Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea

APOAK ETA SUGEGORRIAK ERE MEREZI DUTE POESIA

Narrastiak eta anfibioak izen txarreko espezieak dira eta kondairek eta sinesmenek parte handia daukate horretan. Uste horiek errealitatetik eta zientziatik aparte daude, ekosistemari mesede handia egiten dioten espezieak baitira. Aranzadi Zientzia Elkarteak 2021. urterako prestatu duen egutegiak poesiaren begietatik begiratu die.

Adan eta Eva paradisutik kanporatu zituzten suge batek tentatu zituelako. Muskerrak kopetara salto egiten badizu, zazpi herritako kanpaiak jo behar dituzte muskerraz libratzeko. Sorginak apoez erditzen ziren. Baserritarren artean sesioak izaten ziren apoaren kontura; batzuek makila sartu, akabatu eta baratzean edo ukuiluan jartzen zuten apoa. Beste batzuek esaten zuten lasai uzteko, zomorroak jaten zituela-eta. «Sugegorria isatsean jota baino gaiztoagoa haiz», esaten zaio gaiztoa denari.

Anfibioak eta narrastiak izen txarreko espezieak dira. Haien inguruko kondairek eta sinesmenek puztutako irudia da hori, errealitatetik eta zientziatik oso aparte. 2021. urterako Aranzadi Zientzia Elkarteak prestatu duen egutegiak uste horiek deseraikitzea du helmuga, ingurumenarentzat oso garrantzitsuak diren eta arrisku egoera bizi duten espezie horiei merezitako tokia emateko. Askoren begietara kontraesana izan arren, apoari, sugegorriari eta beste askori poesiaren begietatik begiratzen die aipatu egutegiak, «merezi dutelako eta behar dutelako», esan du egileetako batek, Iñaki Sanz-Azkue biologoak.

«Izen txarreko espezie taldea da, beti egurra jaso duena. Kondairek ere horien kontra egiten dute. Inoiz ez da egin haien edertasuna goratzen duen literaturarik, aldrebes, beti kontrakoa izan da. Baina zerbitzu asko ematen dituzten espezieak dira; zomorroen kontra, saguen eta arratoien plagen kontra... Ekosistemari sekulako mesedea egiten diote eta zor bat genuela sentitzen genuen. Horregatik erabaki genuen kondairetan eta sinesmenetan eraiki den irudi horri buelta bat ematea eta narrastien eta anfibioen edertasuna goratzea», segitu du Sanz-Azkuek.

Itxialdian piztutako ideia

Martxoan abiatu zen itxialdian herritar askok sumatu zuen naturaren beharra. Leihora gerturatzen ziren txoriei begira eta etxe inguruan libre hazten zen landarediari begira eman zituzten askok egunak. «Eta narrasti eta anfibioak zer? Horiek ez zeuden gure begien bistan eta berriz ere ezkutuan geratu ziren. Horregatik erabaki genuen guk eraman beharko genituela etxeetara eta hortik sortu zen egutegiaren ideia», azaldu du biologoak.

Aranzadi Zientzia Elkarteak 2021. urterako prestatu duen egutegian hilabete bakoitza anfibio edo narrasti batekin lotuta dago. Argazkiak Elgoibarko Ander Izagirre Egañarenak dira –Naturzalia blogaren egilea– eta argazki bakoitza janzten duen poesia Iñaki Sanz-Azkue biologoak josi du euskaraz eta Alberto Glosa herpetologoak gazteleraz. «Itxialdian Ander Izagirreren argazkiak aukeratzen aritu ginen. Argazkiak bikainak dira. Aukeraketa ez zen erraza izan, baina hilabete horretan ikus daitekeen espeziea jartzea izan da irizpidea. Hortik aurrera, Albertok eta nik bakoitzak gure kasara egin dugu espezie bakoitzari lotutako olerkia. Egutegiaren helburua Euskal Herriko anfibioen eta narrastien dibertsitatearen erakusle izatea da; koloreak, formak, taldeak, eremu geografikoak... Aniztasun horren guztiaren adibide da egutegia». Olerki bakoitzaren zirrikituetan aditua denaren jakintza eta natura maite duenaren samurtasuna sumatzen dira.

Abendukoa da baso-igel gorria, neguan arrautzak jartzen dituen espezie bakarra, gainontzekoak udaberrian ugaltzen baitira. Beren arrautzetan murgilduta dagoen igel pareari eskainitako olerkia, honakoa: «Naufragoak gara urmaelaren erdian. Maitale bakartiak neguaren muinean. Etorkizunean murgildu gara, oraina besarkatzeko».

Urtarrilekoa da apo pikarta, urmaelean bere isla ikusten duena. «Islatua ikusten dut nire bizitza. Nire bizipenak, gabeziak eta nahiak. Urmaela delako, finean, nire izatearen ardatza. Zainduko nauena. Zainduko dudana». Apoa urmaelik gabe ez baita ezer. Berak zaindu beharko du urmaela, eta baita gizakiak ere.

Sugegorri kantauriarra, martxokoa. «Ezkataz ezkata arakatu nauzu. Miatu, behatu. Handitasunean txiki gelditu zara, nire edertasunaren pozoia bihotzeraino barneratu dizudalako».

Sugegorri bat ikusten duena begira geratu ohi da, ikaratuta. «Sugegorri bat ezagutzeko ondo begiratu behar da, ezkataz ezkata, ezkaten tamainak esango dizulako hein handi batean sugegorria den edo ez. Buruko ezkatak txikiagoak ditu gorputzekoak baino. Hori pista bat da», azaldu du Sanz-Azkuek.

Hegoaldeko zuhaitz-igela arnasa puztuta ageri da ekainean. «Piztu zait bihotza. Poztu doinua. Puztu arnasa, hostoaren magalean. Kantua izango da maitasun borroka honetan irabazlea aukeratuko duena».

Txikia izanagatik, ugal garaian gogotik entzuten da zuhaitz-igelaren kantua. «Oso kantu indartsua izaten da. Puztuta jartzen dira kantuan eta arnasa husten doan bitartean sortzen da kantua. Emeak aukeratzen du arra kantuaren arabera. Indar handiena daukana ar handiena da. Eta horrek ziurtatzen du etorkizunean bere kumeak handiagoak izango direla eta bizitzeko aukera gehiago izango dutela».

Eta arrabio arrunta tente ageri da azaroko orrialdean. «Gauaren iluntasunean harro egingo dizut aurre. Zuhaitzen babesean, tinko jarriko naiz. Basopeko orbelek osaturiko izaran euri malkoen zain izango nauzu».

Erasotua sentitzen denean hartzen du arrabioak jarrera hori. Eta akaso iritsi da narrastiek eta anfibioek paparra ateratzeko garaia.