Maider Azanza Sesé
UPV/EHUko Donostiako Informatika Fakultateko irakasle eta ikertzailea

Seguruago sentitzeko giltza, sakelan

Lagunekin poteoan ibili ondoren bakarrik bueltatzen zara etxera. Une batean kale estu eta ilun batetik ez pasatzea erabakitzen duzu seguru sentitzen ez zarelako, nahiz eta horrela bide luzeagoa egin behar izan. Gehienok bizi izan dugu horren antzeko momenturen bat, are eta gehiago emakume izanda.

Hori horrela, ikerketa ugari egin dira egoera horietan gertatzen dena aztertzeko, hala nola segurtasun pertzepzioari edo delituarekiko beldurrari buruzkoak. Eragina duten zenbait faktore pertsonalak dira; adibidez, emakumeek segurtasun falta edo delituarekiko beldur handiagoa adierazi ohi dute. Baina beste faktore asko testuinguruari dagozkio. Leku batek duen argitasunak, ikusi ezin ditugun bazterrak izateak edo zakarra edo leiho puskatuak egoteak hortik pasatzean beldur sentimendua, edo gutxienez seguru ez sentitzearena, sor dezake gugan. Eta, noski, sentimendu horren aurrean gure portaera aldatuko dugu, adibidez gune hori ekidinez goian azaldu den bezala.

Delituarekiko beldur horrek banakako pertsonetan eragina dauka, bakoitzaren ongizate psikologikoan, baliabideetara iristea zaildu dezake, eta, kasurik okerrenetan, pertsona etxetik ateratzera ez ausartzea eragin dezake. Baina eragina ez da hor gelditzen. Adibidez, gizarte mailan delituarekiko beldur horrek eragina du etxebizitzen prezioan, enpresen erabakietan eta ingurumenean. Biztanleria ez bada hiritik oinez ibiltzeko seguru sentitzen, garraio pribatuak gehiago erabiliko ditu, eta, hortaz, kutsadura gehiago sortu eta bere osasunerako onuragarria den portaera bat baztertuko du. Eta gune bat ekiditen badugu horrek eragina du bertako merkataritzan eta bertan bizi direnengan.

Beraz, erabat zentzuzkoa da segurtasun pertzepzio hori neurtzen saiatzea, zein faktorek eragina duten aztertuz, guztiok seguru sentituko garen udalerriak sortu ahal izateko. Tradizionalki hori inkesta bidez neurtu ohi izan da, pertsona talde bat bildu eta gai horren inguruko galderak erantzuteko eskatuta. Arazoa da gure oroimena ez dela pentsatzea gustatuko litzaigukeen bezain fidagarria: denbora pasa bada beldur hori sentitu genuen momentutik, ez ditugu zehaztasunak gogoratuko eta horrela ez da erraza aipatutako faktore horiek identifikatzea. Hori dela eta, neurketa egokiak egiteko, beldur sentimendua sortzen den momentuan bertan nahi dugu pertsonek galdera horiei erantzutea. Eta hor teknologia dugu lagungarri.

Gaur egun, edozeinek darama telefono mugikor bat sakelan. Beraz, segurtasun pertzepzioa neurtzeko aplikazio bat sortzen badugu, edozeinek eman dezake une konkretu batean sortu zaion delituarekiko beldur sentimenduaren berri, momentuan galdera labur batzuei erantzunez. Horretaz gain, mugikorrak GPS posizioa eta data eta ordua automatikoki bidal ditzake, pertsonak datu horiek sartu behar gabe. Bukatzeko, mugikorrak lekuaren argazki bat bidaltzeko aukera ematen du, ikertzaileek testuingurua azter dezaten. Bi abantaila nagusi dakartza mugikorrerako aplikazioa erabiltzeak; alde batetik, unean bertan erantzun ahal izatea, eta, bestetik, galdetegia erantzuten duten pertsonak profil askotakoak izatea, potentzialki biztanleria osoak erabili baitezake aplikazioa.

Hainbat ikerketa egin dira hurbilpen horri jarraituz. Aipagarriak dira Manchesterko Unibertsitatean garatutako “FOCA” (Fear of Crime Application) edo Miguel Hernandez Unibertsitatean garatutako “InseguridApp” aplikazioak, une batean izandako segurtasun pertzepzioa neurtzen dutenak, edo EHUn garatu dugun “Walkcap” aplikazioa, oinez egiten ditugun ibilbideak aztertzen dituena eta horretarako hartzen ditugun erabakiak segurtasun pertzepzioarekin lotzen dituena.

Aplikazio horiei esker, guztiok har dezakegu parte guztiontzat udalerri seguruagoak sortzeko ekimenean. •