Amaia Nausia Pimoulier

Ustezko aliatuak

Azaroaren 25ean, emakumeek pairatzen duten indarkeriaren kontrako egunean bertan, hil zen Maradona. Baina, ez zen edonor, Maradona zen, futbolzaleen Jaungoikoa. Eta, are gehiago, ezkertiarra, Fidel eta Maduroren laguna, askoren iritziz, klase borroka inoiz ahaztu ez zuen futbolaria. Bere figura goraipatu zutenek onartzen zuten bere bizitza pribatua ez zela eredugarria, baina txikikeria horien gainetik kokatzen zuten baloiarekin izandako trebezia eta beti behekoen alde agertu izana. Jakinda bere bikotekidea jipoitzen zuela (bideoak badaude), adin txikiko neskekin ibiltzen zela eta bat baino gehiago haurdun utzi zuela, nahiko mingarriak izan ziren gizon ezkertiar askoren txioak.

Honek eztabaida ezberdinak sortzen ditu. Batetik, Izarok birala egin den bideoan esan zuen bezala, «jai dugu futbolari famatu batek bortxatzen edo jotzen bagaitu». Bestetik, zer gertatzen da miresten ditugun pertsonaien bizitza “eredugarria” ez denean? Hau da, beraien lana beraien bizitza pribatuaren gainetik kokatu behar dugu? Hor ditugu Woody Allen, Polanski, Picasso eta beste batzuk. Burura datorkit aste batzuk lehenago Sean Conneryrekin gertatutakoa. Kasu honetan gure inguruko gizon abertzaleen eskutik etorri zitzaigun goraipamena; izan ere Eskoziaren independentziaren aldekoa izanik, Euskal Herritik erraz bat egiten dugu nahi subiranistak dituztenekin. Are gehiago horren aktore bikaina izanda; nik ere gustuko dut, pelikula mitikoak egin ditu! Baina horri gehitu beharko genioke Conneryk gorpuzten duen gizon idealaren irudia: maskulinoa, seduktorea. Berarekiko dugun iritzia aldatu beharko genuke emakumeen kontrako biolentzia justifikatzen zuela jakitean? Elkarrizketa batean baino gehiagotan esan zuen ongi dagoela noizbehinka emakume bati zaplazteko bat ematea. Berriro ere betiko galdera sortzen da: pertsonala politikoa da? Bada, nire ustez bai.

Baina, horrez gain, badago beste eztabaida bat, zer gertatzen da feminismoaren ustezko gizon aliatuekin? Hau da, publikoki adierazpen feministak egiten dituzten berberek Maradonaren kasuan klase borroka borroka feministaren helburuen gainetik kokatzen dutenean? Hau ez da berria, noski. Ezkerreko borroka eremuetan etengabe gertatu ohi zaigun kontua izan da. Askotan, gure borrokakide gizonek esan digute emakumeen askatasuna klase borrokaren eskutik iritsiko zaigula eta, ondorioz, gure borroka bigarren mailakoa dela. Ni, feminista izanik, baina klase perspektiba izanik ere, ados nago eta beti defendatu dut feminismoak antikapitalista izan behar duela edo bestela ez dela eraginkorra izanen. Baina, bestetik, nahiko deprimentea da gizon ezkertiar batzuen jokabidea, teorian feminismoaren aliatuak diren horien jokabidea: gizon baten jokabide matxista bigarren mailan kokatzen dutenean bere klase borroka garrantzitsua izan delako, batzarretan beti hitza monopolizatzen dutenean edo gure iritzia gutxiesten dutenean, esate baterako.

Emakumeak heziak izan gara eremu publikoan ez parte hartzeko, hori egia da. Arrotza egiten zaigu mundu hori, horren maskulinizatuta egon dena; horregatik, politikan, batzarretan eta borroka eremuetan oso zaila egin zaigu beti parte hartzea. Gure lanketa argia da, eremu publikoa geureganatu behar dugu. Ai, baina, zuena ere ez da txikiagoa, matxismoa transbertsala delako, ezkerraldean zein eskuinaldean. •