Mikel Zubimendi
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad
{ analisia }

Makiavelo, lagun garaikidea

Printzearen ordez jarri Trump. 2016. urtean abisatu zigun: «Benetako boterea –ez dut hitza erabili ere egin nahi– beldurra da». Garai makiavelikoa bizi dugu. Errepubliken geroa arriskuan, ezegonkortasuna da lege. Makiavelo, baina, hain makiavelikoa al zen?

Gauza bitxia gertatzen da Makiavelorekin: beste politologo ia guztiak gorrotatzen duten politologoa da, mendebaldeko zientzia politikoen aitzindaria. Azken 500 urteetan, “Printzea” bere lan nabarmenena salatua izan da, gaitzetsia eta, batzuetan, debekatua. Bere izena adjektibo bilakatu da, pertsona famatu, arraro eta aipagarri horien kategoria berean da, beste filosofo polemiko batzuen ondoan, hala nola Marx edo Freud, edo Kafka eta Orwell idazleen pare. Egoera kafkiarrak daude, mundu orwelliarrean bizi gara, marxistek beren betiko jo eta ke horretan diraute, eta agintari eta agintaldiak makiavelikoak direla esaten da.

Makiavelismoa dardara batekin esaten den hitza da, printzipiorik gabeko agintea iradokitzen baitu, boterea lortu eta mantentzeko dena dagoela baimendua, helburuak bitartekoak justifikatzen dituela beti-beti. Berdin da Nikolas Makiavelo irakurri dugun ala ez, ze makiavelikoa pertsona zitala da, gizatxarra.

Makiaveloren kritikari batzuen arabera, bere gomendioak hain dira bitxi eta basatiak ezen praktikan jartzen dituen edozein bere herriaren gorrotora kondenatzen duen, ezinbestean bere galbide propioa eraginez.

Beste hitz batzuetan esanda, Makiaveloren “Printzea” preso politiko ohi batek Medici klana erorarazteko prestatu zuen pilula pozoitsua bezalakoa zela. Beste batzuentzat, aldiz, satira hutsa zen Makiavelo. Rousseauk “Printzea” irakurri ondoren, oharpen bat zela esan zigun, Makiavelok, boterearen mekanika disekzionatzean, jendeak benetan zeri izan behar zion beldurra erakutsi eta esaten zuelako.

Bere izena boterearen erabilera okerraren sinonimoa da. Makiaveliko hitzaren esanahia, Makiaveloren idatzietan oinarrituta, behin eta berriz gogorarazten digute: boterea ez dela bihotzez ahul direnentzat; agintzeko, beldurra maitasuna baino hobea eta erabilgarriagoa dela; helburu nobleek eskrupulu gabeko bitartekoak justifikatzen dituzte eta onura handiago baten alde engainua ongi etorria dela.

Hauek «Satanasen hatzak» idatzitako hitzak direla esan zuen Elizak, guztiz debekatu zuen Makiaveloren obra. Baina politika, negozioak edo instituzio gorenak behatzen dituena konturatzen da mundua traidorez, hipokritez eta etikoki arduragabea den jendez lepo dagoela. Oso goi mailan kokatuak daude gainera, eta aurrera egitea lortu badute, normalean, legez kanpo jardun direlako izaten da.

Gaurko pantailetan, gure garaiko betaurrekoekin, Makiavelok errepaso berri bat merezi du, birbalioztatze oso bat. Hor daude koxkak: Zeinentzat idatzi zuen? Zein zen bere letren hartzailea? Tiranoak eta despotak, ala plebea, jende xehea? “Printzea” zer zen, tiranoei boterea nola erabili erakusten zien eskuliburua, ala jendeak agintariek egiten zutena ulertzeko eta geldiarazteko argibidea?

Perspektiba berria

Guztiok bezala, Makiavelo bere denboraren ondorioa da, Errenazimentuko hiri-estatuen garaiko ur nahasietako kreatura bat. Idazle bikaina izan zen, politika eta estrategiaren behatzaile zorrotza, «politika erreala» deitzen den horren ulermen sakona zuen. Baita gizakien harreman eta sentimenduena ere, jelosiarena, sedukzio eta traizioarena.

1469an jaio zen, Florentzian, errepublika soilik izenez, harropuzkeriek puztua eta apurka oligarkia bilakatzeko zorian zen Florentzian. Funtzionarioak bi hilean behin hautatzen ziren orduan, hala, de facto, Medici bezalako familia dirudunen gobernua bermatzeko.

1498. urtean, estatu kolpe baten eta Savonarola fraide dominikoaren lau urteko erreinuaren ondoren, Makiavelok Florentziako kanpo harremanetarako ardura hartu zuen, 29 urterekin. Ondorengo 14 urteetan, esperientzia politikoa irabazi zuen, gertutik ikusi zuen boterearen funtzionamendua, aurkari eta aliatuekin bildu zen, irakaspen asko atera zituen. Paradoxikoki, bidaiek Makiavelo desorientatu egin zuten, Florentziak munduan zuen lekua ikusgarri egin ziotelako. Errenazimentuko pintoreek esango luketen lez, beste «perspektiba» bat eman zion.

1512an medicitarrak bueltatu zirenean –herriaren babesa zutelako baino gehiago kanpo laguntza jaso zutelako–, atxilotu eta espetxeratu egin zuten Makiavelo. Bere gaiztakeriak aitortzeko polea batean zintzilikatuta torturatu zuten, baina ez zituen aitortu. Hiritik landa eremuko etxalde batera bortxaz deserriratuta, egoera horretan idatzi zuen “Printzea” tratatua, bere lan ezagunena, eta era berean gaizkien ulertua.

