Iñaki Soto

Txile, kasu paradigmatikoa izatearen ondorio eta kaltea

Aldian behin, Txilen Salvador Allenderekin, Pinocheten estatu kolpearekin eta AEBen injerentziarekin gertatu zena argitzen duten dokumentuak ateratzen dira. Aste honetan bertan, Richard Nixon eta Henry Kissinger estatu kolpea sustatzera eraman zituzten arrazoiak azaltzen dituzten dokumentuak desklasifikatu dira. 1970eko udazkeneko txostenak dira, Allendek hauteskundeak irabazi eta kargua hartzeko prestatzen ari zen garaikoak. «Txile guk espero bezala mugitzen bada eta jokabide horren ondorioak saihesteko gai bada... Latinoamerikan erabaki hori hartu ez duten zenbaiti adorea emango die», adierazten du Nixonek paper horietan, Kissingerren ildoari helduz.

Auzi hori «aurten hartu beharko duzun erabakirik historiko eta zailena izan daiteke», ohartarazi zion aholkulariak presidenteari. «Izan ere, datozen sei-hamabi hilabeteetan Txilen gertatzen denak AEBen eta Txileren arteko harremanetatik harago doazen ondorioak izango ditu», azaldu zion. Bere ustez, «gure esku dagoen guztia egin behar dugu, Allenderen boterea ez sendotzeko».

Orain jakin denez –nolabait esateko–, Kissingerrek eta CIAko zuzendariak, Richard Helmsek, emandako aholkuekin, Nixonek posizioa hartu zuen Segurtasun Kontseilu Nazionalaren bilera batean, urte hartako azaroaren 6an. Komunismoak kutsatzea saihesteko, AEBko presidenteak Latinoamerikako militarrak babesteko beharra azaldu zuen: «Gure eraginpean dauden botere guneak direlako. Besteak (intelektualak) ez daude gure eraginpean. Laguntzaren bat eman nahi diegu. Bereziki Brasilen eta Argentinan».

Txosten horien argitalpena AEBetako hauteskundeetako ajearekin batera gertatu da. Horren harira, gure inguruan gehien aipatu den liburuetako bat Steven Levitsky eta Daniel Ziblatten “How Democracies Die” izan da [“Cómo mueren las democracias” Ariel; “La mort des démocraties” Calmann-Lévy]. Liburuan behin baino gehiagotan aipatzen da Txile. AEBen injerentzia, ordea, azaletik agertzen da, era anekdotikoan. Liburuaren tesiaren arabera eliteen arteko interesen talka eta beren giza harremanen endekapena determinanteak dira. Ondorioz, alderdi geopolitikoa gutxiesten dute. Interesgarria bada ere, liburuak inperialismoa azaltzen kale egiten du. Demokraziak nola hiltzen diren azaltzeko, diktadurak nola bultzatzen diren azaldu beharko luke.

Kontrakoa ere gertatu da. Inoiz aipatu dut Walden Bellok “Shockaren doktrina” liburuari egin zion kritika. Kleinek, bere tesiari ez kalte egiteko, Txileko establishment-ak estatu kolpean izan zuen garrantzia alde batera uzten baitu. Herrialde baten historian, geopolitika, klase borroka eta kultura demokratikoa konbinatzeko modua bakarra da beti, baina ezin da modu isolatuan irakurri.

Kasu «eredugarria» izateak zure errealitateaz egiten den irakurketari kalte egin edo desitxura dezake. Mundu guztia saiatzen da eredu izaera hori behartzen. Honetan bai, Txile paradigmatikoa da. Izan ere, Txile gauza asko azaltzeko adibide ona da, baina bidean, sarri, Txilen gertatzen denarekiko interesa galtzen da. Une honetan, herritarren bultzadari esker eta erreferendum bidez, Pinocheten Konstituzioa bertan behera utzi dute. Trantsizio une honetan, arrisku eta aukera handiekin, hurrengo hamarkadetarako joko politikoaren arauak erabakiko dira. Demokraziak, hil ez ezik, birjaio baitaitezke. •