Amagoia Mujika Telleria
Entrevista
Uxue Alberdi estibaritz
idazlea eta bertsolaria

«Liburuak azaltzen du nola eraikitzen den emakume bat, nola bihurtzen den gizaki libre bat emakume»

Euskarazko saiakerari dagokion Euskadi Literatura Saria irabazi berri du. Bigarrena da; 2016an, «Besarkada» lanagatik, euskarazko haur eta gazte literaturako saria jaso zuen. Sariak bere azken lana eskuartean duela harrapatu du, «Dendaostekoak» liburua.

Bere azken lana, «Dendaostekoak», argitara atera berritan etorri zaio Euskadi Literatura Saria «Kontrako eztarritik» bere aurreko lanagatik. Eta biak korapilatu zaizkio, plazan jendaurrean dabiltzan emakumeen ahotsa eta dendaoste batean itzalxeago dabiltzan emakumeena.

Zorionak. «Kontrako eztarritik» lanagatik eman dizute euskarazko saiakerari dagokion Euskadi Literatura Saria.

Sorpresa eta poz handia sentitu ditut, jakinagatik sariek bere baitan daukatela tranpa, ez baitut sinisten justizia egiten dutenik. Batzuek esaten didate «merezita» eta ez diot horri uko egiten, baina beste batzuek ere merezita edukiko luketela badakit.

Hori esanda, izugarrizko poza sentitu dut liburu hau aitortua izan delako eta eskertza handia testigantzak eman dituzten bertsolariekiko. Iruditzen zait testigantzak gutxietsi egin ohi direla, ez direla politikotzat jotzen, subjektibotasunaren izenean. Badirudi idazleak, kasu honetan nik, ematen diela zentzu politikoa testigantzei eta ez dut uste horrela denik. Nire lana sailkatzea eta izendatzea izan da, baina hamabost bertsolari horien testigantzek berez daukate eduki politikoa eta intentzioa, neuk eman gabe. Ilusioa egiten dit norbaitek esaten didanean “Kontrako eztarritik” laneko ahotsek balio izan diotela hausnartzeko. Jardun eta ofizio askotako emakumeen mezuak iritsi zaizkigu esanez «hauxe da gurean gertatzen dena eta balio digu». Tresna bezala balio duela ikusteak pozten nau eta baita bertsolaritzatik kanpoko bost epailek tresna horri taxua ikusi izanak ere. Bertsolaritza oso gauza partikulartzat joa da eta arriskua dago geure mundutxoari bakarrik dagokion liburutzat hartua izateko. Nire asmoa bazen leiho bat irekitzea bertso sisteman, eta behatxulo bat beste edozein sistematan, bertsolaritzaren bitartez.

Irakurri ez duenarentzako, nola definituko zenuke «Kontrako eztarritik»?

Testigantzetan oinarritutako saiakera bat da. Liburuan 22 mekanismo izendatu eta azaltzen dira, hamabost bertsolari emakumeren bizipenetatik abiatuta. Emakumeon mintzo publikoa eta mugimendu marjina menosten, murrizten, oztopatzen duten 22 mekanismo erakusten dira liburuan. Liburuak azaltzen du nola eraikitzen den emakume bat, nola bihurtzen den gizaki libre bat emakume; akatsa barneratuaraziz, protagonismoa zigortuz, hipersexualizatuz, desexualizatuz, gizonen begiradatik irakurriz, aitakeriaz, infantilizazioz... Liburuaren tesi nagusia honakoa da: badago sistema bat zeinak produzitzen eta birproduzitzen dituen emakumeak eta gizonak kategoria sozial modura eta elkarren arteko botere harremanak definitzen eta sortzen dituen. Badago sistema bat hainbat patroiren bitartez –kasu honetan 22 identifikatzen dira– gizakia emakume bihurtzen duena. Sistema horrek berak hainbat mekanismo dauzka gizakia gizon bihurtzeko. Horren negatiboan ikus daiteke nola eraikitzen den beste partea ere, gizonarena.

Apustu garrantzitsua izan da. Zu bertsolaria zara, bertso mundua zure etxea da.

Beldur handiarekin egin nuen, zigortua izateko beldurrarekin, aitari bizarrak ukitzen dizkion alabaren sentsazioarekin. Nik uste dut oso beldurtia naizela, baina normalean egiten dudala sinisten dudan horren alde, beldur eta guzti. Aspalditik sentitzen nuen lehen aipatu dudan leihoa zabaltzeko beharra. Hainbat urtetan saiatu gara gauzak eraldatzen, proposatzen, eztabaidatzen… eta hor jarraitzen dugu. Hala ere, liburu hau bertso munduaren barruan argitaratzea ezinezkoa zela ere bagenekien. Nik nahi nuke bertsolaritzak herrigintzatik bai, baina artetik eta analisitik ere egitea irautera, eta iruditzen zait horretarako irekita egon behar duela eztabaida artistikoetara eta harremanetan beste kultur alorretan gertatzen ari diren eztabaidekin.

