Gaur8
LAPURTUTAKO LURRAK

Paraguaiko militarrek eta enpresaburuek egindako lur jabetzeak berriro agerian

Ia zortzi milioi hektarea –Paraguaiko lur produktiboen herena– bereganatu zituzten militarrek eta enpresaburu handiek Alfredo Stroessnerren diktaduraren babespean. Orain enpresaburu horietako batzuk lurren okupazioen kontra agertu dira eta hainbat salaketa jarri dituzte, baina horrek bumeran efektua izan du, argitara atera baita berriro nekazari pobreei egindako lapurreta masiboa.

Zortzi milioi hektarea inguru dira Paraguaiko lurraren arazoaren erakusle, eta, aldi berean, Alfredo Stroessnerren diktaduraren herentzia.

Diktadoreak lur horietako gehienak bere aliatu politikoen artean banatu zituen eta legezkoak ziren jabeei kendu zizkien, nekazari pobreei, alegia.

Stroessnerren diktaduran (1954-1989) kendutako lur horiek berreskuratzeko aldarriak gaurkotasuna hartu du azken egunotan, hainbat nekazaritza arloko enpresaburuk hiru senatariren aurka jarritako salaketen ondorioz. Enpresek lurrik gabeko nekazarien okupazioak sustatzea egozten diete senatariei.

Baina enpresen salaketak bumeran efektua izan du, eta Egia eta Justizia Batzordeak 2008an diktadurako biktimei buruz egindako txostena argitara atera du berriro. Legez sortutako batzorde horrek egindako txosteneko atal batean iruzur bidez erositako lur eremuen zerrendak aipatzen ziren, baita erosleen izenak ere.

7.800.000 hektarea inguru dira, gehienak 1954 eta 1988 artean banatuak, eta horietatik milioi bat inguru 1989 eta 2003 artean bereganatu zituzten diktaduraren onuradunek.

Azalera hori Paraguaiko lur produktiboen %32,7 da, eta herrialde osoko lurraldearen %19,3. Egun, Paraguai da Latinoamerikako lurraren jabetzarik desorekatuena duen herrialdea, Oxfam eta beste erakunde batzuen arabera.

Aipatu zerrendan Stroessner bera agertzen da. Halaber, Andres Rodriguez jenerala, diktadura osteko lehen presidentea izan zena eta kolpe militarrean parte hartu zuena. Gainera, diktadorearen guraskidea ere bazen Rodriguez.

Eta erregimenaren sostengu politikoa zen Colorado Alderdiko buruzagiek ere nekazari pobreen lurrak bereganatu zituzten. Hala nola Stroessnerren idazkari pribatu Mario Abdo Benitezek, gaur egungo Paraguaiko presidentearen aitak, hain zuzen.

Beste hainbat militar eta enpresaburu ageri dira txostenean. Baita atzerrikoak ere. Besteak beste, Anastasio Somoza Nikaraguako diktadoreak 8.000 hektarea lortu zituen.

Iraultza Sandinistaren ondoren Somoza 1979an Paraguain errefuxiatu zen eta urte batzuk geroago hil zuten atentatu batean.

«Oparitutako lurrak»

Lurrak jabetza eskubiderik ez zuten aktoreei «oparitu» zizkieten, Lurraren Garapenerako Institutu Nazionaleko (Indert) buruan izan zen Alberto Alderetek azaldu duenez. Alderete erakunde horretan egon zen Fernando Lugoren Fronte Guasu ezkerreko koalizioko Gobernuan (2008-2012).

Haren esanetan, gertatutakoa jatorrizko prozesuaren endekapenaren ondorioa izan da. Kubako Iraultzaren arrakastaren ondoren John F. Kennedyren AEBetako Gobernuak nekazaritza erreforma proposatu zuen Latinoamerikarako. Erreforma egin bai, baina lurrak lapurtzeko erabili zuten.

«Estatu politika izan zen, modu masiboan planifikatua izan zelako eta lurrak prezio irrigarrian banatzen hasi zelako. Lur sail horietako asko birsaldu egin zituzten: prezio fiskalean erosi eta merkatuko prezioan saldu», azaldu du.

Colorado Alderdiko Nicanor Duarte Frutosen Gobernuak (2003-2008) hainbat salaketa aurkeztu zituen, legez kanpoko jokaera horien kontra. Ondoren iritsi zen Lugoren Gobernuak salaketa gehiago aurkeztu zituen lehen auzialdiko epaitegietan.

