Itzea Urkizu Arsuaga

Tristura polita denean

Gaurko egunez, halako urtetan, halako lagunekin, halako mendira igo ginela gogorarazten digute sare sozialek. Argazkiei irribarre xaloz begiratzen diegu guk, pentsatuz, orduan ez genekiela, benetan, zein zoriontsu ginen. Aurten dena izan baita errepaso, dena atzera-begirada eta oroitzapen, teknologia berriek sortutako efemerideen oinetara. Eta, tamainan hartuz gero, ederra ere izan daiteke, noizbait bizi izandako pozagatik pixka bat tristatzea.

Hori baita malenkonia, tristura, baina polita denean; nerabezaroko olerki saiakera antzuetan, hamaika aldiz baliatutako –eta artean ezagutu gabeko– kontzeptua. Sentipen poetiko eta humanoa, bai, baina mingotsegia, akaso, elkarri ia aurpegirik ikusten ez diogun garaiotarako. Irudipena baitut ohitu egin garela orain eta hemen espazio bat okupatu eta gorpuztuko ez bagenu bezala bizitzera, garai bateko poz-arrastoetatik jan nahian.

Banketxean lan egiten duen lagunak dio ozpinduta nabari duela jendea, bizitzarekin haserre. Sanjuanik ez, sanferminik ez, aste nagusirik ez, Behobiarik ez, Durangoko Azokarik ez. Arropa denda txiki bateko jabeak kaleko harlauzei begira egiten du etxera bidea, egunero, denda itxi ostean. Azoka berezirik ez, zubirik ez, soldatarik ez, bezerorik ez. Txapa soinean espero nituen zenbait lagun, berokian Euskaraldiko rolik aukeratu gabe topatu ditut kalean, nire tristurarako. Ilusiorik ez, gogorik ez, kemenik ez; aitzakiarik ere ez, mesedez.

Baina eta “zera” gehiegiren gonape bilakatu da pandemia, eta gu guztiok igerian gabiltza, eleberri distopiko izan litekeen urte honen lerro artean. Denbora lapurtu digutela sentituz, eta denboraren zabuan kulunkatzeko modua ere bai. Nahi baino gehiagotan egiaztatu dugu laborategirik onenak ere ez digula itzuliko itxialdi bezperetaraino eraman gintuen gu hura. Eta, zer nahi duzue esatea, hala bedi.

Testu hau idazten hasterako, bi agindu emanak nizkion neure buruari, zirriborro mentaletan: ez aipatu koronabirusa eta amatasuna, ez izan errepikakor. Ordea, aurten ia ezinezko suertatzen zait bizitzari oso bestelako leihoren batetik begiratzea. Pandemiaren aurkako telemaratoi, kantu eta txalo zaparrada guztiek ere ez dutelako berreskuratuko joan den martxoan ginena; haren bertsio berritu bat, agian.

Besterik ez bada ere, aldizkari ofizialak irakurri eta gutxi gorabehera interpretatzen ikasita helduko gara datorren martxora. Bi mila eta hogeia noizbait gure belaunaldiaren treintaiseisa izango bada, hilabete surrealista hauetatik aterako dugu zerbait gure bilobei kontatzeko. Eta iaz besterik gabe pasatzen utzitako bizipenei –eta aldamenean genituenei–, orain emango diegu, akaso, merezi zuten karga. Ikasi beharko genuke, efemeride bilakatu aurretik, hemen eta orain okupatzen ari garen espazioa eta unea, hemen eta orain ukitzen, dastatzen, bizitzen. Etorkizuneko malenkonia momentutxoak sortzeko, zergatik ez. Immunitate, txerto, maskara eta distantzia guztien gainetik, horixe garelako: hezur-haragizko kaxa emozionalak. •