Jon Garmendia

«EZKEXA», IRONIA ZORROTZA JANZTEA

Frantxoa Usandizagaren eta Jon Paterneren sorkuntza da «EzKexa» tixerten sorkuntza faktoria. Lapurdiko Itsasutik aritzen dira lanean; euskaraz, ironia zorrotzetik eta folklorismoan ez erortzeko saiakeratik. «KarrikaStyle» esaten diote beren bideari, Xalbadorrek bizitakoak gaurkora ekartzen dituen estiloari.

Xanti LAPLACETTE
Xanti LAPLACETTE

Artzamendi azpian sortua da Frantxoa Usandizaga, Itsasun, eta han du «EzKexa» tixerten sorkuntza faktoria, Lapurdiko mendi garaienaren magalean. Jon Paterne, aldiz, saratarra da, bera da proiektuaren bigarren hanka, Saran dute halaber egoitza, batek sortu eta besteak saldu, batek pentsatu eta besteak hitz egin, edo biek dena egin, elkarrekin. Urteak dira Ipar Euskal Herriko karriketan «EzKexa» etiketatxoa daramaten arropak sumatzen direla, tixertak, kirol jertseak, kaputxa duten jertseak, kasketak, txapelak… produktu guztiek bi ezaugarri komun dituztelarik. Lehena, sormenaren bidez, diseinu ausartekin pentsamendu bat eragitea; eta bigarrena, sortzaileen aburuz garrantzitsuena, euskara hutsean egindako lan bat soinean izatea. Ez arduratu, ez haserretu, ez larritu, lasai egon, adiera anitz izan ditzake «EzKexa» horrek.

Izena isats zuhaixkatik jaso duen Lapurdiko herri ederrean egin dugu hitzordua bi artista hauekin, eta lehen galdera justuki, «zergatik ‘Ez Kexa’?» izan da. «Duela hamabi urte edo, marka bat sortu nuen, soilik lagunentzat zen, taldetxoan eramateko zerbait, ‘Loreak mendian’ edo ‘Kukuxumusu’ gisako sloganekin egindako tixertak ikusten nituen hor zehar, eta ene buruari erran nion, nik aterako dut anitz erabiltzen dugun espresio bati lotuko den marka bat, eta horrela hasi zen bide hau», azaldu du Frantxoa Usandizagak. Baionako ospitalean egiten du lan, hura du ogibide; beraz, hau guztia bere sormena lantzeko jolas modura hartzen du, bera da marrazki guztien sortzailea. «Frantxoa bakarrik aritzen zen irudiak lantzen, eta baita bere anaiarekin ere ‘Pusa’ izeneko markarekin gero. Ni zerbait sortzeko kontuarekin joan nintzaion, atzematen bainuen biziki interesgarria zela berak egiten zuen lana. Bere lehen marrazkiak sobera ederrak ziren, eta zerbait konkretua edo ofiziala egitea zen nire ideia. Horrela, elkarrekin adostuta, enpresa muntatzen hasi ginen eta lehen kolekzioa atera genuen 2016an». Amestutako helburu bat gauzatu zuela kontatu digu Jon Paternek, bera hargina da lanbidez eta buru-belarri aritzen da libre dituen orduetan proiektu hau aurrera ateratzeko pulamentuz.

Hasi zirenetik urtean bitan ateratzen dute «kolekzioa» deitzen dutena, ideia berri bati lotutako jantzien sorta. «Uda aitzin ateratzen dugu lehena; udaberrian eta udan erabiltzeko arropa da, nagusiki kamisetak dira sasoi horretarako. Gero ateratzen dugun bigarrena udazken eta neguarentzat izaten da. Frantxoa da artista eta bere lana da diseinu berri bat ateratzea, behin egina duelarik hura egokitzen diogu urteroko bi kolekzioei».

Jonen erranari jarraiki Frantxoari galdegiten diogu zertan oinarritzen den diseinu berriarentzat. «Istorioak entzuten baditut burua martxan jartzen zait; beraz, gauza historiko bati lotua bada, hau da, euskal jendearekin edo gure munduarekin lotutako zerbait, hura saiatzen naiz ‘pop art’ imajinekin edo munduko gertakari batekin nahasten. Funtsean, ‘street art’ delakoa interesatzen zait niri. Xalbadorren diseinua adibidez Itsasuko bestetan bururatu zitzaidan, festan nenbilela lagunei entzun nien Xalbadorri Donostian gertatu zitzaiona, ez nuen pasartea ezagutzen, eta besta egunak igaro eta gero, loa ezin harturik, marrazten hasi nintzen eta horrela sortu nuen».

