> Hormigoia «berrasmatzeko» proiektua

Berotze globala geldiarazteko hormigoia «berrasmatzea» helburu duen Miracle ikerketa proiektuak Europako Batzordearen hiru milioi euroko finantziazioa jaso du Fet Open (Future Emerging Technologies) programaren barruan.

EHUk jakinarazi duenez, proiektua Donostiako CFM Materialen Fisika Zentroko Jorge Sanchez Dolado ikertzaileak gidatzen du, eta goranzko beroketa globalaren testuinguruan, aurrerapen zientifiko eta teknologiko horrek eragin handia izan dezakeela nabarmendu du, «energetikoki neutroak diren eraikinak lortzeko edo CO2 aztarna murrizteko».

«Miracle proiektuarekin hormigoia berrasmatu nahi dugu, metamaterial gisa funtziona dezan diseinatuz, kanpoko espazioari beroa kentzeko gai izan dadin», adierazi du Jorge Sanchezek.

Ikerketa gauzatuko duen taldeak azpimarratu du proiektuan garatu beharreko zientziak eta teknologiak «paradigma berri bat» ireki dutela, eta horri esker «hormigoia eta zementua bezalako material xumeak goi mailako teknologiako metamaterial bihurtuko» direla.

CFMz gain, Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Tecnaliak, Darmastadeko Unibertsitate Politeknikoak, Lovainako Unibertsitate Katolikoak (Ku Leuven), Microlight3D Unibertsitateak era Torinoko Unibertsitate Politeknikoak ere hartzen dute parte.

> Nekazaritza erreleboari buruzko jardunaldiak

EAEn populazio aktiboaren %1ek soilik jarduten du nekazaritzan, eta erreleboa hartzen duten pertsonen kopurua «era kezkagarrian» jaisten doa, EHUk dioenez. Egoera aztertzeko bi jardunaldi antolatu ditu datorren asterako. Eskualdeetan erreleborako ekimenak abian jartzeko aukerak ere aztertuko dira eta zenbait esperientziari erreparatuko diote.

Jardunaldiak online izango dira, hilaren 14an eta 15ean. Lehenengoa, doakoa eta edonorentzat irekia; bigarrena, berriz, Euskal Herrian erreleboa sustatu nahi duten erakunde publikoei zuzendua da, «euren eremu eta errealitatea kontuan izanik erreleboa nola landu dezaketen aztertzeko».

> Aretxabaleta, umorez, merkataritzaren alde

Umorea eta aldarrikapena uztartuta, “Brianen bizitza” filmari omenaldia egin diote Aretxabaletako merkatariek Gabonetan ere herritarrei bertako dendetan kontsumitzeko gonbitea egiteko.

Kepa Errasti aktore aretxabaletarra da bere herriko merkatariek aurkeztu duten kanpainaren protagonista. Dendariak eurak ondoan dituela, “Brianen bizitza” film ezaguna oinarri hartzen duen bideoa sortu dute, tokiko merkataritzari bultzada emateko. 

“Always Look On The Bright Side Of Life” abestiaren bertsio berezi horrekin, aretxabaletarrei Gabonetan ere herriko komertzioak babestu eta bertan kontsumi dezatela eskatu nahi izan diete. 

“Bizipoza ez dusku inork eruengo” da spot horretarako hautatu duten leloa..

> «Altsasu»: errealitateak fikzioa gainditzen duenean

Asteazken gauean estreinatu zen ETB1en “Altsasu”, 2016ko urrian Altsasun izan ziren gertakariak oinarri dituen telesaila. Koxka tabernan bi guardia zibilekin eta haien bikotekideekin izan zen liskarrak herri horretako zortzi gazterentzat izan dituen ondorio larriak kontatzen dira, ikuspegi humano batetik, aurkezpenean ETBko zuzendariak azaldu zuenez.

Ikusmin handia zegoen, eta audientzia datuek baieztatu egin dute: %7,1eko kuota eta 57.000 ikusle lortu zituen, Dos30TV agentziaren arabera.

Sare sozialetan, euskal twitterlarien artean joera izan zen, Umap.eus atariaren arabera. Iritziak, kolore guztietakoak. Zenbat buru, hainbat aburu. Batzuek, esate baterako, sailaren tono «iluna» edo «polizia ona/polizia txarra» dikotomia izan dituzte hizpide. Iritziak iritzi, errealitateak fikzioa gainditzen du, eta horrela gogoratu dute injustizia hori zuzenean jasan zutenek.

> Ekogudariak: denak euskaraz ekologiari buruz

Ekogudariak izena eman diote Muak.eus kolektiboaren bitartez hainbat artista eta norbanakok sortutako proiektu berriari. Lurrarekiko harremana euskaraz eta euskaratik hausnartzeko helburu duen ekimena da, bideo bidez eta sarean zabaltzen ari dena.

Abenduaren 3an hasi zen, Euskararen egunean, eta hilaren 23ra arte bideo bat igoko dute bost egunean behin. Ekologia, herri kantak, umorea eta errebeldia abiapuntu, Euskal Herriko erreferente kulturalei, sortzaile berriei eta ekologiarekin konprometituta dauden pertsonei egindako elkarrizketak, umorezko esketxak eta kantak biltzen dituen bideo sorta zabaltzen ari dira.