Nerea Goti
MODA, PLANETARI BEGIRA

«Kaleak argitzen» dokumentala sektorera hurbildu da: gakoa jasangarritasuna da

Gipuzkoako moda sektoreko denda eta marken argazkia osatzen duen dokumentala ekoitzi du Mondragon Unibertsitateko ikasle talde batek eragile ezberdinak kameraren aurrean jarriz. Erosteko moduak aldatzen ari dira, sormenak eta kalitateak ardatz izaten jarraitzen dute baina gako nagusia jasangarritasuna da.

Gipuzkoako moda sektorearen egoera eta kontsumo ohiturak aztertu ditu gazte talde batek ekoitzitako dokumental batek. “Kaleak argitzen” du izenburua eta herrialdeko denda txikiei eta berezko markak eta diseinuak defendatzen dituzten diseinatzaileen lanaren aurrean jarri dituzte kamerak, euren hausnarketak biltzeko. Modaren unibertso mugagabean, tokiko ekintzaileek ukitu eta zentzu berezia ematen diote egiten duten horri. Urruneko herrialdeetako fabrikazio handien paradigmatik ezin aldenduago, merkataritza txikiak jauregi moduko denda-areto handietan aurkitzen ez den eskaintza egiten dio egunero aurrez aurre begiratzen dion hurbileko publikoari, haren nahiei eta kezkei erantzunez, dokumentalak erakusten duenez.

Mondragon Unibertsitateko hiru ikasleren proiektua da. Asmoa sektore horren lanaren balioa nabarmendu eta bultzada ematea izan da, eta sektore horren argazki argi bat utzi du. Eragile ugariren hausnarketak bilduta, mezu nagusietako bat da bertan diseinatutakoa eta kalitatea eskertzen dituela publikoak, eta kontsumo joera berrien inguruan galdetuta, bai sortzeko orduan bai kontsumo joeretan jasangarritasuna aipatzen dute gako nagusi gisa.

Beste hainbat sektoretan gertatzen ari den bezala, bistakoa da pandemiaren eraginez modakoa ere ez dagoela bere unerik onenean. Sormenak eta ahalegin ezberdinek marka berrien agertoki interesgarri bat jarri dute kontsumitzaileen begien aurrean, baina konfinamenduak, mugikortasunari jarritako mugak, arazo ekonomikoak, kutsatzeari beldurra… zailtasun handiak dira, jada aldatzen hasia zegoen mundu horretan. Koronabirusak erritmo biziagoa eman dio eraldaketa horri.

Hala ere, badirudi Euskal Herrian bertakoa kontsumitzeko kontzientzia handia dagoela, diseinatzaileek eurek diotenaren arabera. Berdin dio lurrak emandako fruitua edo jakia ala berton diseinatu eta ekoitzitako jantzia izan. Sektoreko ahotsek planteatzen dutenez, herri honetan balio erantsi argia ematen zaio berton eta kalitatearekin egindako horri.

Ander Gonzalez, Mireia Arietaleanizbeaskoa eta Ione Oianguren dira dokumentalaren egileak, eta Bergarako De Varas Projet-en laguntza izan dute. Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza graduko ikasleak dira eta ikasketa prozesuaren barruan sortu zen lana burutzeko ideia, azaldu dutenez.

Bertako moda bultzatzeko

Proiektuaren sorkuntzari buruz Ander Gonzalezek kontatu du koronabirusaren izurritearen aurretik ikaskideek bigarren eskuko arropa birziklatzeko proiektu bat martxan jarria zutela, baina pandemia heldu eta ezarritako etxealdiarekin ekoizpena gelditu behar izan zuten, beharrezkoa zuten makineria unibertsitatean zegoelako. Beren azalean bizitako egoera hark bertako markek bizi zuten egoera gertutik ezagutzeko parada eman zien, eta hortik sortu zen ekintzaileen mundua aintzatetsi eta bertako dendak eta diseinatzaileak bultzatzeko proiektua.

