Amagoia Mujika Telleria
IKUSMIRA

EURI ZAHARRAREN GAINEAN EURI BERRIA

Bi neskato beren etxean, izkina batean eserita. Siriako Idilib probintziaren iparraldean dagoen Mukhayam al-Khair errefuxiatuen kanpalekuan dago beren etxea. Berez gogorra den bi milioi errefuxiatuen bizitza asko lazten da neguan. Azken egunetan izan diren euri-jasek berriz gogorarazi diete bi neskato horiei negua gogor datorrela; eguneroko itoginak, lokatza eta zero azpiko tenperaturak dagoeneko nahikoa traba ez balira bezala. Neguan oso ohikoak izaten dira hotzak eragindako gaixotasunak, arnasbideetako arazoak, kea arnastearekin lotutakoak, erredurak, kutsatutako urak sortutako gaixotasunak eta izozketa kasuak. Eta, aurten, covid-19a ere ez da urruti ibiliko. Medikuak etorriko denaren beldur dira, berezko anabasa horretan birusa identifikatzeko zailtasunak izango dituztela uste baitute.

Kanpalekuetan bizirauten duten herritar gehienentzat, %70 ingururentzat, ez da bertan pasatuko duten lehen negua. Behin-behinekoa behar zuena bizimodu bilakatu zaie derrigorrez. Horregatik, segur aski, argazkian pijama arrosarekin ageri diren neskatoak aspaldi konturatu dira beren bizitza ez dela arrosa kolorekoa. Amagoia Mujika Telleria