Nerea Goti
HILEKOA ETA CHHAUPADI

Hilekoa duten emakumeak baztertzen dituen ohitura desagerrarazteko borroka

Nepalen emakumeak hilekoarekin daudenean, txabola ziztrin batzuetan egotera behartzen ditu «Chhaupadi» izeneko tradizioak.

Pasa den urteko urtarrilean, Nepaleko ipar-mendebaldeko herrixka batean, Amba Bohara, 37 urteko emakume bat, eta haren hamabi eta bederatzi urteko bi semeak hilik aurkitu zituzten txabola batean. Poliziaren ikerketaren arabera, hotzari aurre egiteko, sua piztu zuen Boharak leihorik gabeko etxola zahar hartan. Lo egiten zuten bitartean hil ziren hiruak, itota.

Zer egiten zuten emakumeak eta seme biak etxetik kanpo, urrutiko txabola hartan, Nepalgo hotz handiaren erdian? Hindu sinesmen zahar batek erbesteratu zuen Bohara txabola hartara. Hilekoa zeukan eta Nepalen, eremu batzuetan, “Chhaupadi” izeneko ohitura mantentzen dute oraindik. Tradizio horren arabera, hilekoa duten emakumeek edo erditu berri direnek odoljarioa duten bitartean etxetik alde egin behar dute. Ezpurutzat jotzen ditu hindu erlijioaren sinesmen horrek, eta ondorioz, ezin dute janaririk, gizonik, abererik eta abar ukitu. Debekatua dute etxeetan, tenpluetan edo sukaldeetan sartzea, eta ezin dituzte ur putzuak ezta txorrotak erabili ere. Sinesmen horrek erbestera bultzatzen ditu emakumeak hilekoa dutenean, urrutiko etxoletan bakartuta egotera, odola desagertu arte. Praktika debekatuta dago, baina hainbat komunitatetan ohiturari heltzen diote.

Chhaupadi usadioaren ondorioz sarri izaten diren heriotzen artean kontatuko da Bohararen eta haren semeen kasua. Urtebete lehenago emakume gazte baten heriotzaren berri izan zen antzeko egoera batean. Tradizioak heriotzak eragiten ditu batzuetan, baina gehienetan estigmaz, erasoz eta kaltez beteriko bizitzak eragiten ditu.

Euskal irakasleen borroka

Euskal Herrian praktika hori desagerrarazten laguntzeko lanean ari dira Ana Novoa Fariñas, Luixa Reizabal Arruabarrena eta Ainize Sarrionaindia Peña, EHUko Psikologia Fakultateko irakasleak.

Bi urte inguru daramatzate helburu horrekin Nepalgo bi unibertsitatetako irakasleekin kontaktuan. Pokharako Tribhuvan Unibertsitateko eta Surkheteko Mid Western Unibertsitateko irakasleekin, hain zuzen.

Luixa Reizabalek kontatu duenez, Nepalera sarri bidaiatzen duen lagun batek hitz egin zion Chhaupadi ohiturari buruz, hezkidetzan ari zela jakinik. «Zur eta lur» utzi zuen kontakizuna Novoa eta Sarrionaindiari azaldu zien, eta, berehala, praktika hori desagerrarazteko borrokan euren «hondar alea» jartzea erabaki zuten.

Hortik jaio da nerabeak ahalduntzea helburu duen esku hartzeko programaren diseinua, «Chhaupadi tradizioari ezetz esateko ahalduntzeko». Lana, hango unibertsitateko irakasleei bidali eta haiek proposatutako aldaketak txertatu eta gero, aplikatzeko prest dago. «Orain, EHUk Nepalgo bi unibertsitate haiekin hitzarmena sinatzeko ahaleginetan gabiltza, baina horrelako kontuak oso-oso astiro mugitzen dira», azaldu dute.

Hiru euskal irakasle horien jarduna ez da mugatu elkartasuna adieraztera edota hemen arazoaren berri ematera, parte hartze aktiboa dute Chhaupadi usadioa desagerrarazteko borrokan. Izan ere, Nepalgo nerabeak ahalduntzeko programa ikasturte honetan abiatu nahi zuten, baina pandemia dela-eta bertan behera utzi behar izan dute asmoa.

