GAUR8
COVIDA ETA KOMUNIKABIDEAK

Pandemia garaian ikusle gazteen audientzia berreskuratu du telebista jeneralistak

Telebista jeneralistak ikusle gazteen audientzia berreskuratu du pandemiarekin. Horixe ondorioztatu du covid-19ak Estatu espainoleko komunikabideen kontsumoan duen eraginari buruzko ikerketa batek. Egunkari digitaletan ere gertatu da hazkundea: %45 igo da orrialde kopurua eta horietako trafikoa %100 handitu da.

Pandemia kolpe gogorra izan da esparru guztientzat. Bere bat-bateko agerpenak eta hartu behar izan ziren neurriek mundu osoko milioika pertsonen bizitza nahasi zuten.

Hainbat herrialdetan ezarri behar izan ziren konfinamenduek bat-bateko ohitura aldaketa ekarri zuten. Larrialdi egoerak aurrekaririk gabeko informazio premia sortu zuen, eta horrek milioika pertsona informazioa eskura zituzten komunikabide guztietan bilatzera behartu zituen. Universitat Oberta de Catalunyak egindako ikerketa batek erakusten du nola eragin zion egoera horrek Estatu espainoleko komunikabideen kontsumoari.

Txostenak ondorioztatu duenez, telebista da pandemiari buruzko informazioa jasotzeko biderik erabiliena, baina beste esparru batzuetan ere gora egin du. Adituek nabarmendu dute aldaketarik garrantzitsuena izan dela telebista jeneralistak aurreko urteetan hedabide digitalen alde galdu zuen audientziaren zati handi bat berreskuratzea, batez ere gazteenen artean.

Adinari dagokionez, igoerarik handienak 13 eta 24 urte bitarteko gazteen artean hauteman dira. Ordu tarteei dagokienez goizak, bazkalondoak eta arratsaldeak dira gehien hazi diren tarteak, %25 inguru. Bestalde, albistegiak ere gora egiten ari dira, %65 igo baita eguneroko kontsumoa.

Telebistako kontsumoari dagokionez, publiko objektibo guztien gorakada nabarmendu du ikerketak, baina 18 eta 39 urte bitartekoen artean %147 hazi dela azpimarratu du, eta 18 eta 70 urte bitartekoen artean, berriz, %82. Gazte horiek aspaldi utzi zuten alde batera telebista, bitarteko digitalen kontsumoaren alde, nahi zutena nahi zuten unean eta lekuan kontsumitu nahi zutelako. Horregatik, nagusiki gailu eramangarrien bidez kontsumitzen zuten.

Baina pandemiaren ondorioz albiste faltsuak asko ugaritu dira –sare sozialetan eta lagunekin edota senideekin partekatutako mezuetan– eta horrelako ziurgabetasun une larrian, «asko izan dira iturri ofizialetara gerturatu direnak informazio bila. Hortik telebistara bueltatzea, iturri ofizialetako informazioa eskaintzen zuelako», nabarmendu du ikerketak.

Horrez gain, komunikatu ofizialak telebistaz egiten ziren zuzenean eta horrek sinesgarritasuna ematen zion hedabideari, bertatik prentsaurrekoen jarraipenak egin zitezkeelako eta, horrela, informazioa ia bitartekaririk gabe lor zitekeelako.

Ikerketak azpimarratzen duenez, infoshow motako telebista saioek ohiko albistegiek baino audientzia handiagoa dute. Jokabide hori «ihes egiteko» premiari lotuta dago.

Plataformen kontsumoa

Azkenik, Netflix edo HBO bezalako transmisio libreko plataformen kontsumoa nabarmen hazi da. Datuek erakusten dute gorakada handia izan dela kolektibo guztietan, batez ere 18 eta 39 urte bitarteko pertsonen artean (%53). Hazkunde hori martxoko konfinamenduarekin lotuta dago. «Orain ikusi beharko da joera horrek bere horretan jarraituko duen edo harpidetza bajak gertatuko diren», esan dute ikertzaileek.

Ikerketak ondorioztatu duenez, covid-19aren bilakaerari buruz informatzeko gutxien erabiltzen diren bitartekoak Internet, sare sozialak, irratia, senideek edo ezagunek emandako informazioa eta paperezko prentsa dira. Informatuta egoteko irrati kontsumoa nabarmentzen ez den arren, herritarren begietara hedabide hori da sinesgarriena, telebistarekin batera.

Pandemiari esker, hedabide tradizionalek nolabaiteko sinesgarritasuna berreskuratu dutela ondorioztatu du ikerketak. «Albiste faltsuak birusak berak baino azkarrago eta arriskutsuago zabaldu zirela» kontuan izanda, joera normala da ikertzaileen ustez.