Ula Iruretagoiena Busturia - @ulissima05
Arkitektoa

Diruaz

Norberaren lanari ordainsari bat ezartzea buruhausteak ematen dituen ariketa da. Batez ere produktu immaterial eta ikusezinak sortzen ditugunean, barne gatazkak areagotu egiten dira; kultur mailan eta oro har sortzaileen munduan aritzen den edonork ongi ulertuko du hemen kontatzera goazena, arkitekto baten lan esperientzian oinarriturik dagoen arren. Lan orduari prezio bat zehaztean, merkatu balio eta balio sistemaren arteko neurketa bat gauzatzen dugu, subjektiboa den apreziazio bat objektibizatze aldera. Ariketa matematikoaren ondoan, beste preokupazio batzuek ere asaldatzen gaituzte: bestearen begietara kobratu nahi duguna arrazoizkoa izatearen ardura, bizitza duina lortzeko zenbakiaren kinka, esfortzua eta inplikazioa azpimarratzearen garrantzia, tartean diren gastuak kontsideratzea. Eta behin zifra bat finkaturik dugunean, ordainsarien zenbatekoa besteen belarrietara ahoratzeak deserosotasuna sortzen duela esango nuke, bai proposamena luzatzen duenarentzat eta bai prezioa onartu/ordaindu behar duenarentzat ere. Epaituak sentitzen gara gehiegizkoa izatearen beldur. Diruak eta sexuak konpartitzen dute modu lasaian hitz egiteko gaiak ez izatea oraindik orain, sekretuan gordetzen dugun “hori” izatea, eta bi kasuetan, tabuaren muga gainditzen denean, harrokeriaz hitz eginez edo salaketa tonuan gertatzen da.

«Arkitektoaren lana kontratatzea garestia da». Esaldi hori gezurtatzea edo egiaztatzea ez dagokit niri; prezioaren egokitasuna, esaldia adierazten duenaren ekonomia egoeraren eta dirua nola eta non xahutu nahi dugun zehazten duen balio sistemaren ondorioa izango da. Alegia, pertzepzio kontua dela eta lanari egiten zaion baloratzea edo baliogabetzea dagoela epaiketaren erdigunean. Egia dena da arkitektoen zeregina garestitzat jotzeko sinesmena gauza hedatua dela, eta arkitekturan dihardugunontzat lauza bat da ordainsaria finkatzeko unean, gure lana “garesti” delako aurreiritziak gure aurka jokatzen duelako (hau da, gehiegi kobratzen dugula diru kopurua zein den gorabehera).

Espazioaren eraikuntzak diru inbestitze bat dakar. Handia edo txikia ote den, ordainsarien balorazioan bezala, erlatiboa izango da, zer zerekin konparatzen dugunaren araberakoa. Baina egia dena da etxe bat erosi eta barne erreforma bat egitea pertsona askoren bizitzan beren bizitzako inbestitze handienetako bat izango dela. Horrek arkitekturako lanari erantzukizun estra bat gehitzen dio, espazioaren gaineko erabakiek ondorio ekonomikoa dakartelako. Ongi diseinaturiko etxe baten bizigarritasuna eta espazio kalitateak osasuna eta bizipoza ematen duela onartuz gero, diru inbestitzeak pena merezi duela agerikoa irudi lezake, baina poltsiko askoren begietara, arkitektoaren lana aurreztu daitekeen gastu bat da. Aurreiritzi horiek eragozpen handiak dira norberaren lanari prezioa jartzeko unean. Irabaziak gehiegizkoak izatearen fama eta ustea lana errespetagarri egiteko bidea da batzuentzat, lotsa soziala besteentzat. •