Xabier Izaga Gonzalez

«SISIFOREN PAPERAK», ELKARRIZKETA VERSUS GALDEKETA

«Egunkaria»-ren itxieran oinarrituta, Harkaitz Canok idatzi eta Fernando Bernuesek zuzendutako «Sisiforen paperak» antzezlanak bidegabekeria hura salatu eta kazetaritzaren eginkizunaren eta beste gai batzuen gaineko gogoeta egiten du.

gara-2020-11-27-Crónica

Zer lotura dago egunkari baten erredakzioaren eta Estatu baten aparatuen artean? Periodikoa leituz ilustratzen omen garenez, gauza jakina da egunkari batzuek informazio iturri oparo dituztela aparatu horiek, iturri zulatua, etengabeko filtrazioak ikusita. Tttanttakak estreinatu berri duen “Sisiforen paperak” antzezlanak oso bestelako lotura bat du gai, ordea, eta maisuki erakusten du bai kazeta baten erredakzioko giroa, bai polizia etxe batera sartzen denak zer senti dezakeen. Gordin eta hiperbolerik gabe, ez baita halakorik behar, testuaren egile Harkaitz Cano eta Fernando Bernues zuzendaria konturatuko zirenez.

“Euskaldunon Egunkaria”-ren itxiera oinarri hartuta Tanttakak ekoiztutako obra «kazetaritzari egindako omenaldia da, modu bidegabean itxiarazi dituzten hedabide guztiei eskainia». Idazlearen eta zuzendariaren lan bikaina Angel Alkain, Joseba Apaolaza, Iñigo Azpiarte, Kepa Errasti, Mireia Gabilondo, Aizpea Goenaga, Olaia Gil, Asier Hernandez, Asier Hormaza, Iñaki Rikarte, Alexandru Stanciu eta Dorleta Urretabizkaia aktoreek biribiltzen dute, Ikerne Gimenezen eszenografia ahaztu gabe. Hain zuzen ere, Gimenezen gitarra elektrikoaren akordeek ematen diote hasiera antzezlanari eta eszena arteko tarteak seinalatu.

Hasieran, orban beltz bat

Guztiz altxatu gabeko oihalaren aurrera “Elea” egunkariko kazetariak agertu eta Kontxako badian agertu den orban beltz baten berri eman dute «komatxo tartean». Gero, igo da oihala. Mahaiak, ordenagailuak, telefonoak, artxibategiak, paperak… eta kazetariak lanean hasi dira, bakarrean zein euren arteko solasean, serio nahiz adar soinuan.

Ez daude bakarrik. Agertoki berean, mahai, ordenagailu, telefono, artxibategi eta paper gehiago: polizia etxea eta epaile baten bulegoa. Ehunka kilometrora baina agertoki berean. Kazetariek ez dute guardia zibilen eta epailearen berri. Guardia zibilek, berriz, badute kazetariena. Entzuketak egiten dihardute. Gero, epaileari ikerketa aurkeztu diote eta hark oinarri sendoagoa eskatu die tamainako operazioa baimentzeko.

“Elea” Euskal Herriko egunkaria da, eta egunkari bat arriskugarria izan daiteke boterearentzat. Baina zergatik izan behar du kazetaritzak boterearentzat eroso eta esaneko? Hain zuzen ere, kazetaritzaren izaeraren eta funtzioaren gaineko gogoeta egiten dute hamaika galdera plazaratuz.

Fikzioa da, jakina, bata bestetik ehunka kilometrora gertatzen diren errealitate bi irudikatzeko. Bata bestetik ehunka kilometrora, baina aldiberekoak, errealitate makur bereko osagarri.

Bateko, kazetarien kezkak, arazoak, pozak eta gogoetak. «Egunkari bat ‘Gerra eta Bakea’ bezalakoa da, baina txikian. Egunero iraungitzen den eleberri amaigabea». Sisiforen antzera, egunero igotzen dute harritzarra goraino, biharamunean berriro igo beharko dutela jakinda. Betiko kondena. Lanbide arraroa. Bokazio arraioa.

Besteko, guardia zibilek ere badituzte beren kezkak, eta beren gogoetak partekatzen dituzte. Epaileak, zorrotz, ordena bermatu behar du eta, hasierako zalantzak gaindituta, bere punching ball beltza astindu eta operazioa abiatzeko bide eman die guardia zibilei.

