Isidro Esnaola

Ongizate estatua indartzeko aurrekontuak behar dira

Erakunde guztietan aurrekontuen eztabaidan murgilduko dira laster. Espainiako Gobernuak dagoeneko aurkeztu du bere proiektua, eta, ondoren, Nafarroako eta Lakuako gobernuenak agertuko dira; geroago, aldundienak eta udalenak. Aurten asko dugu jokoan eztabaida horretan, izan ere, denbora luzean lehen aldiz, bertan behera geratu dira aurrekontuak murriztea behartzen zuten arauak. Eta hori aprobetxatzea oso garrantzitsua da, aurrekontu publikoen bilakaeran inertziak pisu handia duelako.

Aurrekontuen inertzia, fisikaren inertzia bezalakoa da: pisua handitzen doan neurrian, mugimendua gelditzea gero eta zailagoa da. Administrazioaren sail handienek eta programa garrantzitsuenek hazteko joera dute: langile asko izaten dituzte eta proiektu franko eramaten dituzte aurrera. Sail handi horietan, behin egitasmo bat amaituta, berehala agertzen da aurrekoari segida ematen dion beste bat. Beraz, sail horiek oinarri handi bat izaten dute abiapuntu baina funts gehiago eskatzen dituzte etengabe. Aldiz, programa eta sail txikiagoek ez dute inolaz ere ahalmen berdina baliabideak jasotzeko: euren programak ez dira inoiz lehentasunen artean kokatzen eta horrela zaila izaten da ohiko prekaritatetik ateratzea. Azkenean, administrazio publikoaren egiturak etengabe errepikatzeko joera du eta inertzia hori aldatzea oso zaila izaten da.

Horregatik, ongizate estatua desmuntatzeko asmoz, zorroztasun fiskaleko arauak asmatu zituzten. Banatzeko baliabideak murriztu diren neurrian, sail handi horiek –gehienak ongizate estatuarekin lotuak, hezkuntza, osasuna, pentsioak eta abar– ez zuten aurreko egoera errepikatzerik, eta, ondorioz, ahultzen joan dira. Pandemia honetan argi ikusi dugu noraino dauden anorexiak jota. Hala ere, aurten hutsuneak betetzeko aukera izan dutenean, ez dute neurri zuzentzaileak hartu, esate baterako, langile gehiago kontratatu, ratioak berrikusi, baliabide eta azpiegiturak zabaldu... Zuhurkerietan ibili dira eta, azkenean, pandemiak berriz indarra hartu du. Bestelakoa da Txinaren adibidea eta emaitza. Qingdao hirian positibo pare bat agertu zirenean, hiri osoari egin zioten proba: 9 milioi test 12 positibo atzemateko. Horrela bai mozten da birusaren zabalpena, baina horrek baliabideak eta Estatu indartsu bat eskatzen ditu. Hemengo agintariek (eta Europakoek), baina, ez dute ongizate estatua berriz indartu nahi. Horregatik, apurrak besterik ez dituzte gastatu nahi pandemiari aurre egiteko.

Azkenean, sektore publikoak eskainitako zerbitzu kaxkarrak pixkanaka jendea sektore pribatura jotzera bultzatuko du: pentsio planak direla, mediku aseguruak direla… Hori da buruan duten estrategia eta horregatik gaude gauden moduan. Estrategia hori aldatzen hasteko ezinbestekoa izango da datorren urteko aurrekontuetan ongizate estatuaren aldeko inbertsioak lehenestea, baina ez hitzetan, zenbakietan baizik. Ezinbestekoa izango da sektore publikoak kontratazio berriak egitea hezkuntzan eta osasungintzan, baliabideak eskaintzea. Ezbairik gabe, hori izango da borroka nagusia.

Pandemiarekin konturatu gara atzean dugun babes nagusia eta bakarra Estatua dela. Gizartea eusten duena ez da sektore pribatua –horiek ere azkar jarri dira Estatuaren alboan–. Eta Estatua mantentzeko, baliabideak behar dira; burujabetza ere derrigorrezkoa da. •