> «Euskal artzain txakurra salbatzea»

EHU eta Euskal Artzain Txakurraren Adiskideak Elkartea ale kopuru mugatua duen arraza desagertzea saihesteko egitasmoan ari dira elkarlanean. Laginak hartzen zentratu da orain arte proiektua; besteak beste, profil genetikoak aztertzeko eta arrazan dagoen endogamia maila ezagutzeko.

Duela bi urte abiatu zuten egitasmoa eta ikerketa «bide onetik» doala eta, EHUk ohar batean adierazi duenez, arraza desagertzeko arriskua saihesteko gako batzuk eskainiko dituzten emaitzak izango dira laster.

Sinatutako hitzarmen bati esker, EHUko BIOMICs taldea EATAG (Euskal Artzain Txakurraren Azterketa Genetikoa) garatzen ari da, arrazaren dibertsitatea hobetzeko analisi genetikoak eta beharrezko azterlanak eginez.

Txakur horien gaineko kezka 2001ean sortu zen, Lakuako Gobernuak argitaratzen duen bertako arrazen katalogoan euskal artzain txakurra desagertzeko arriskuan dauden arrazen artean sailkatu zuenean, «ugaltzeko ahalmena zuten mila eme ale baino gutxiago zeudelako». Bestalde, bi barietate daudenez, iletsua eta Gorbeiakoa, barietate bakoitzean mila eme ale izatera iritsi beharko litzateke.

Artzain, hazle eta jabeei proiektua azaldu eta beharrezko laginak lortzen zentratu da lana bi urte hauetan. Urtea bukatzerako 150 laginetik gora izatea espero dute.

> Lapa espezie batek historiaurreko berri ematen du

EHUko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko ikertzaile batzuek Kantabriako Unibertsitatearekin eta Max Planck Institutuarekin elkarlanean egindako ikerketa batek erakutsi duenez, Patella depressa espezieko lapak bereizmen handiko adierazle klimatikoa dira.

Itsas moluskuen oskoletako oxigeno isotopo egonkorren erlazioen analisiek iraganean zer kondizio ozeanografiko zeuden jakiteko bide eman dute, baita historiaurreko giza populazioek zer-nolako bizimodua zeukaten jakiteko ere. Besteak beste, Asier Garcia Escarzagak zuzendutako ikerketak frogatu duenez, Patella depressa espeziea klima adierazle egokia da.

> Medikamentuen preskripzioetan akatsak detektatzeko

Medikamentuen preskripzioetan egon daitezkeen akatsak eta desadostasunak detektatzeko zerbitzu batek zer eragin izan dezakeen ebaluatu dute EHUn. Bidasoan egindako ikerketan farmazia komunitarioen parte hartzea funtsezkoa izan da.

«Askotan pazienteen tratamendu aktiboaren orrian preskribatuta dauzkaten sendagaiak eta benetan hartzen dituzten sendagaiak ez datoz bat», azaldu dute EHUko iturriek. Diotenez, munduan hamar heriotza kausa nagusietako bat medikazio akatsak dira. Farmazia eta Elikagaien Zientziak Saileko Ainhoa Oñatibiak errealitate hori ikertu du.

Medikazio akatsek osasunean eta ekonomian duten inpaktua dela eta, Osasunaren Mundu Erakundeak horiek murriztea sartu du Pazientearen Segurtasunaren Erronka Globalean.

> Presoen errealitatea kartel batean bilduta

Sasoi honetan ageri ohi da kartela Euskal Herriko txoko askotan: euskal preso politikoen izen-abizenak eta aurpegiak. Aurten, espetxe zigorraren dimentsioa kolpe batez ikusarazteaz gain, informazio iturri eraginkorra bilakatu da posterra.

Hasteko, gaixotasun larriak dituzten presoak batu ditu. Halaber, adinean aurrera nabarmen egiten ari den kolektiboan, nork dituzten 70 urte beteta, nork 65 eta nork 60 baino gehiago.

Lau lagunek hiru hamarkada baino gehiago egin dituzte preso, eta hogei urtetik gora beste 43k. Zigor erantsiak ere agertzen dira, eta lehen graduan nortzuk dauden, zigorraren hiru laurden nork gainditu dituen, guraso nortzuk diren, nortzuk dauden etxean espetxealdi arinduan edota erietxeren batean...

Datu asko, beraz, eta mezu argi bat: “Free them all; euskal preso, iheslari eta deportatu politikoak etxera!”.

> Nafarroako kirolariak, erantzukizun eske

Nafarroako kiroletako zenbait pertsona erreferentzialek erantzukizuna eskatu dute datozen Gabonak ospatzeko. Miguel Indurainek, Nerea Penak, Juan Martinez de Irujok, Oier Sanjurjok, Patxi Puñalek eta Cesar Cruchagak bideo bat grabatu dute.

Patxi Puñal eta Cesar Cruchagaren elkarrizketa batetik sortu zen ideia. Gurasoekin biltzea eta Gabonetan bazkaldu edo afaltzeagatik osasuna arriskuan jartzea zuzena den galdera sortu zitzaien eta biek ezetz ondorioztatu zuten. Denbora gutxian, beste kirolari batzuekin eta komunikazioko hainbat profesionalekin harremanetan jarri eta joan den astean ekimena sare sozialen eta hedabideen bidez zabaldu zuten.