Isidro Esnaola

Pandemiak mundu mailako konponbidea behar du

Urtearekin batera hasi dira covid-19aren aurkako txertaketa kanpaina orokorrak. Errusiar Federakundea izan zen lehenengoa. Jarraian Bielorrusiak eta Argentinak Sputnik V txertoa baimendu zuten eta euren txertaketa kanpaina abiatu zuten. Txinak ofizialki orain dela egun batzuk martxan jarri zuen bere plana, baina txerto esperimentalen bost milioi dosi baino gehiago jarri ditu jadanik. Ondoren etorri dira Britainia Handia, Kanada, AEB, Suitza, Serbia, Europar Batasuna... Eta horrela abiatu da «bukaeraren hasiera» bataiatu duten prozesua. Momentu honetan txerto gehien jarri duen estatua Israel da, dagoeneko populazioaren %11,55ek dosi bat jaso du. Oso urruti gelditzen da hurrengoa, Britainia Handia, %2ra ez da oraindik iritsi.

Txertoen erosketek ere antzeko bilakaera izan dute. Txerto gehien erosi duen herrialdea AEBak dira: 1.010 milioi dosi erosi ditu eta beste 1.600 milioi erreserbatu. Jarraian, Europar Batasuna eta India; 1.585 milioi eta 1.600 milioi dosi, hurrenez hurren. Lehen hiruren artean ez da Kanada ageri, hala ere, hango gobernuak herritar guztiei bost txerto baino gehiago jartzeko adina dosi erosi ditu. Itxura guztien arabera, herrialde aberatsak txertoak pilatzen ari dira. Dirua izanik, zergatik ez.

Logikoa denez, txerto garestienaren –Moderna– %100 erosteko ahalmen handiko herrialdeek erosi dute. Beste aldean, Errusiakoa eta Txinakoa; txerto horien ia %100 erosteko ahalmen gutxiko estatuek erosi dituzte.

Erositako txertoen zerrendako laugarren postuan COVAX ageri da, 700 milioi dosirekin. Zaila da jakitea dagoeneko horietako zenbat jaso dituen, baina itxura guztien arabera, bat ere ez. Txertoetarako Gavi Aliantzak, Berrikuntzak Sustatzeko Koalizioak eta Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) zuzentzen dute COVAX. Ekimen horren helburua da covid-19aren aurkako txertoen garapena eta fabrikazioa bizkortzea, eta munduko herrialde guztiek txertoetarako sarbide justu eta ekitatiboa izatea bermatzea. Oso helburu zuzenak. Nolanahi ere, badirudi enpresek nahiago dutela lehenengo ahalik eta gehien ustiatu euren txertoak eta gero gerokoak.

Txertoen banaketak munduko aberastasunaren pilaketaren eredua jarraitzen du. GKEek kalkulatu dute aurten munduko hamar biztanletik bakarrak soilik jasoko duela txertoa eta bakar hori herrialde aberatsetako biztanlea izango dela. Hori dela eta, Hegoafrikak eta Indiak eskatu diote Munduko Merkataritza Erakundeari pandemiak irauten duen bitartean txertoen gaineko jabetza intelektualaren eskubideak etetea. MMEk oraindik ez du erabakirik hartu, baina dagoeneko herrialde aberatsak horren aurka agertu dira, EB barne. Txertoen fabrikazioa bizkortzeko ezinbesteko urratsa da hori, baina aberatsen artean horretarako borondate politikorik ez.

Ematen du Euskal Herrian ez gaudela bereziki kezkatuta egoera horrekin. Txertoaren aldekoak txandaren zain eta aurkakoak lasai: gehienek txertoa hartuko dute eta taldeko immunitatea lortuko da; beraz, kezkatzeko motiborik ez. Auzia da mundua gero eta txikiagoa dela, harremanak gero eta estuagoak direla eta hamar biztanletik bederatzi txertorik gabe gelditzen badira, berandu baino lehen, birusaren beste aldaera bat iritsiko dela, eta arazoa konpondu beharrean larriagotu egingo dela. Oraindik ez dugu ulertu norbanakoaren biziraupena munduko biziraupen kolektiboan oinarritzen dela. •