Itziar Elizondo
Harremanak Hezkuntza Elkarteko kidea

Ari dena da

Hausnarketa eta gozamen iturri dira euskara eta feminismoa txirikordatuak ikusten ditugun bakoitzean gure bizitzen dinamikak aztertzeko. Biak elkartuta sekulako hazi emankorrak eman dizkiote azken urteetan euskal komunitateko pentsamendu zelaiari. Halaxe izan da, halaber, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, Emakundek eta Hizkuntza eta Generoa Batzordeak antolatutako “Euskara eta Feminismoa bidelagun” jardunaldiaren lehenengo bi online saioetan (“Euskalgintza eta feminismoa: bi gorputz elkarrekin dantzan”, Lorea Agirre eta Idurre Eskisabelekin; eta “Ez gara euskaldun jaiotzen, egin egiten gara”, Irene Arrarats eta Lutxo Egiarekin).

Naturalizazioa da botere sistemek emakumeak eta hizkuntza minorizatuak menderatzeko erabiltzen duten estrategia. «Emakumea eta euskalduna modu berean naturalizatzen dira: biak dira bigarren mailakoak, goxoak, biak daude zaintzari eta eremu pribatuari lotuak eta ez politikari, borrokari edo lehiari lotuak» (L. Agirre). Naturalizazio horren atzean dagoen biolentzia estrukturalaren kontra matxinatu dira, praktiketatik eraikiz, identitatearen kategorizazio garaikideak. Horretan euskaldun kontzeptua bera betidanik izan da inklusiboa, euskarara datorrena, euskaraz arituz, euskal komunitateko kide bilakatzen baita. Ez dago, I. Arraratsen iritzirako, kontzeptualizazio modernoagorik klasikoa baino. «Euts diezaiogun adiera horri, bestela hitz hori oparituko diogu beste hizkuntzen ikuspegiari».

Aritzean subjektu bilakatzen den euskaldun hori, L. Egiaren esanetan, transeuskalduna da, bere hizkuntza jarduera ez-jarraitua baita, «praktika sozialetan hizkuntza batetik bestera trantsitatzera behartuta dagoelako». Gatazka errotik bizi du euskaldunak egunerokoan, eta hizkuntzarekin hautu kontziente eta inkontzienteak egiten ditu ezinbestean behin eta berriz. Gure gatazka diglosikoan politikoa da euskaraz aritzea (hizkuntza markatua/emakumea) eta politikoa da gaztelaniaz aritzea (hizkuntza neutroa/gizona/unibertsal faltsua).

«Gatazka izendatzea konponbidea aurkitzeko lehenengo urratsa» denez, I. Eskisabelek denok elkarrekin pentsatzera egin digun gonbitari helduko diot. Euskalduntasun inklusibo horretan askotarikoak dira euskaldunak zentzu askotan. Aktibazioari erreparatzen badiogu, euskaldun “aktibatuek” –gutxitan edo askotan transeuskaldun– gatazka problematizatzen dute, alegia, politizatzen dute. Baina nago euskaldun gehiagok neutraltasun faltsutik (hura ez baita existitzen) bizi dutela gatazka; bere burua “diglosifikatu” balute bezala, egoera makrora egokituz, izan erdaraz hobeto moldatzen den euskalduna, izan euskara lehen hizkuntza duen euskalduna. Berdintasun legala berdintasun materialean gauzatu ez den bezalaxe emakumeen bizitzetan, bertako makineria elebidunak ez ditu euskaldunen eskubideak bermatu. Nekez egingo dugu aurrera euskaldun kategoria eskuzabal, abegikor eta feminista hori hezurmamitzen ez bada gure gorputzetan, gure harremanetan, gure lanetan, gure ikasketetan; baina baita gure irakurketetan, irentsarazten diguten publizitatean, ikusten ditugun filmetan, serietan, youtube kanaletan, entzuten ditugun bertso saioetan, musikan eta kontzertuetan ere. Kulturako arigune indartsurik gabe euskaldun oro mutu. “Dun” hori deusez. •