Horietatik bostek bakarrik egin zuten legezko ibilbidea, Estatuaren aurkako epaietan atzera bota baitzituzten, Prokuradoretzak salaketa horiek aurkezteko ahalmenik ez duela argudiatuta. Nicanor Aldereteren ustez Konstituzioaren aurkakoa da ebazpen hori, izan ere, Paraguaiko Lege Nagusiak berariaz izendatzen du erakunde hori ekintza horiek bultzatzeko.

Hala ere, duela urtebete Auzitegi Gorenak emandako epai batek ahalmen hori aitortu zion. Inderteko buru ohiak «itxaropen argia» dela esan du, eta bere ustez, eragin handia izan dezake. Aldi berean adierazi du erabaki horren ondorioz jarri zituztela Paraguaiko Landa Elkarteak (ARS) eta Paraguaiko Industria Batasunak (UIP) hiru senatariren aurkako salaketak.

«Botere zaharra»

Enpresarien talde horiek hiru legegile salatu zituzten, Guasu Fronteko bi eta Alderdi Demokratiko Aurrerakoiko beste bat, nekazarien legez kanpoko okupazio ekintzen aldeko eragin okerra bultzatzeagatik.

Senatariek Canindeyu departamenduko Pindo ganadutegiko lurrak bisitatu zituzten, hainbat nekazari familiaren aldarrikapenak entzuteko; izan ere, hainbat urte daramatzate lur hori okupatzen, eta desjabetzea eskatzen dute.

ARS eta UIP elkarteek salaketa jarri zuten Fiskaltzaren aurrean, eta senatariek beren inbestidura galtzea eskatu zioten Kongresuko presidenteari.

Hugo Richerrek, Guasu Fronteko bi senatarietako batek, esan duenez, «legez kanpo lur jabetzeak izan duen inpunitatearen» eta «botere zaharraren» babesean egindako trantsizio ereduaren erakusle dira ekimen horiek.

Horrez gain, lurrak berreskuratzeko Lugoren Gobernuak egindako politikak gogoratu ditu. Lugo Colorado Alderdiak Parlamentuan sustatutako epaiketa batek kendu zuen kargutik. Paraguaiko ezkerraren arabera, «kolpe parlamentario bat» izan zen.

Colorado Alderdiko buruzagi historikoa den Blas Riquelme ere Egia eta Justizia Batzordearen txostenean ageri da, iruzurrezko esleipendun gisa, bitarteko pertsona baten bidez. Hamazazpi pertsona hil ziren 2012an Estatuak eta Riquelme familiak lur batzuen harira zuten gatazkan, nekazariak kanporatu zituztenean.

Paraguaiko nekazarien egoera larritu den unean berragertu da lur lapurretaren auzia.

Nekazarien mobilizazioak

Gaur egungo Gobernuak nekazarien egoera hobetzeko akordio bat onartu zuen. Baina, hala ere, nekazariek jarraitzen dute –hainbat urtez egin duten bezala– manifestazioak egiten Gobernuari eskatzeko zorrei eta ekoizpenari buruzko akordioa bete dezan.

Hitzarmen horrek lau puntu biltzen ditu, hainbat hobekuntza gauzatze aldera: lurrak eskuratzea, kredituak birfinantzatzea eta berregituratzea, zorrak erregulatzea eta familia nekazaritzarako suspertze ekonomiko eta produktiboa bultzatzea.

Nekazariek eskari zerrenda luzea idatzi dute, besteak beste, okupatutako lurretako kanporatzeak bertan behera uztea, 500.000 hektarea baso berritzea eta legez kanpo jabetutako lurrak berreskuratzea.

Horrez gain, familia nekazaritzaren susperraldi produktiboa, komunitate indigenena eta hezkuntza, osasun, etxebizitza eta babeserako aurrekontuak %20 handitzea eskatzen dute.

Halaber, pandemiak eragindako krisi ekonomikoaren ondorioz eta azken hilabeteetako lehortearekin haien egoerak okerrera egin du. «Orain ez dugu besterik, ez baitira gure ekoizpenak ateratzen, lehortearekin dena galdu dugu», adierazi zuen Jorge Galeano nekazarien erakundeko buruetako batek joan den hilabetean Asuncionen zorrak bertan behera uztea eskatu zuen manifestazioan.