Gure sistema oso barrura begira antolatuta daukagula iruditzen zait. Horrek biziraupen bat eta autonomia bat ematen digu, horrek ahalbidetu ditu hainbat gauza, baina, aldi berean, gauza batzuk eztabaidatzeko lekurik ez dago, oso-oso antolatuta dagoelako zertaz, non eta zein pausoren bitartez hitz egin behar den. Nik liburu hau idazle bezala idatzi dut eta ezin dut idatzi neure buruari pentsatzeko askatasuna eman ezean.

«Kontrako eztarritik» lanak zeresan handia eman du, ertz askotan gainera.

Bai, jende asko gerturatu zaigu, asko bertso mundukoak eta beste asko bertso mundutik kanpokoak: kazetariak, aktoreak, abeslariak, kirolariak, suhiltzaileak... Hainbat arlotako emakumeek aipatu digute, eta baita gizonek ere, esanez beren jardunetan naturaltzat edo txikikeriatzat jotzen diren bizipen asko elkarrekin pilatuta ikusteak, sistema baten barruan ordenatuta ikusteak, lagundu diela zapalkuntza ulertzen. Liburuak zerbait mugitu du, ea orain “zerbait” hori bideratzen asmatzen dugun eta gai garen dagozkigun ardurak hartzeko eta proposamen eraikitzaileak egiteko, bakoitza bere posiziotik.

Bertsolaritzari begiratzeko toki berri bat proposatu duzue liburuan.

Orain arte bertsolaritzari buruz teorizatu duten liburuetan ardatz horiek ez ziren agertzen. Bertsolaritza irudikatu izan da jardun dialektiko bat bezala, generorik, gorputzik ez bageneuka bezala, burutik burura, bertsolaritza testuan bakarrik balego bezala. Baina gorputz osoarekin egiten dugu bat-bateko bertsolaritza, gorputz horiek irakurriak dira, semiotika bat sortzen duten beren artean... beharra hortik zetorren.

Hausnartu nahi nuen nola eraikitzen eta deseraikitzen den bertsolariaren autoritatea testutik kanpo. Gure arazoak ez dira teknika batekin ezin moldatua, gehiago da posizio bat aurkitu ezina, eta horrek ez dauka zerikusirik hamar-zortziarekin edo arrazoi onak botatzearekin. Emakumeon ahotsak jendartean daukan tokiarekin eta funtzioarekin du zerikusia, esan dezakegunarekin eta esan ez dezakegunarekin. Andreon ahotsari jartzen zaizkion mugekin eta zigorrekin. Mekanismo multzo ikaragarria dago martxan isil gaitezen, eta hitz egitekotan, neurriz, abegikor eta bigun aritu gaitezen.

Sariaren berri iritsi da justu zure azken lana, «Dendaostekoak», argitaratua izan denean.

Bai, bitxia da. “Kontrako eztarritik” liburuari buruz hitz egiten ari naiz bertsoaren plaza ia geldirik dagoenean. Orain hain da prekarioa bertsolaritzaren egoera kasik lotsagabea baitirudi liburuari buruz hitz egiteak, nahiz eta genero desberdinkeria pandemia bera zeharkatzen duen errealitatea izan eta horri buruz hitz egin behar den. Baina egia da ez nuela espero udazken honetan liburu horri buruz hitz egiten aritzea. Nik udazken honetarako “Dendaostekoak” nuen buruan. Zirriborro nagusia eginda neukan itxialdia hasi zenerako.

«Dendaostekoak» bi ahizpen arteko elkarrizketa bizia da –zure ama eta izeba–, brodatzeko makinaren «klik-klak»-a eta jostekoaren «trrrrrr»-a entzuten den bitartean.

Bi ahotsek josten duten liburu bat da, elkarrekin, elkarrizketa bat da, baina batzuetan monologoak tartekatzen dira. Hainbat gaik zeharkatzen duten liburua da, geruzaka osatuta dagoena. Zakarretarako piltzar horiek albaindu eta bukaeran osotasun batera iritsi nahi du. Hasieran oihal zatiak erakusten dira, eta asmoa da amaieran soinekoa ikus dadila. Garai bat kontatzen du, jende modu bat, harremantzeko modu bat, lan munduari eta merkataritzari lotutako mundu bat, familiei eta giza harremanei lotutako mundu bat...

