Xabier Izaga
IKUSMIRA

LEGEAK HIL EGITEN DUENEAN

Marisol RAMIREZ | FOKU
Marisol RAMIREZ | FOKU

Energia pribatizatzeak zerbitzu hobe eta merkeagoak ekarriko zituela esan ziguten adituek. Betiko artaburuek, berriz, zerbitzu kaskarrago eta garestiagoa izango zela. Eman lezake arrazoi zutela, baina adituek esango digute ez dela konpainien errua, horiek jendartearen ongizatea baino ez baitute nahi, merkatuaren gorabeheren ondorio baizik. Eta jendearen oinarrizko beharrak merkatuaren gorabeheren mende daude. Konpainia horien bezeroek lapurreta dela diote, baina energia konpainiek ez dute legez kanpoko ezer egiten. Horixe da arazoa, hain zuzen ere. Lapurreta nabarmena da, baina legea beteta. Eta legeak herritarren askatasunaren berme omen dira.

Herri batek zenbat eta araubide txikiagoa izan, orduan eta libreagoa da. Baina arauak beharrezkoak dira, batez ere norberaren askatasunak bestearenarekin talka ez egiteko. Batzuetan, talka hori ez gertatzeko modurik onena da hainbatek askatasunik ez izatea, eta legeak horretarako tresna aproposa dira.

Argindarraren prezioak hil egiten du. Hori bai, zuzenbide estatua urratu gabe.