Gipuzkoako Foru Aldundiarekin jarri ziren kontaktuan dokumentala egiteko laguntza lortzeko. Helburua zen bertako merkataritza bultzatzea, herrialdean zeuden ekintzaileen proposamenak ezagutaraztea eta bertako marken kontsumoa sustatzea.

Aldundiaren baiezko erantzunarekin, ikasturte berriaren hasieran proiektua martxan jarri zuten TheBadass Project estudioko Jon Anduezaren eta Jone Albenizen laguntzarekin.

«Dokumentalaren gidoia osatu genuen, Gipuzkoan modaren historiatik hasita, eta diseinatzaile eta marka eta denda ezberdinei ahotsa emanez», azaldu du Gonzalezek dokumentalaren edukiek jarraitzen duten hariaren inguruan.

Modaren sektoreak XIX. mendean herrialdean izan zuen garapenaren inguruko datu historikoekin abiatzen da eta egungo errealitatera jauzi egiten du, hainbat eragile elkarrizketatuz. Horregatik, hein handi batean sortzaileen eta kontsumitzaileen pentsaeretara ere hurbiltzen da, lan egiteko moduak, erronkak eta argi luzeak jarrita ikusten duten etorkizunaren inguruan hitz egiten baitute.

Kontsumo ohiturez hausnartu

Lanaren helburuen artean, Gonzalezek aipatu du norberaren kontsumo ohiturak berraztertzeko proposamena ere zabaldu nahi izan dutela, herrialdean bertan marka eta alternatiba ezberdinak daudela erakutsiz, eta nabarmendu duenez, lanak «asko eta oso kalitate onekoak» direla.

Elkarrizketetan etorkizunera begira ikusten dituzten joerak eta sektoreak dituen erronkak landu nahi izan dituzte, eta digitalizazioa eta jasangarritasuna dira Gonzalezek zehaztu dituen elementu nagusiak.

Digitalizazioari dagokionez, Gonzalezen ustez lehendik bazeukan garrantzia eta pandemiarekin behar hori areagotu egin da, ekoizten den kalitateko produktu hori ezagutarazi eta kontsumitzailearentzat eskuragarriago egiteko. Nabarmendu duenez, «oso garrantzitsua da zure ekoizpena Interneten bidez eskaini ahal izatea», baita honako hau ere, kontsumitzailearen ikuspuntutik: «erosten duten horrek inguruan nola eragiten duen hausnartzea».

Arazoa ez dela soilik Interneten egotea baizik eta sarean zabaldutako leiho hori elikatzea eta hobetzen joatea planteatu du, eta horretarako, osasun egoeragatik jada «oso zigortuta» dagoen sektore honetan, inbertsioa eta denbora behar direla gaineratu du.

Laura Chamorro Gipuzkoa Modako zuzendaria dokumentalak bildutako ahotsetako bat da. Azaltzen duenez, azken bost urteetan moda munduak birmoldaketa gogorra bizi izan du eta prozesu horretan hainbat marka kontsumitzeko era barne hartu duen digitalizaziora egokitu dira, baina bidean aurrera egiteko jasangarritasuna, sormena eta berrikuntza gako nagusiak direla gaineratzen du.

Azken mendeetan zehar modak arrasto handia utzi du Gipuzkoan eta horrek aztarnak eta ukitu berezia utzi ditu herrialdeko sektorean: XIX. mendeko ehungintza Bergaran, Cristobal Balentziagaren legatua, herrialdean modarekin lotuta sortutako zerbitzuak… Lanean horretaz mintzatzen da Ainhoa Mendiburu Errenteriako Jantzi Zentroko komunikazio arduraduna, eta gaineratzen duenez, Paris modaren erresuma nagusia izanik eta estatu frantsesarekiko gertutasun geografikoagatik, hango oihartzunak erraz heldu dira honaino.

Moda, halere, publikoari begira bizi da eta horren kontsumo joerei lotuta. Urrutiko moda frankiziek ugaritzen jarraitzen duten bitartean, erabili eta botatzeko kontsumo joeren ondoan berriak sortzen ari dira, batez ere gazteen artean.

