Garazi Goia - @GaraziGoia
Idazlea

Zuriz jantzita

Estatu Batuetako hauteskundeetako emaitza jakitean, une batez 2020. urtea ez zela hain txarra izan pentsatu nuen. Lapsus horietako bat izan zen. Une positibo bat. Westminsterrera begira zeuden Twitter zale guztiak Boris Johnsonek noiz erreakzionatuko zain zeuden bitartean, une horretan brexita eta pandemia globala itzalean gelditu ziren. Ahaztu egin nintzen. Auzoan su artifizialak bota zituenik ere izan zen. Halakoren batean Johnsonen mezua azaldu zen, broma, laido eta barre artean. Zinikoek zioten beldurra zela itxoitearen justifikazio bakarra. Hemendik aurrera Erresuma Batuak ez du-eta edukiko haiek bezain gaizki edo okerrago gauzak kudeatzen ari den baten atzean ezkutatzerik. Orain erreakzionatu beharra daukate.

Baina gaur ez naiz Johnson, brexit edo pandemiaz arituko. Momentu gozoa dastatzen jarraituko dut eta horrela azaletik begiratuz fribolitatea iradokitzen duen gauza bat aipatu nahi dut: Kamala Harrisek garaipen hitzaldia emateko aukeratu zuen trajea.

Aukeraketa hura ez zen moda aukeraketa bat izan. Politika egiten ari zen une hartan. Garai berri bat hasten ari zen, zuriz jantzita. Eta, emakume guztiok hainbeste zor diegun beste emakume batzuk gogorarazten eta aldarrikatzen ari zen. Izan ere, zuria izan zen sufragisten mugimenduak aukeratu zuen kolorea, bai Estatu Batuetan eta Erresuma Batuan egin zituzten mugimendu, manifestazio eta hainbat ekitalditan.

1908. urtean Londresen egin zen emakumeen eskubideen aldeko manifestazio batean ehunka milaka pertsona bildu ziren Hyde Parken, eta jendearen artean hiru kolore nabarmendu ziren: zuria, morea eta berdea. Berdea eta morea ekitaldi txikiagoetarako erabili zituzten sufragistek, baina handik aurrera zuria bihurtu zen kale-agerraldi edo manifestazio handietako sinbolo. Egiten ari ziren iraultzaren isla, solidaridate eta elkartasun sinbolo.

1969. urtean Estatu Batuetako Kongresurako aukeratu zuten lehenengo emakume beltza izan zen Shirley Chisholm; lehen egunean zuriz jantzita joan zen lanera. 1984. urtean Geraldine Ferrarok presidenteordetza onartu zuenean traje zuri bat zeraman baita ere; historian postu hori onartzen zuen lehenengo emakumea zen. Hillary Clintonen kanpainan zehar ere zuria ohiko uniforme bihurtu zen.

Eta, azkenik, ezin ahaztu Kamala Harrisek zeraman lazodun blusa zuria. Janzki horrek iradokitzen zituen besten hainbat sinbolo: testuinguru profesionalean emakumeei sartzen utzi zietenean, uniformearen nahitaezko osagarria zena; Margaret Thatcherren boterearen ezaugarria.

Sufragisten borroka hartatik 100 urte baino gehiago pasatu direnean, zuriak oraindik duen indarra sentitzea berezia izan da.

Ameriketako Estatu Batuetan ezaguna egin zen mugimenduko bultzatzaileetako batek, Glenda Tinninek, esandako batekin amaituko dut zutabea: «Begietatik sartzen den ideia batek belarritik sartzen den batek baino arrasto iraunkorragoa uzten du». •