Juantxo EGAÑA

Roberto Perez Jauregiren hileta, eibarren, 1970ean

1970eko abenduaren 3an hasi zen Burgosen hamasei euskal militanteren aurkako epaiketa. Auzitegi militarrak heriotza zigorra eskatu zuen sei auzipeturentzat. Euskal Herriko eta Europako leku askotan protesta manifestazioak izan ziren. Hernanin Guardia Zibilak bi lagun zauritu zituen tiroz: Iñaki Errazkin eta Jose Manuel Arrondo. Gipuzkoako beste udalerri batzuetan ere, hala nola Ordizian eta Oñatin, Poliziak eta Guardia Zibilak benetako tiroekin desegin zituzten manifestazioak. Abenduaren 4an, Eibarren Guardia Zibilak epaiketaren aurkako manifestazio bat desegin zuen. Une jakin batean, Brigada Politiko Sozialeko agenteek manifestariei tiro egin eta Juan Manuel Gil Uriarte eta Roberto Perez Jauregi balaz zauritu zituzten. Robertori, 21 urteko gazteari, tiro bat jo zioten bi metro baino gutxiagoko distantziatik. Bergarako bizilagun batek Eibarko Arrillaga klinikara eraman zuen autoz, eta han zaurien larritasuna ikusita, Donostiako Erresidentziara eraman zuten. Abenduaren 8an hil zen bala zauriaren ondorioz. Abenduaren 9an, autopsia egin eta gero, gorpuzkiak Eibarrera eraman zituzten. Haren gurasoak, Casimiro eta Alicia, taxi batean joan ziren hileta autoaren atzean. Handik urte batzuetara, elkarrizketa batean azaldu zuten Eibarko sarrerako eta barruko bideak Poliziak eta Guardia Zibilak hartuta zeudela, eta herrikoa ez zen inori ez ziotela sartzen utzi. Artikulua ilustratzen duen irudia oso atsekabegarria da, egun euritsu bat, ia Eibarko hilerriaren atarian, hilaren 9ko arratsaldeko 6:30ak aldera, Robertoren familiakoak eta lagunak hilkutxaren ondoan doazela. Jorgek, hamabost urteko anaiak, unea gogoratu du, eta azaldu du Benigno Bascaranek, «abade laikoa» esaten ziotenak, hitz batzuk esan zituela Eibarko hilerrian anaiaren omenez. Argazkiaren egileari buruz haren izena besterik ez dakigu, Roberto. Hilerriaren ondoko eraikin bateko ganbaratik egin zuen. Argazkiaren kalitatea ez da onena, baina gure herriaren historiaren lekukotza da, 50 urtez familia album batean egon den dokumentu mingarri eta balio paregabekoa.