Juantxo EGAÑA

Burgosko Prozesuko abokatuak

Burgosko Prozesuaren historia grafikoa artxibo pertsonalen bidez eraiki da. Kasu batzuetan, afizionatuek egindako argazkiak dira, hala nola Burgosko kartzela barrukoak, non auzipetuak beste euskal preso batzuekin batera agertzen diren: senideek metxero baten tamainako kamera bat sartu eta presoek beraiek egin zituzten argazkiak. Beste batzuk ez dira oso ezagunak, hala nola 1968ko udazkenean Diman Jose Maria Eskubik egindakoak; horietan auzipetuetako batzuk ageri dira, ETAko zuzendaritzako kide zirela. Epaiketa izan zenean, nazioarteko entzute handiko argazkilariak Burgosera joan ziren. Haien artean, Michel Lipchitz, Associated Press agentziakoa; Henri Cartier Bresson, Magnum agentziakoa, eta Jacques Pavlosky, Donibane Lohizunen sortua, Rapho agentziakoa. Modu diskretu eta anonimoan egin zituen Arturo Delgadok 60ko hamarkadaren amaieran eta 70eko hamarkadaren hasieran manifestazioen argazkiak eta Jonan Zinkunegik prozesuan zehar Donostian egindako pintadenak. 1970eko abenduan epaiketa salatzeko hainbat intelektualek Montserraten egin zuten itxialdiaren argazkiak Isabel Steva “Colita” argazkilari bartzelonarrak egin zituen. Daniel Velez Euskal Herriko prentsa argazkigintzaren historia hurbileko erreferente bat da, bere kamerarekin Behil kontsul alemaniarraren bahiketarekin lotura zuten irudi batzuk utzi baitzituen, baita Ipar Euskal Herrian epaiketaren aurka izan ziren manifestazioenak ere. Artikulua ilustratzen duen irudia, egile ezezagunekoa, Burgosko Bonifaz Almirante hotelean 1970eko abenduaren 30ean abokatuei egindako argazki sorta batekoa da. Ezkerretik eskuinera, Pedro Ibarra, Ibon Navascues, Jesus Maria Bagues, (...), Juan Mari Bandres, (...), Elias Ruiz Ceberio, Jose Antonio Etxebarrieta, Francisco Letamendia “Ortzi”, (...).