezgaitzen.

Nazio Batuek ez badute neurririk hartzen herri minorizatu horiek pairatzen duten jazarpenaren aurrean, beste batzuek hartuko dituzte, beste modu batzuetan.