Oraindik ez dute Nepalera joateko aukerarik izan, eta pandemiak hara bidaiatzeko aukera erabat oztopatu duela komentatu dute, baina, hala ere, lanean jarraitzen dute gaiaren inguruan. Testuinguru horretan, solasaldia egin zuten duela gutxi Unibertsitatean,“Hilekoaren tabua Nepalen: Chhaupadi eta haren ondorio psikologikoak” izenburupean.

Azaroaren 25ean ospatzen den Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira, mahai gainean jarri nahi izan zuten Nepalen hainbat emakumerentzat tradizio horrek dakarren infernua. «Euskal Herrian ezezaguna den errealitate gordin horren berri» eman eta praktika horrek emakumeengan dituen eraginen gaineko hitzaldia egin zuten Fakultatean. Asmoa zen plazaratzea «eraso fisiko, sexual zein psikologikoez gain», indarkeria matxista gauzatzeko beste modu asko daudela, «batzuk, ‘arbasoen ohitura’ gisa mozorrotuak».

Pasabanen dokumentala

Solasaldian Edurne Pasaban alpinistak hartu zuen parte. Izan ere, gaia jorratzen duen Pasabanen “Chhaupadi” dokumentala proiektatu zuten. Euskal mendizalearen lanak Saipal mendi sakratura beste lau emakume gazterekin egin zuen espedizioa kontatzen du. Dokumentalak Chhaupadik eragiten duen diskriminazioa ikusarazi nahi zuen. Himalaian, emakumeak ezin dira igo Saipal mendi sakratura, hilekoa izateagatik ezpuruak baitira. Chhaupadi ohituraren aurkako borrokan gauza asko egin dira, baina komunitate baten tradizioan errotutako praktikak desagerrarazteko Pasabanen proiektuak zeukan estrategietako bat zen emakumeek beren bidea egin dezaketela erakustea eta beste batzuei hurrengo baterako pentsaraztea: «Horrek egin badu, nik ere egin dezaket».

Chhaupadi ez da soilik etxetik alde egin behar izatea eta txabola batean bakartuta egotea, beste hainbat debeku ezartzen ditu, EHUko irakasleek nabarmendu dutenez. «Esate baterako, familiako ekitaldi eta ospakizunetan parte hartzea debekatzen diete, ezin dira tenplura joan, debekatuta dute ganadua eta gizonak ukitzea; ur iturri komunitarioetan bainatzea debekatzen zaie, ezin dituzte elikagai jakin batzuk jan; gaixotuz gero debekatuta dute arreta medikoa jasotzea… Erabat urratzen dira emakume horien eskubideak».

Chhaupadi usadioari aurre egitea eta hura ez betetzea, ordea, ez da erraza ohitura oso errotuta dagoen inguruetan. Sarrionaindiak aipatu duenez, ohitura ez bada betetzen emakume horren familiari eta hurbilekoei zoritxarra ekarriko diela uste dute, tradizioa urratzeak heriotza edota gaixotasunak dakartzala uste baitute.

Nolanahi ere, badaude ohiturari ez jarraitzea erabakitzen duten familiak, baina horientzat bizikidetza ez da samurra tradizioari bizkar ematen badiote. «Afera da familia horiek jazarpen soziala eta bazterkeria pairatu behar izaten dituztela», azaldu dute.

Sinesmen horren osagaiei begira, Sarrionaindiak «bi oinarri nagusi» ikusten ditu: gizarte patriarkalaren eragina eta Nepalen nagusi den erlijioak, hinduismoak, «hilekoaren inguruan duen ikusmoldea». Haren arabera, hilekoaren odola zikina eta pozoitsua da.

Egoeraz jabetzeko, emakumeek Nepalen duten estatusa aipatu dute, eta argitu dute munduko beste hainbat lekutan bezala Nepalen ere emakumeak «bigarren mailako hiritartzat» hartzen dituztela eta horren arabera tratatzen dituztela. Kontuan hartu beharreko beste faktore bat da, zehaztu dutenez, gizonekin alderatuta «autonomia, botere eta askatasun maila baxuagoak» izan ohi dituztela emakumeek.

Hilekoa «estigma eta bekatu» gisa hartzen duen erlijioa gehitzen zaio testuinguru horri, eta horregatik «balizko zikintasun, bekatu eta pozoi horretatik babeste aldera, beste muga batzuen artean, menarkiatik menopausiara eta erditu berri direnean chhaugoth izeneko txaboletara erbesteratzen dituzte emakumeak».