Kontsumo eredu ezberdinen artean bizi gara. “Kaleak argitzen” dokumentalean ekintzaileek baieztatzen dutenez, jasangarritasuna euren inspirazioaren ardatza da eta kontsumitzaileek ere ingurumenean inpakturik ez duten produktuak bilatzen dituzte. Erica Gomez Twin&Chic-eko sormen zuzendariak dioenez, jasangarritasuna joera argia da osasunak protagonismo handia duen une honetan.

Material organikoak baliatuz edo birziklatutako materialekin sortutakoak eta zero kilometroko jantziek ere balio berezia dutela nabarmentzen dute kontsultatutako ahots gehienek. Ekintzaile horietako batzuek diote beraien publikoak agian gutxiago erosi baina kalitate ona eskatzen duela. Filosofia ildo beretik, irudia eraikitzen duen «betiereko» armairu hondoaren ideia planteatzen duenik ere badago, «nondik gatozen, non gauden eta norantz goazen» dioen «moda arduratsuago» baten alde.

Erosketen formatuan aldaketak bistakoak dira, argiagoak mugikortasuna mugatzearen ondorioz. Online bidezko salmenten fakturazioa orain handiagoa dela planteatzen dute. Dendek erakusleiho garrantzitsuak izaten jarraitzen dute, baita «kaleak argitzen» jarraitu ere, baina egun eskaera asko, galderak... whatsapp bidez heltzen zaizkiela onartzen dute.

Etorkizunera begira, jada zehaztuta dagoen bide horretan «pilak» jartzeko ordua dela diote zenbait ekintzailek. «Goazen gauzak kontzientzia gehiagorekin sortzera eta lasaiago janztera», nabarmendu du Unai Fernandez Lasai arropa markako diseinatzaileak.

 

Arropa erostearen lotsa Europan

Modaren kontsumoarekin lotutako joeren artean ezaguna da «fast fashion» edo gehiegizko kontsumoa, «erabili eta bota» pentsaerarekin oso lotuta, arropa ezberdina (eta merkea) pilatzea ohitura bilakatuta. Europako iparraldean kontrako joera bat jaio da, jantzi berriak erostearen lotsa adierazten duena. «Köpskam» du izena eta Suedian jaio da. Aldaketa klimatikoaren aurkako borrokak indar handia hartu du gazteen artean eta ingurumenean inpaktua gutxitzeko kontsumo ohituretan «arropa berria erostea» edo beharrezkoa ez den arropa erostea lotsatzeko arrazoi bilakatu da.

Köpskam delako horrek «fast fashion» edo modaren gainkontsumoari amaiera eman nahi dio, jantzien fabrikazioak eragiten duen ingurumen aztarna murrizteko.

Ehungintza industriaren eredua jopuntuan dago. NBEren arabera, planetako bigarren kutsagarriena da eta hegaldiek eta itsaso bidezko garraiobideek elkarrekin sortzen dutena baino karbono isuri gehiago eragiten ditu.

Horrez gain, arropa fabrikatzeko ur kantitate handiak behar dira, industria horrek milioika lagunek bizirauteko behar duten beste erabiltzen baitu. Gainera, hondakin uren %20 ere berak eragiten ditu, eta ozeanoetara heltzen diren mikrozuntz sintetikoak ere bai.

NBEren arabera, egun kontsumitzaileak orain hamabost urte baino %60 jantzi gehiago erosten du eta denbora erdian erabiltzen du horietako bakoitza. Testuinguru horretan, moda jasangarriago baten aldeko produkzio batera heltzea behar bilakatu da.

Kataluniako Unibertsitate Irekiko (UOC) adituek gogorarazi dutenez, 2000. urtetik aurrera globalizazioak eragin zituen enpresa askoren deslokalizazioak langile merkeak eta fabrikazio kostu baxuagoak ekarri zituen: arropa merkea eta moda azkarra. Krisialdi ekonomiko betean produktu horiek arrakasta izan zuten, azaldu du Neus Solerrek, baina moda jasangarria edo ingurumenari laguntzeko astiro bidaiatzearena garaiko apustu nagusiak dira orain eta horretara egokitu behar izan dira influencer-ak ere, adituek nabarmentzen dutenez.