Frantxoak aipatzen duen diseinuan Fernando Aire Xalbador agertzen da, Ipar Euskal Herriko bertsulari handia, eta gibelean ditu Tommie Smith eta John Carlos korrikalari afro-amerikarrak, 1968an Mexikoko olinpiadetan urrea eta brontzea irabazi ondotik, sariak jasotzerakoan Botere Beltzaren agurra egin zutenak eskularru beltz bat aireari eskainiz. «Haiek biek sekulako txistukada jaso zuten, eta garai bertsuan, hilabete batzuk lehenago gertatu zitzaion Xalbadorri Donostiako txistukada; azken batean, bien artean zerbait historikoa gertatu da, badaude antzekotasunak eta, batez ere, gerora arrazoia haiei eman zaie, legenda bihurtu dira».

Artea eta protesta

Artetik anitz du EzKexakoek sortzen dutenak, protestatik ere badu. «Guk ez dugu ikusten ikuspegi politikorik, funtsean pentsatzen duguna adierazten saiatzen baikara. Egia da izan dugula arazoren bat dendaren batean gure tixertak jartzerakoan, baina uste dugu gehiago dela lotua erabiltzen ditugun diseinu batzuen irudiarengatik. Adibidez ‘Kirola gorputzean aizkora bihotzean’ esaldiak baino gehiago aizkora baten irudiak ekartzen die zerbait desatsegina zenbaiti, interpretatzeko modua delako, batzuek folklorea ikusten dute, beste batzuek agresibitatea. Edo ‘Euskal Herria ez da Shangai’ edo ‘irriak bizi behar du’ diogunean, ironia erabiltzen dugu modu naturalean, ‘Euskal Herria ez da Salgai’ kanpaina gogora ekartzen du noski edo ‘Herriak bizi behar du’. Guk umorea jorratzen dugu ausarki», irriz aitortzen du Frantxoa Usandizagak.

Bestalde, egiten dutena euskaraz izateak muga bat jartzen diela begi bistakoa da, badakite nekez ukituko dutela euskal hiztuna ez den merkatua. «Hasiera batean erosleak lagun eta ezagunak baziren ere, azkenaldian frantsesek ere erosten dituzte gure sorkuntzak, ideia bat edo artea ez baita soilik hizkuntzarekin neurtzen», ziurtatzen digu Paternek. Eta gaia sakontzen jarraitzen du, «adibidez, bigarren konfinamendu honetan, neska batek ideia berritzaile bat ukan zuen, bertako sortzaileak biltzeko talde bat osatu nahi zuen sare sozialetan, eta abian ezarri bezain laster 12.000 pertsona bildu ziren han. Kopuru handia da istant batean elkartzeko; beraz, erran nahi du gibelean badela edo ikusten dela behar bat. Talde horretan sartu ginen gu, guri buruz frantsesez idatzi zen mezu bat, erranaz diseinuak euskaraz zirela, gure lana zertan oinarritzen zen eta abar, mezuak arrakasta ukan zuen eta horrek ekarri zuen Frantzia osora ailegatu izana. Gure mezua anitz partekatu zen eta gerora salmenta handia nabaritu dugu: Bordeletik erosi digute, Agenetik, Parisetik... Talde horretan Euskal Herria maite duten jendeak daude eta horiek berdin-berdin erosi digute».

Ez da usu gertatzen Ipar Euskal Herrian, euskaraz soilik aritzeko erabakia dutenak aurkitzea, errealitate soziolinguistikoak frantsesa kokatzen baitu erdigunean, baina EzKexakoek lau haizeetara aldarrikatzen dute hau, webgunetik hasita, euskaraz baino ez baita, eta han idatzia dute: «Kontrastea bultzatuz, folklorea alde batean utziz, Ezkexak euskara eta kultura aldarrikatzen ditu bere jantzietan eta bere tribua mugaz gain zabaltzeko asmoa du».

Euskaraz komunikatzea

Borobil eta eder dirudiela aitortzen diegu, ea azalpen bat eman nahi diguten, eta Jonek ez du zalantzarik. «Hasieratik erabaki genuen euskaraz soilik komunikatzea, bai sare sozialetan bai webgunean, sortzen dugun lanak euskaraz izan behar du osoki, ez gara komertzio arruntean sartzen, ez gara inor besteei buruz hitz egiteko, hau da, badakigu ikur folklorikoak dezente erabiltzen direla komertzioa hobetu eta sosak irabazteko, izan lauburuak edo izan ikurrinak, gaur egun mezu polit batekin zernahi edertzen ahal dela ongi dakigu, ‘Basque Country’ ezarri eta aitzina joatea biziki erraza balitz bezala, baina autentikotasunari garrantzia ematen diogu, hemen bizi, hemen lan egin. Bide horretan, badakigu frantsesez edo ingelesez egingo bagenu gure salmenta eremua zabalduko litzatekeela, baina ez zaigu hori interesatzen, gure nortasuna galduko baikenuke». Eta Frantxoak hartzen dio segida. «Guk aspalditik begiratzen genion Hego Euskal Herrian saltzeko aukerari, adibidez, Parisen saltzeari baino askoz gehiago. Iparraldekoak izanda Hegoaldean sartzea zail ikusten genuen. Hegoaldean ohitura handia dago diseinu eta marrazkien arloan, urrundik datorren kontua da; marka anitz daude, beraz, konpetentzia handia. Beraz, garrantzitsua zen guretzat tokitxo bat egitea bertan, eta aldi berean, gure lana herriak eta herritarrak ezagutzeko baliatu nahi genuen, jendearekin harreman berriak egin, eta ongi pasatu, kamisetak banatuz ibili garen aldi oro gozatu egin dugu».