Oraingoz egoera Nepalen bertan aztertu ezin badute ere, zuzeneko informazioa dute hango irakasleen bitartez, eta aipatu dutenez, beraiekin harremana duen irakasleetako batek Chhaupadi ohitura pairatu zuen. Oraindik bere herrian indarrean dagoen tradizioa da. «Latza da gaiaren inguruan kontatu diguna, herritik alde egitea erabaki zuela esatea besterik ez dago», aipatu dute EHUko irakasleek.

Chhaupadi debekatuta badago ere indar eta zabalkunde handia du herrialdeko hainbat eremutan. Horren inguruan zehaztu dute herrialde osoan eta batez ere mendebaldean zabalduta jarraitzen duen praktika bat dela eta jarraipen handia izaten duela.

Askotan Nepal budismoarekin lotzen badugu ere, populazioaren gehiengoa hinduista dela argitu dute, eta, hain zuzen, erlijioa dagoela tradizio horren oinarrian. Egoerarik larriena Achham, Sudurpashchim eta Karnali probintzietan bizi dela adierazi dute.

Nazio Batuen Erakundearen datuen arabera Chhaupadi ohiturarekin lotutako praktika hedatuen dagoen Nepalgo ingurua Achham da, kontatu dutenez. Han, tradizio horren prebalentzia %95ekoa da, 2011. urteko datuen arabera. Izan ere, Achham da diseinatu den esku hartzeko programa aplikatzeko aukeratutako lehen tokia. Ingurua 75 herriz osatutako eremu bat da eta bertan 260.000 bat lagun bizi direla azaldu dute.

«2018an egindako ikerketa baten arabera, parte hartu zuten Achhamgo neska nerabe guztiek zuten barneratuta hilekoaren inguruko tabua, zeinaren arabera, hilekoaren odola pozoitsua eta zikina baita eta, ondorioz, hilekoa daukaten neskak pozoitsuak, zikinak eta ukiezinak», azaldu dutenez. Ikerketan parte hartu zuten nesken %77k Chhaupadi ohitura praktikatzen zuen.

«Zikinak» eta «ukiezinak» balira bezala tratatuak, sinesmenak bestelako kalteak eragiten ditu: «Errua, umiliazio sentimendua, autoestimu baxua, tristura, depresioa, erasoekiko beldurra, eraso horiek sortutako sentimenduak… Hori oso kaltegarria da buruko osasunerako», nabarmendu dute.

EHUko irakasleen ustez gakoa hezkuntza da, eta ez soilik eskolan lantzen dena. «Komunitate osoan esku hartu behar da, emakumeen giza eskubideak urratzen dituzten ohituren oinarri diren mitoak deseraiki eta hilekoaren inguruko informazio objektiboa eskaini. Mundu osoko biztanleek jakin behar dute hilekoa gertakari naturala dela, emakumeen izaera zikloaren isla», planteatu dute.

Hala ere, argi utzi dute bertakoak direla esku hartu behar dutenak, eta beraiek lan horretan «bidelagun» izan daitezkeela, besteak beste, «esku hartzeko programak diseinatzen eta horiek aplikatzeko beharrezkoa den formakuntza eskaintzen». Adierazi dute asko direla ohiturari aurre egin nahi dioten emakumeak, «horiek ahalduntzea litzateke gakoa».

 

«Ez dugu Nepaleraino joan beharrik»

Duela ez asko gurean baziren uste bitxiak hilekoaren inguruan, janaria prestatzeko, landareak zaintzeko... EHUko irakasleek diotenez, «ez dugu Nepaleraino joan beharrik hilekoari buruzko sinesmen, aurreiritzi eta praktikak topatzeko», eta gogoratu dute hilekoa bera izendatzeko zenbat hitz eta esamolde asmatu diren. «Lotsa, ukapena eta ezjakintasuna» aipatu dituzte, bai eta zapalkuntza ere. «Ikuspegi negatiboak, neurri batean behintzat, gizarte egitura patriarkalaren adierazpen eta justifikazioak dira», diotenez. Bestelako praktikak ere badaudela adierazi dute, «indarkeria gineko-obstetrikoa», kasurako, ezinbestekoa den obulazioa etetera bideratutako baliabide hormonalak eta hilekoak ezinbestez mina dakarrela dioen mezua. «Hilekoa normalizatu eta horren inguruko kalitatezko hezkuntza jasotzeko» bide luzea dagoela diote.