Miren Azkarate Badiola

Kutxiguzue bidea

Zine kritikaria izateko jakin egin behar da, berdin antzerki eta musikaletarako, eta ni ez naiz aditua, baina zalea bai. Txiki-txikitatik sartu zidaten harra izebak eta osabak, biak espektakuluaren munduko langileak izaki. Lehenak, Klarak, euskararekiko maitasuna ere bai, bere lana Euskal Herrira mugatuz eta ahal zen guztietan euskaraz garatu baitzuen; eta bigarrenak, Patxik, bizitzako esparru eta momentu guztietan umorea erabiltzen erakutsi zidalako.

Azken horrek zuzendari bezala estreinatutako ikuskizun batera joateko aukera izan nuen aurreko batean, eta esango duzue: «Badakigu orduan kritika ona egingo duela». Ba bai egingo dut, baina pisuzko arrazoiekin, ikusiko duzuen bezala.

Batetik, bizi dugun garai hauetan ikuskizun bat estreinatzeak duen meritua eta ausardia azpimarratu nahiko nituzke: pandemiaren aitzakiapean denak balio duenez badakigulako kultura zein egoeratan dagoen. Bestetik, oholtza gainean dauden aktore eta abeslariak paregabeak direlako. Eta azkenik, obrak berak, oso ezaguna izan arren, ez duelako aspertzen, horretarako berritasun on batzuk sartuta.

“Kutxidazu bidea Ixabel” ikustera joan nintzen Victoria Eugenia antzoki dotorera eta hasiera batean pixka bat beldur banintzen ere, jada formatu guztietan ikusi baitut obra hori (liburu, antzerki eta pelikula), izugarri gozatu nuen! Ordu eta erdia berehala pasatu zitzaidan, barre asko egin nuen eta zergatik ez onartu, negar pixka bat ere bai. Arestian esan bezala, ez naiz kritikaria, baina niretzako zerbait ona dela esateko baldintza ezinbestekoa da zerbait sentiarazten didan ikuskizuna izatea; mina, algara edo dena delakoa, eta honek hori lortu zuen.

Luzaroan segi dezazuela Demode Quartet jendea hunkitzen eta bidea erakusten, euskaraz eta umoretik, umorez eta euskaratik. Abestuz gainera! Eta ongi dakigun moduan: abesten duen herria ez da inoiz hilko! •