Gaizka Izagirre Brosa
PANTAILA TXIKIAN

Krimen bat idatzi da (egiazkoa)

Azken urteotan modan jarri den «True Crime» (Benetako krimenak) azpigeneroan murgildu nahiko nuke. Benetako krimen bat aztertzen da, normalean gertakari horretan parte hartu duten pertsonen elkarrizketak ardatz hartuz. Errealitateak fikzioa gainditzen duen froga nabarmena bilakatu diren ikus-entzunezko harrigarriak.

THE JINX
THE JINX

The Jinx

HBO

Hasierako tituluetatik hasita, musika bitarte, azken ataleko azken segundorainoko erakustaldi hipnotiko eta makabroa. Tentsioa eta erritmoa, jolas parke batean egongo bagina bezala, gora eta behera sentitzen dituzun bitartean Hollywoodeko edozein gidoik nahiko lituzkeen biraketa harrigarriak. 2010. urtean Andrew Jarecki zuzendariak “All Good Things” filma estreinatu zuenean, gutxik espero zuten Robert Durst-en bizitzan oinarrituriko pelikula horrek izango zuen eragina hizketagai dugun dokumental hau filmatzeko garaian. Momentu horretan jarri baitzen kontaktuan benetako protagonista zuzendariarekin, orain arte inoiz egin ez zuen elkarrizketa edukitzeko prest zegoela esanez. Eta nor zen zehazki tipo hau? New Yorkeko familia ospetsu eta dirudun batetik datorren pertsonaia bitxi eta misteriotsua dugu Robert Durst. Gizon bat hil eta zatikatzeaz gain, bere emaztea eta lagun bat desagertzearen erantzule zuzena izatea leporatu zioten.

HBO telebista kateak ekoitzitako eta sei zatitan banaturiko lan metodiko honetan, bere bizitzaren errepaso zehatzean murgiltzeko aukera izango dugu. Polizia, epaile, abokatu, testigu eta familiakoen froga eta elkarrizketak tartekatzen diren bitartean, polemikoak diren momentu jakin horien berregiteak ikusteko aukera izango dugu. Ezinbestekoa.

Making a Murderer

NETFLIX

Bi denboraldiko 10 atalez osaturiko ekoizpena, bakoitzak 60 minutuko iraupena duena. Pentsa beraz, zer-nolako zehaztasun eta xehetasun maila duen dokumentalak. Hamar “pilula” horietako bakoitzean, Steven Avery-ren kasu sinestezina ikusteko aukera izango duzu. Sexu eraso baten ondorioz 18 urte espetxean pasatu ondoren, DNA proba bati esker, errugabea dela egiaztatu eta aske uzten duten tipoa. Hortxe kokatzen dira dokumentalaren lehen minutuak, ez pentsa beraz, spoiler erraldoi bat irakurri duzuenik, lasai. Krimenei buruzko beste lanetan, ohikoena erruduna den ala ez jakitearen intriga hori amaierarako uztea izaten da. Kasu guztia zehatz-mehatz azaldu eta amaieran, zast!, erabakia. Baina “Making a Murderer”-ek beste eremu batean kokatzen gaitu hasieratik. Errugabea den tipo bati bizitzako 18 urte lapurtu dizkiote, eta orain zer? Galdera eta misterio guztiak ezbehar horren inguruan izango direla uste dugunean ordea, kasuak beste noranzko bat hartuko du. Kartzelatik irten eta urte batzuk beranduago, emakume baten hilketa leporatzen diotenean, karta gaztelu baten modura eraikitako bizitza hori betiko birrintzen dutenean.

Tiger King

NETFLIX

Liluragarria bezain surrealista. Ziurrenik 2020an ikusi dudan dokumentalik bizarro, bitxi eta sailkaezinena, errealitateak fikzioa gainditzen duen froga dokumentatua. Tiger King bezala ezagutzen den Joe Exotic tigreen merkatari xelebrearen eta Carole Baskin tigreentzako erreserba baten jabearen arteko eztabaida da ekoizpenaren ardatz nagusia. Hortik aurrera ordea, animalia exotikoak, krimen antolatua, narkotrafikoa, mafiosoak, iruzurgileak, arloteak, drogazaleak, ezkontzak, sektarismoa, armak, indarkeria, desagertutako pertsonak, ego-gerrak, gezurrak, mehatxuak, telezaborra... hori guztia eta askoz gehiago da koktel leherkor xelebre honetan topatuko duzuna.

Arrakasta itzela izan du dokumental honek aurten Netflixen; tramaren ustekabeko biraketengatik eta testigantza harrigarriak ematen dituzten elkarrizketatuengatik ziurrenik. Ikusten duzun unetik, lagunekin komentatu nahiko duzun dokumental harrigarria.

