Entrevista
ANDONI LARIZ
Hezkuntza Plazara ekimeneko partaidea

«Egungo ereduak agortu dira eta pandemiak hori oso agerian utzi du»

Andoni Larizen ustez, abenduaren hasierako mobilizazio zabala mugarria izan zen. Premiak nabariak dira, baina orain komunitate osoa aktibatu da.

Aritz LOIOLA I FOKU
Aritz LOIOLA I FOKU

Abenduaren hasieran, mobilizazio eta ekimenen bidez ikasgeletako aldarrikapenak Hegoaldeko herri eta auzoetako plazetara atera zituzten. 500dik gora norbanako, ia 80 kolektibo eta hezkuntzan zein euskalgintzan diharduten hamaika kolektiboren atxikimendua jaso du Hezkuntza Plazara adierazpenak, eta handitzen ari da kopurua. Herritarrak, ikastetxeak, guraso elkarteak, zuzendaritza taldeak, artezkaritza kontseiluak, klaustroak eta langile komiteak dira, besteak beste, ekimena bultzatzen dutenak.

Hezkuntza Plazara ekimenak hezkuntza munduan dauden beharrak plazara atera ditu; zeintzuk dira premia horiek?

Gure hezkuntza sistemetan egiturazkoak diren arazoak dauzkagu aspaldian. Arrakala sozioekonomikoa, arrakala kulturala, linguistikoa, eta nola ez, genero ikuspegiko arrakala ere bai. Pandemiak inork aurreikus ezin zezakeen egoera sortu du, eta arazo horiek guztiak agerian jarri eta sakondu ere egin ditu. Lehenago bizi genituen arazoak eta indarrean dauden hezkuntza sistemen ezintasunak inoiz ez bezala agerian jartzen ari da pandemia. Horrek guztiak ikastetxez ikastetxe sortu dituen egoerak eta ondorioak kezka larriz bizi ditugu hezkuntza komunitateok, eta horregatik erabaki dugu gure artean saretu eta gure irakurketa zabaltzearekin batera egoera horri erantzuteko gure aldarrikapenak eta proposamenak plazaratzea.

Izan ere, gure ustez inprobisazioz jokatu dute administrazioek eta oraindik ez dugu hezkuntza komunitatearekin partekatutako plangintzarik ezagutzen, egoerari behar bezala heltzeko. Horren aurrean, argi daukagu gauzak beste era batera egin behar zirela eta egin zitezkeela, lehentasun eta borondate kontua dela uste dugu.

Beharrak eta premiak gure aldarrikapen adierazpenean jaso ditugu. Labur esanda: baliabide askotarikoak behar ditugu arrakala horiek gainditu eta inklusioa bermatu ahal izateko, gehien behar duenari gehiago emanez. Haur eta nerabeak zaindu egin behar ditugu eta beraien garapen integrala bermatzeko neurri guztiak ziurtatu behar dira; curriculumak berrantolatu egin behar dira, edukien transmisioan baino gaitasunen lanketan zentratuz. Euskararen irakaskuntzan zein erabileran eta euskal kulturaren transmisioan bizi dugun galera eten, eta euskalduntzea sustatuko duten neurriak sustatu behar dira, murgiltze eredu orokortua eta euskal curriculumaren ezarpenaren norabidean. Aisialdi hezitzailearen garrantzia aipatu nahi dugu eta pandemiaren aurretik zeuden ekimenak berreskuratu beharra dago.

Eskolak auzoan eta naturan emateko erraztasunak behar ditugu, osasun zein ikuspegi pedagogiko batetik. Ikasleen ongizate osoa aintzat hartuta ratioak jaitsi behar dira, eta beraz, langile gehiago kontratatu behar dira eta prozesu hezitzailerako espazioak berrantolatu. Jangelak zabalik behar ditugu. Urteetan metodologietan eta berrikuntzan emandako pausoetan ezin dugu atzera egin, eta hezkuntza komunitateoi gogoetan eta erabakietan parte hartzeko aukera bermatu behar zaigu.

«Ikasleak erdigunera» diozue, zer eskatzen da horrekin?

Egiten dugun guztiak, hezkuntzaren berrantolaketa guztiak, haur eta nerabeen garapen integrala izan behar du helburu. Izan ere, horixe baita hezkuntzaren xedea. Haur eta nerabeak zaindu egin behar ditugu eta beraien garapen integrala bermatzeko neurri guztiak ziurtatu behar dira, pedagogikoak, emozionalak, materialak, sistemaren antolakuntzari loturikoak... Ratioena aipatuko nuke bereziki. Hezkuntza prozesuaren protagonista bihurtu behar ditugu ikasleak eta gaurko kondizioetan ezinezkoa da.

Ezin dugu jarraitu ikasleekin lanean ikastetxeetako hormetatik kanpo eta beraien bizitzetan ezer gertatu ez balitz bezala, entzun egin behar diegu emozionalki zer eta nola bizi duten egoera hau guztia. Egoera honetan, lehentasuna da gure jarduna edukien transmisio hutsera bideratzea baino gaitasunak lantzea. Horrek tratu pertsonala eta hurbila eskaintzea eskatzen du. Eta hori ondo egiteko alde batetik ikuspegia eta bestetik bitartekoak behar dira. Egun ditugun ikastetxe eta institutu masifikatu askotxotan ezinezkoa da hori bermatzea.

