Iker Barandiaran

Bidea zabaldu zutenekin zorra kitatu

Arrasaten izan diren gaztetxeei buruzko liburua eta ikus-entzunezkoa prestatzen dabil AGAKO; izan ere, 2021ean AGAKO (Arrasateko Gazte Alternatiboen Kofradia Organizatua) sortu zenetik 30 urte beteko dira. 1991n ospitale zaharra zena okupatu eta Gaztetxea izango zela erabaki ostean hala izendatu zuten orduko ekintzaileek gazte asanblada. Eta milurteko berrian, ordura arte Udalarekin luze negoziatu ostean, Uarkapeko gaztetxea eskuratu zutenean ere –belaunaldiz belaunaldi landu eta merezitakoa– izen berari eutsi zioten.

Izan zen aurretik, baina, herrian beste gaztetxe bat, Gurea zinema izandakoa; eta, ondorioz, hura borrokatu, landu eta kudeatu zuen AGAk (Arrasateko Gazte Asanblada) ere. Bada, gero gazte izan direnek AGAKOren izena eta izana erreferentziatzat hartu arren, jaso nahi izan dute orain informazio biltze eta kontatze honetan ezinbesteko aurrekari eta ikaste harrobi ere izan zen esperientzia. Chapeau!

Egia esanda, hori eta gehiago zor zitzaien, inork baino lehenago, 80ko hamarkadaren bigarren erdian, gaztetxe bat zer zen irudikatu, kalera atera eta errealitate bihurtu zuten haiei guztiei. Arrasatearrek ez zekiten hori zer zen eta are gutxiago ulertu edo onartu. Hala ere, zenbait herritarrek Gaztetxearen eta gazteen biltzeko eta ekintzak antolatzeko beharraz hausnartu, eta kalera aldarrikapen hori ateratzeko inurri lana eginda, makina bat gazte bildu zituzten helburu horren inguruan. Horren ostean, ohikoa den moduan, pareta batekin egin zuten topo: orduko Udalari eskaera formala eta sinadurak aurkeztuta, ez zuten ezer lortu. Eta, ondorioz, zenbait urte itxita zeraman Gurea zinema erraldoia okupatu zuten.

Gaztetxe hark urte eta erdi iraun zuen, urte eta erdi luze eta intentsoak; eta ez zen inola ere prozesu erraza izan, malkartsua baizik. Biharamunean poliziak desalojatu zituen eta berriro sartu ziren, jakina. Muturreko garaiak ziren ordukoak; guztia zen zuria edo beltza, ez zegoen erdibiderik. Beste borroka eta ildoetan trebatutako ezkerreko korronte asko bor-bor zebiltzan bertan –eta gizartean–, eta horietako askok, elkarrekin jardunda, Gaztetxearen dinamikari izugarrizko aberastasuna eman zioten. Sorgina Irrati librearen sorrera izan zen ikaragarri garrantzitsua, baina oro har garaiko problematika asko –gerora denborarekin erabat gizarteratuko zirenak– aurrenekoz mahai gainera ekarri izana izan zen nire ustez lorpen handienetakoa.

Odol beroko garaiak ziren eta askok ez zituzten gauzak birritan pentsatu nahi izaten. Aurretik bizi izandako iluntasun politiko, sozial eta ludikotik aterata, eztanda eta berehalakotasuna ziren aukeratutako ardatzik garrantzitsuenak; beste guztia sobera zegoen gehienetan. Horrela, “politikoki zuzena” esamoldea ez zegoen oraindik hiztegietan jasota, eta, esaterako, alderdi politikoez paso egiten bazen, ez zen HBrekin salbuespenik egiten. Horrek, kontzertuen ordutegi berantiarrek eta garai hartan kalean zegoen heroina ugariaren ispilu ere Gaztetxea izateak ika-mika asko ekarri zituen HBk gobernatzen zuen Udalarekin. Hainbeste, ezen ezker abertzaleko bi kidek argindarra moztu baitzuten La Polla Recordsen kontzertu batean.

Horrek eta garaiko zailtasun ugariek ekarri zuten Gaztetxeko ateak ixtea. Baina bizipen hark utzi zuen hazia eta esperientzia, eta urte batzuk geroago beste gazte batzuek ekin zioten gaur egunera arte iraun duen abenturari. Eta jarraitzea opa diogu. •