Kazetariak galdetzen ez duenean

«Ikertzea eta galdetzea kazetariaren zeregina da, baina zer gertatuko litzateke egoera aldatu eta galdekatutakoa kazetaria bera balitz?». Galdera ez ezik, erantzuna ere izango du ikusleak luze gabe. Izan ere, arriskutsua da kazetaritza, hura boterearentzat arriskutsua den neurrian.

Torregaraik, “Elea”-ren Administrazio Kontseiluko lehendakariak, bere azken liburua aurkeztu du, “Sisiforen paperak”, eta Bruselara joateko hegazkina hartzera doala, atxilotu egin dute. Joan den uztailean zendu zen beste “Torregarai” bat omentzeko momentua da. Egunkariko kazetariek parranda egin dute eta Xabier Amurizaren “Mendian gora haritza” abesten ari dira, handik urrun baina bertan Torregarai galdekatzen hasi direnean.

«Elkarrizketa ona elkarrizketatuak esan nahi zuena agertzen duena da», esango du batek erredakzioan. «Ez, elkarrizketatuak esan nahi ez zuena agertzen duena», beste batek ironiaz.

Tortura ez da gai berria munduko inguru honetan; hala ere, antzezpenak ustekabean harrapatuko du ikuslea eta, erredakzioko paperen artera nola, torturatuaren ondora eramango du, haren gorputzaren eta gogoaren jabe dela sentiarazi nahi dion torturatzailearen mendera, ikara, umiliazioa, ezintasuna, min fisikoa eta atxilotuari giza zantzu oro kentzen ahalegintzeko ariketa zitala bertatik bertara ikusi eta ia sentitzeraino. Eszena sinesgarriak. Gordinak.

Kontakizuna

Botereak kontrolpean ez duena suntsitzeko joerak mozorroa behar du, sarritan barregarri eta baldarra. Halakoa da instrukzio epailearen eta guardia zibilen (des)arrazoibidea egunkari bat ixteko eta haren zuzendaritza eta langileak amesgaizto batera eramateko: etengabeko prekaritate egoeran dagoen egunkari batek legez kanpoko erakunde armatu bat finantzatzen du. Azalpenaren absurdoaz jabetuta, berdin balio du azalpenak alderantzikatuta: erakunde armatuak finantzatzen du egunkaria. Helburua egunkaria desagerraraztea da. Euskarazkoa da eta, beraz, susmagarria. Ez dute ulertzen nola enpresa batek milaka akziodun izan dezakeen mozkinik banatu gabe. Ez dute ulertzen zein den herri proiektu baten mozkina. Ez dute ulertzen eta ez dute ulertu nahi, ez da euren eginkizuna. Ulertzen ez duten guztia kontrolpetik kanpo dago eta desagerrarazi egin behar dute. Horretarako, kontakizuna eraiki beharra dago.

Kontakizun horrek gaiztakeriaren zaku bakarrean sartuko ditu kazetariak, eta terroristen gehiegikeriak, kontsignak eta salaketa faltsuak bilduko ditu, baina ez tortura gauzatzeko bide ematen duen katea: torturatzaile zuzena, auzitegiko medikua, epailea eta gobernua. Eta, izurra izurtuta, mekanismo horri ezikusia egiten ez diona, zalantzan jartzen eta nabarmen uzten duen hedabidea, arriskugarria da.

Omenaldi ederra, inondik ere, Ttanttakarena, mende honetan bertan gertatutakoa gogoratzeko edo memorian freskatzeko, eta aztertzeko. Antzezlan goitik behera gomendagarria, aktoreen lan bikainak gomendagarriago egiten duena. Izan ere, ondo karakterizatutako pertsonaiei erabateko sinesgarritasuna ematen diete: kazetari hasi berria, kirol sailekoa, zuzentzailea... epaile hotz eta zorrotza eta guardia zibilak, bat trauskil eta bortitza, eta bestea formetan sotilagoa... formak galtzen dituen arte. Obra gordina, esan bezala, baina dramatismorako joerarik gabe, naturaltasunez eta tarteka umorez garatua eta, hala ere, hunkigarria.

Baina mende honetan eta lehenago ere gertatutako bidegabekerien salaketatik harago, integritateari eutsiz jarduten segitzeko borondate irmoaren aldarria ere bada: «Izan gaitezen zerbait berri».