Familietan ere arazoak pilatzen ari dira, haien bozgorailua izan nahi du ekimenak?

Bai horixe. Bozgorailu ez ezik, irtenbideak topatzeko komunitatearen indarra ikusarazten ere lagundu nahi dugu. Egoera honetan, baliabide askotarikoak behar ditugula aldarrikatzearekin batera, gako nagusietakoa komunitatearen antolakuntza dela uste dugu.

Eraldaketa pedagogiko baten beharra aipatu duzue, edukiak eta irakasteko ereduak aldatu behar dira?

Goitik behera. Esan bezala, edukien transmisioan baino gaitasun eta konpetentzien lanketan zentratu beharra dago ikasketa prozesua. Eta gaitasunak landu ahal izateko ikasleak gelan, ikasketa prozesuan, era aktiboan parte hartu beharra dauka; protagonista izan beharra dauka; egiten, komunikatzen, aditzen, zalantzan jartzen, kritiko izaten… jardun behar du. Eta ez bakarrik entzuten. Curriculuma bestalde bizitzarekin lotu behar da, horrela ikastetxean ematen den denbora eta ikastetxetik kanpo ematen dutena continuum bat bezala biziz.

Horrez gain kontuan izan behar dugu hezkuntza ikastetxe barnean gertatzen den hori baino gehiago dela. Hortik harago ere prozesu hezitzaileak gertatzen direla badakigu, eta guztiaren gainetik, hezkuntza prozesua gizarte ardura dela uste dugu. Horregatik, hain zuzen, ahalegina egiten dihardugu, bizi ditugun premiak barnebiltzen gaituzten komunitateekin partekatzeko eta auzo-herri eragile askotarikoak eta herritarrak ere gure aldarrikapenen partaide bilakatzeko.

EAE hezkuntza lege berri bat onartzeko bidean dago, testu horrek gaur egun dauden kezka eta gogoetei erantzun beharko lieke?

Hezkuntza Plazara ekimenak ez du propio etor litezkeen lege berri edota egun indarrean daudenen inguruko gogoeta zehatzik egin. Edozein kasutan, lege eta araudiek herriaren garapena eta herritarron eskubideen bermea zein ongizatea beharko lukete helburu, beraz, administrazioek hezkuntza komunitatearekin elkarlanean adostu beharko lituzkete legeak.

Hezkuntza Plazara ekimena ahots ezberdinak biltzen dituen ahotsa izan daiteke administrazioen aurrean?

Hezkuntza Plazara ez da eragile berri bat, eta ez gara etorri beste hezkuntza eragile batzuen tokia hartzera. Hezkuntza Plazara ekimen bat da, egoeraren irakurketa eta hezkuntza ereduarekin lotutako aldarrikapen sakonak biltzen dituen adierazpen baten inguruan, hezkuntza komunitateak ahots propioz aktibatzera deitu dituena. Elkarlana sustatu nahi duena, batzen gaituenetik abiatuz, hezkuntza sareez gaindi eta baita eremu administratiboez gaindi ere, sare berriak eraiki ditzagun. Su txiki askok su handi bat osa lezaketela sinesten dugulako. Euskal Herrian hezkuntza ereduaren eraldaketaren beharra nabarmena da, egungo ereduak agortu dira eta pandemiak hori oso agerian utzi du, horrenbestez, gure ustez, hezkuntza eredu berri baten norabidean behetik gorako ekimena ezinbestekoa da, hezkuntza komunitateen jardunean oinarri hartuko duen olatu handi bat sortzerainokoa. Hor kokatuko dugu gure ahalegina.

Hegoaldeko administrazioen utzikeria salatu da, zer botatzen da faltan?

Lehentasun kontua da. Pertsonak dira lehentasuna? Hezkuntza lehentasuna al da? Hitzetan barik ekintzetan erakutsi behar da hori, eta guk ez dugu ikusi horrelakorik. Beste modu batean egin behar dira gauzak eta posible dela irizten diogu. Administrazioek egoerari erroetatik heldu eta hezkuntza komunitatearekin elkarlanean jardun beharko lukete, dauzkagun beharrei nola erantzun adostu ahal izateko.

Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneak hezkuntza sistema birplanteatzeko eskatu dio Lakuako Gobernuari, zer deritzozue horri?

Hezkuntza Plazarak ekimen gisa ez du beste eragile batzuen jardunik baloratu. Lehen esan bezala, argi dakusagu gure herrian dauzkagun hezkuntza sistemek goia jo dutela maila askotan eta ereduaren eraldaketa ezinbestekoa dela, eta hori, EAE edo Nafarroako administrazioez harago, hezkuntza komunitatearen ekarpenarekin eta adostasunarekin egin beharreko prozesua izango da.