Ez da fikzioa, zure aurrekoen bizitza da.

Nire aurrekoen kontakizuna da, ez nirea. Zenbait arrisku ikusten nizkion liburu honi, batzuk errealak eta beste batzuk literaturari eta hizkuntza literarioari buruz dauzkagun ideiek, literatura serioak izan beharko lukeenari buruz dauzkagun ideiek edo mesfidantzek zeharkatuak. Nioen «kontatu nahi dudana hau da eta zergatik sortzen dizkit horrelako erreparoak hau kontatzeak?».

Beste arrisku bat zen nolako narratzaileak diren, eta zer egin behar nuen nik haien hizkuntzarekin. Nik ez dut haiek esan gabekorik idatzi, baina ezin nuen idatzi beraiek hitz egiten duten bezala.

Bi euskaldun berri dira, batzuetan akatsekin eta narras hitz egiten dutenak, hizkuntzarekin oso harreman bitxia dutenak, baina aldi berean oso interesgarria iruditzen zitzaidan euskal liburu bateko narratzaileak euskaldun perfektu jator peto-petoak ez izatea, baizik eta herri honetako euskaldun askok bezala hizkuntzarekin harreman konplexua daukatenak. Hizkuntza bat sortu behar nuen “akatsaren” neurrira eta akatsa kontagarri bihurtu. Literarioa al da hizkuntza hau? Zer da literarioa? Ezin nuen liburuko hizkuntza maila akademikora edo maila poetikora jaso, esentzia galduko luke. Narratzaileen hitz egiteko moduak islatzen du beraien izateko modua, eta baita beste jende askorena ere. Baina… nola atera hizkuntzari txinpartak kontalariaren tokia aldez aurretik gutxietsia bada?

Narratzaileek kalearen paretik kontatzen dute beren herriaren kronika soziala, politikoa, ekonomikoa... gauza oso garrantzitsuak, begirada josteko makinatik altxatu gabe bezala.

Nire ustez kontaketaren indarra hori da, ez direla batere “inportanziosoak”, batere solemneak. Solemnitatearen antipodetan egoteak ematen dio sinesgarritasuna beren diskurtsoari, xumea delako eta horregatik ederra. Ez dira bozgorailutik esandako hitzak, ez dira aldarriak, ez dira sinatuko zenituzkeen hitzak, baina porositate handiko hitzak direla esango nuke: ingurua, espazioa, jendea, gatazkak, garaiak guztiz sartzen zaizkien hitzak dira.

Merkataritza txikiaren aldeko aldarri bat ere bada. Herriaren arnasa eta taupada dira denda txiki horiek.

Nik ez dut idatzi denda txikiak salbatzeko, baina egia da proposamen guztiak, gai guztiak eta ikuspuntu guztiak direla ideologikoak. Analisirik eta teoriarik egin gabe, liburu honek erakusten dizkigu gure espazioekin, gure kaleekin, inguratzen gaituen jendearekin harremantzeko modu batzuk niretzako bizitza bizigarriagoa egiten dutenak. Azken hamarkadetan deshumanizatzaileak diren espazioak sortzen ari gara.

Liburuan erakusten diren kale horiek jende mota desberdin askorentzat daude eginak, zikinagoak dira, baina zikinak erakusten du zer ari den gertatzen. Sigmako langileak buzoarekin ateratzen direnean… ez dira zikinak, beharginak dira. Dendara datozenean bezeroak ez erostera, ezpada zerbait galdetzera, liburuak begiratzera... espazio batzuetan trabarako jendea litzateke, baina herri baten egunerokoan elkarri eusten dion jendea da, intimitate bat partekatu ez arren, komunitate bat partekatzen duen jendea. Hori desagertzen bada tristeagoak izango gara denok. Gaur egun dendaostea gero eta ezkutuago dago eta erakusleihoa gero eta ageriago. Erakusleihoak ez du uzten ikusten dendaostean zer gertatzen ari den. Guk moldatzen dugu espazioa, baina espazioak moldatzen gaitu gu. Eta harreman horri buruz pentsatzea garrantzitsua da.

Emakumeak, emakumeen egoerak, emakumeen ahotsak, haien arteko konplizitatea... Feminismoa presente dago liburuan.

Bai, bi narratzaileak feministak dira. Feminismoa beti izan da herritarra, kolektiboa, emakume taldeen ingurukoa. Liburuan erakusten den feminismoa ez da akademikoa; hiriburutik iristen diren liburuak irakurri, eztabaidatu, gauzak egin, elkarri lagundu, garaiko kezkei erantzun... kaleko feminismoa da. Ni plazan hasi nintzen arte ez nekien feminismoak gorputza nola zeharkatzen zidan eta niretzat oso garrantzitsua da detaile txikietan ikustea gure aurrekoek borrokatu dutenagatik zenbat askatasun irabazi ditugun guk.