Ondo pasatzea eta lan egitea, biak lortu dituzte Bidasotik hegoalderantz joanda. «2018an Euskal Herriko kamiseten azoka egin zen Ondarroan eta lehiaketa ere egin zen, garaile izan ginen eta guri halako zerbaitek izugarrizko poza ekartzen digu», gaineratu digu Frantxoak. Jonek bidea erraza izango zela uste zuen hasieran, euskarazko ekoizpenen kontsumoa handi aurreikusten zuelako Hegoaldean, «baina errealitateak zaflako bat eman zidan aurpegian. Denden zerrenda bat egin nuen, hasi nintzen haiei deika eta e-postak bidaltzen eta batzuek garai zaila zela erantzun zidaten, beste batzuek ez zutela interesik, eta hor ohartu nintzen uste baino nekezagoa izango zela. Ohartu ginen ez gintuztela ezagutzen, eta konfiantza harremana garrantzitsua zela egin nahi genuen proposamenarentzat; hala, estrategia aldatu genuen, zuzenean hasi ginen joaten interesatzen zitzaizkigun tokietara, eta emeki-emeki gauzak hasi ziren aldatzen, denda bat, bi, hiru… gaur egun hamabost denda dira gure materiala saltzen dutenak Hegoaldean».

«KarrikaStyle», kaleko estiloa

Behin hau entzunda kuriositatea piztea normala da, hargatik galdetu diegu non dauden denda horiek eta bien artean hasi dira izendatzen. «Bizkaian eta Nafarroan lortu genituen hastapen batean, Gipuzkoan batere ez, eta aurten hasi gara. Gasteizen, Bilbon, Iruñean eta Donostian gaude. Horiez gain, Algorta, Mungia, Elizondo, Lesaka, Azpeitia, Azkoitia, Zarautz…»

KarrikaStyle, kaleko estiloa, hor dute EzKexakoek beren jantzien kokalekua, batzuen «prêt-à-porter» aipamena esaldi honekin janzten dute haiek: «Itxurak berrasmatzen ditu EzKexak, eta kanpoko eta bertako ‘streetwear’-ak elkartzen ditu». Ostatu, kirol talde, musikari… edonori egiten diote diseinua neurrira eta kalitatezko arropa erabiliz beti. «Argi dugu norbaitek 25 euro pagatu behar baditu tixerta batentzat adibidez, arropak kalitate onekoa izan behar duela; hortaz, kotoi organikoa erabiltzen dugu, biologikoa, eta egiteko moduak birziklapenerako bideak irekiak izan behar ditu. Probak egiten ditugu lehenik eta behin, jantzi batzuk garbitu adibidez, ikusteko nola atxikitzen duten beren kolorea eta forma».

Itsasun pentsatu eta Biarritzen egin. «Aitatxi zahar bat ezagutu genuen, asko zekiena serigrafia arloan, bera erretreta hartua zen, eta harreman ona egin genuen berarekin. Geroztik haren serigrafia tailerrean egiten ditugu gure lanak». Baina azken urteotan moda anitz aldatu dela erranda eta biek egiten duten lana anakroniko samarra dela aipatuta, Frantxoak ez du duda izpirik. «Janzkera anitz aldatu da azken urteotan, lehen gehiago ikusten ziren mugimendu politiko edo borroka konkretu bati lotutako jantziak, ez dut erranen burgesagoa bilakatu dela jendearen janzteko manera, baina denbora gutxian asko aldatu dela, bai. Guk ez dugu honekin bizitzeko esperantzarik, nahi genuke aski izatea biok horretara dedikatzeko ondoko lana utzita baina etekin ekonomikoa ez da gure helburu nagusia». Itsasun utzi ditugu bi artistak, urteko kolekzioa nola aurkeztu pentsatzen, beharbada herrietako jendeekin egindako moda pasarela bat, lagun ezagunei janzteko eskatuz, beti motibazioa bilatuz, konspiratzen.

Marea gora marea behera, Belarretik Belharrarat, Amona Lisa, Apoarmatua inoiz ez zanpatua… badute zer erranik oraino eta baita esaldi horiek zerekin jantzi ere. EzKexa, arteari eskutik helduta, euskaratik mundura.