Wild Wild Country

NETFLIX

Telesailaren lehen minutuek 1980ko hamarkadara garamatzate, Oregonen (AEB) dagoen Antelope herrixka aurkezteko. 40 biztanle inguru dituen parajea da eta pertsona ugarik, bizitza osoa lanean aritu ondoren, zahartzaroko azken urteak lasai igarotzeko aukeratzen duen helmuga. Baina zurrumurru arraro bat zabaltzen den unean lasaitasun hori eten egingo da. Rolls-Royce baten gainean, oso garrantzitsua eta diruduna den gizon indiar bat azalduko dela diote, alboko 30.000 hektarea erosi eta bertan ehunka eraikin eta etxebizitza eraikitzen hasiko dena. Hori entzun eta segundo gutxira, herrixka goitik behera gorriz jantzita doazen ehunka pertsonaz betetzen hasiko da eta, atzetik, aipaturiko Rolls-Royce zuria. Antelopen gertatzear den etorrera horrek zurrunbiloa eragingo du, sinestea kostatuko zaizun ehunka gertaeraz betea.

Chapman eta Maclain Way-k zuzenduriko eta sei atalez osaturiko lan liluragarri honek AEBetako historiaren pasarte bitxi bat azaltzen du, mundu osoa ustekabean harrapatu zuen gertaera harrigarria: Bhagwan Shree Rajneesh lider espiritualak eta bere sektaren jarraitzaileek Oregongo lurretan beren hiria eraiki zutenekoa, baita gerora eragingo zituen ondorio ikaragarri, basati eta ilunak ere. Hainbat hilketa leporatu zizkieten, espioitza kasuak, baita hauteskundeak irabazteko intentzioz bioterrorismo atentatu bat ere, besteak beste.

O.J.: Made in America

MOVISTAR

Bost ataletan, O.J. Simpsonen gorakada ikusteko aukera izango duzu, izar bihurtu zen arte; eta batez ere, izan zuen erorialdi ikaragarriari buruzko errepaso sakona ikustekoa. Nola ikasi zuen gazte afro-amerikarrak bere mitoa eraikitzen futbol unibertsitarioan eta profesionalean; irudi hori mugaraino promozionatzen ikasi ere, AEBetako “beltz zuriena” bilakatu zen arte. Eta nola, bere emazte ohiaren hilketaren gauetik aurrera, amets hori betiko suntsitu z(u)en. Hain erreala eta gordina, non Hollywooden gidoilari onenaren burutik irtendako istorio baten aurrean zaudetela sentituko duzuen. Dokumentala ez baita epaiketan eta adibide zehatz horretan soilik zentratzen, garai hartako testuinguruan kokatzen gaitu, Ipar Amerikak bizi izan zituen une latzak mahai gainean jartzen ditu, adibide zehatz honekin talkan: aipaturiko arrazismoa, basakeria poliziala, aberastasuna eta pribilegioak, etxeko indarkeria, komunikabideen eboluzioa, erlijioa... Azken finean, “O.J.: Made in America” bilakatu da gizarte estatubatuarra azken 50 urteetan kezkatu duen ia guztiaren 8 orduko azterketa ikaragarria.

Teknikoki aparta, ezin hobea, “gutxirekin asko” filosofia ardatz duena. Handikeriarik gabe eta birsortze konplikaturik txertatu gabe, narrazio nagusia batik bat artxibo irudiek eramaten dute aurrera, baita elkarrizketatuen testigantzek ere. Irudien bilketa, sailkapena eta egindako muntaia lana aho zabalik geratzeko modukoa da.

Paradise Lost: The Child Murders at Robin Hood Hills

HBO

Estatu Batuetako Robin Hood Hills (Arkansas) hirian, hiru ume hilik eta torturatuak azaltzen dira. Hilketak, konnotazio satanikoak dituela dirudi eta aitzakia hori argudiatuz, hiru gazte atxilotzen dituzte: Damien Echols, Jason Baldwin eta Jessie Misskelley. Lerro hauek idazten ari naizen bitartean eta dokumental hau gogoratze hutsarekin, oilo ipurdia ageri da nire besoetan, ikaragarria eta beldurgarria iruditu baitzait. Lehenengo zatia 1996an grabatu zen, “Paradise Lost: The Child Murders at Robin Hood Hills” izenekoa. Bertan hiru gazte hauen epaiketa osoa ikus dezakegu, ezagun eta familia guztien testigantzak, elkarrizketak eta abar. 2000. urtean, aldiz, “Paradise Lost 2: Revelations” iritsi zen; pista eta testigantza berriak direla-eta epaiketarekin hasten dira berriro, dirudienez gauza asko ez daude-eta argi. 2011. urtean pasako dena aldiz, “Paradise Lost 3: Purgatory” atalean, zuk deskubritu beharko duzu. Derrigorrez ikusi beharreko dokumental sorta.