Gure garaiko feminista askok feminismoa hasieran bakarka eta liburuen bitartez deskubritu dugula uste dut, ez hainbeste herriko talde feministei lotuta. Agian gero artikulatu gara gure artean. Beraien kasuan igurtzia bete-betekoa zen. Guk eskura izan dugu feminismoaren inguruko material akademiko mordo bat, baina beste gauza batzuetan ez dugu aurrera egin beraiek egin duten beste. Adibidez, nire adineko emakume pila batek dauzka erreparoak bakarrik korrika egitera joateko. Eta hauek, teoria handirik gabe, espazio horiek hartu zituzten. Teoriarik egin gabe, baina beren denbora librea zaintzen ari zirela jakitun, haurrei bazkaltzen eman beharrean galtzamotzak jantzi eta korrika egitera joaten ziren, bazter orduetan eta taldeka. Sekulako diskurtsoak ematen dakigun emakume askok ez dakigu hori egiten.

Egin behar bada egin.

Gauzak ondo egiteak baino egiteak berak daukan garrantzia nabarmentzen dute. Josteko orduan, adibidez, ez dute perfekzioa bilatzen, funtzionaltasuna baizik. Egin, ahalik eta ondoen. Hobeto egin daitekeela? Ba egingo dugu hobeto. Hanka sartu dugula? Atera dezagun. Narratzaile horiei indar handia ikusten diet. Gure belaunaldikoak perfekzioaren askoz biktimagoak garela uste dut.

Sekretu handietako bat denda bera delakoan nago, espazio bezala. Dendako atea irekita dago eta emakumeak lasai sar daitezke susmorik piztu gabe. Han sartu eta emakumeen mendi espedizio baten diseinuan parte hartzen dute, ia-ia oharkabean askatasuna sortuz, espazioak eraikiz. Denda den toki lurtar, xume, zapalgarri horrek ahalbidetzen du gauzak egitea. Solemnitate falta horrek baimena ematen die gauzak lasai esateko eta lasai egiteko.

Gure herriaren gatazka politikoa ere presente dago.

Nondik kontatu dugu gatazka? Kontatzen dute ETAren atentatu bat nola bizi duten… dendatik. Hamabost metrora gertatu zen, hildakoa dendako asegurua saldu ziena zen, bere alargunak parean lan egiten zuen, egunero ikusten zuten elkar. Nola kudeatzen da hori dendako egunerokotasunean? Ikuspuntu hori interesatzen zitzaidan. Edo ikastolen publifikazioaren inguruko eztabaida –eskolako materiala saltzen dute–, gatazka ekologikoa –ibaiaren biziberritzea, industrietako ur zikinak–... Dendakoa oso toki pribilegiatua iruditzen zitzaidan hainbat gertakari eta aldaketa kontatzeko. Kasu honetan, xumetasunak ematen die hitz egiteko autoritatea. Norbere lanbidea edo posizioa edozein izanda ere, gertakariek eta garaiek zeharkatu egiten gaituzte, baina toki bakoitzetik konta daitekeena diferentea da.

Narratzaileen ondorengoa zara zu. Dendaoste horrek hazten ikusi zaitu.

Nire denbora behar izan dut horri daukan balioa emateko. Beti esan izan dut aitaren alaba naizela, beti esan izan didatelako haren iguala naizela. Fisikoki aitaren antza handia daukat. Aita euskara zuzentzailea da, gramatikak egiten ditu, letren munduan dabil, zorrotza da, exijentea da, etxean aitarekin egoten nintzen, bere eskutik literaturzaletu eta bertsozaletu nintzen... badirudi nire identitatearen parte ezagunena haren irudira egina dela. Baina amaren alaba ere banaiz, izebaren iloba eta haien lagunen ondorengoa naizen bezalaxe. Haiengandik jaso dut emakume batek parranda egitea, kirola egitea, bidaiatzea, lanera joatea, iritzia ematea... arrunta dela. Nik nire buruari inoiz ez diot galdetu ea hori guztia egin dezakedan, nire aurrekoek egin dute dagoeneko. Emakume horiek transmititu didate gauzak egiteko eta esateko grina bat, pentsatzen dudana esateko premia bat. Eta baita hori guztia alaitasunari lotzeko premia ere. Nire buruari –beldur eta guzti– mugitzeko ematen diodan askatasuna haiei zor diedala sentitzen dut. Nahi badut, pentsatzen badut, nola ez dut idatziko hau edo bestea?