Munduan ohiko egin den irakurketaren arabera, “Printzea” boterea berreskuratu duten medicitarrekin adiskidetzeko Makiaveloren saioa da, boterea lortu eta gordetzeko taktika klandestinoen tratatu baten forma duen nolabaiteko lan eskaera bat-edo.

Egungo begiekin ikusita, gogorrak diren baieztapenak botatzen ditu bertan: (Printzearentzat) maitatua izatea baino seguruagoa dela beldurra sortzea; gobernatuak edo maitatuak edo zanpatuak izan behar direla; agintari berri guztiek egin beharreko kalte guztiak zehaztu behar dituztela, eta, ondoren, behin betikoz egin. Bai, horrelako perlak aurkitu daitezke Makiaveloren tratatuan, bale.

Kardinal katolikoek «Satanasen hatzek» idatzitakoa zela erabaki arren, “Printzea”-ren eragina itzela izan da. Agian Marxen “Kapitala” bezainbestekoa, edo igual gehiago. Eta hainbeste mende igaro eta gero, ez dakigu oso ondo Makiavelorekin zer egin. Idatzi zituen ideia horiek bere barruko benetako sentimenduen isla ziren? Agintarien mesedea irabazteko ahalegin desolatu bat? “Printzea” zer zen, eskuliburu bat edo satira krudel bat? Egoera historiko zehatz eta zalapartatsu baten ispilua ala printzipio bihozgabe eta atenporal batzuk?

Beharraren filosofia

Makiavelismoaren maskararen atzean ezkutatzen den Makiaveloren benetako aurpegia ezagutu beharra dago. Ez zelako tiranoentzat eskuliburu zinikoak idazten zituen pentsalari hutsa, eskrupulurik gabeko azeri estratega ez beste zerbait izan zelako. Testuak eta testuinguruak “Printzea” obra enigmatiko eta polemikoa egiten dute. Eta hor dator, zelatan, galdera berriz ere: zeinentzat, zertarako idatzi zuen? Tiraniaren mekanika eta artea boteretsuei erakusteko? Benetan? Ala plebea formatzeko, non jarri behar zuten arreta, zeri izan behar dioten beldur irakasteko?

Segur aski konkistaren bidez, indarraren bitartez, maltzurkeriarekin edo txiripa batez boterea eskuratu duten printzipeei zuzenduko zitzaien. Eta Estatuak egiten duen bezala, biziraupenerako tresna politikoak aurkitu behar zituztela adierazi zien. Egia da Makiavelorentzat jende gehiena «esker txarrekoa, aldakorra, gezurtia eta engainatzailea» zela eta printzipeei ohartarazten ziela «gobernatzen zuten jendearengatik okerrena itxaroteko». Eta oker ez balego? Eta hemen eta gure sistema honetan, legeak egiten edo egiteari uzten bazaio beren erabilera kaltegarria aurreikusita?

Florentziarra alternatiben pentsalari bat izan zen, bere garaiko eta egoerakoa. Errenazimentuko izen ospetsu bat izan zen baina gaurkotasun osoa gorde du, eguneroko albisteetan oso presente dago. Egoera zehatza disekzionatzen zuenean, «hau edo bestea», «arre edo so» batekin jarduten zen, koiuntura politikoen aldakortasunarekiko oso sentikor beti. Ez bakarrik idazteko tankeran, pentsatzeko moduan ere asko aportatu zuen, eta biak, poesia eta politika, maila goren batera eraman daitezkeela esaten digu. Zer da Makiavelo, zer izan daiteke? Gutarra ala gure etsaia? Garaikidea ala antigoalekoa? Miretsi behar dugu ala ez? Ikasi eta aztertu?

Geroak, demokraziaren geroak beldurra ematen du. Gaurko errepublikak ez daude egonkor, herrian dauden beldur ezberdinen artean oreka baketsu bat ez dute ordezkatzen.

Poesia izugarri ederra idatzi zuen, lagunei gutun zoragarriak, baina Vatikanoak 1559an bere Liburu Debekatuen Aurkibidean jarri zituen denak. Obra guztiak debekatuta, Makiaveloren kontrako infamia historikoa martxan zen.

XX. mendeko erdialdetik aurrera, baina, beste atentzio batekin begiratzen zaio, beste begirada bat jasotzen du. Eta gauzak diren moduan, Trump eta enparauen garaiotan, bere letrak oso modako egin dira berriz ere, bai.

Batzuentzat, antikristoa izan zen Makiavelo, eta makiavelozale amorratua izan zen Nietzscherentzat, adibidez, florentziarraren pentsamendua «zabala, pisutsua, gogorra eta oso arriskutsua» zen. Zer zen, hitz batean laburtzerik balego, Makiaveloren filosofia? Beharra. Beharraren filosofia, autokontserbazioa helburu duena.

Merezigabea

Politikoki hitz eginda, zer esaten digu “Printzeak”? Zer, oraingo mundu petral honen inguruan? Hain estresagarriak diren garaiotan, norabait gidatzen gaitu? (Euskal) Errepublika lantzeak eta zaintzeak teknika bereziak eskatzen dituela esango liguke, superbibentzia politikoak behar dituen bezala. Saiatuko zen guri esaten, forma politikoan eta politikaren formetan beti gertatzen dela berdin, energia sozialak gain hartzen diola ustez ondo gordea dauzkaten jauregi eta eraikinei. Eta argia, desesperatuen arma den buru-argitasuna, ematen.

Denbora eta toki guztietan gertatzen da: historiak bere deabruak dauzka eta gaizkiak, bere maisuak. Pertsona makiavelikoa kontuz ibili beharreko pertsona bat da, zitala. Nikolas Makiavelorekin, baina, lotura hori ez da justua, ezta zehatza ere.

Despoten jokabidea esplikatu zuen, baina eskuliburua baino gehiago oharra zen “Printzea”, zeri egin behar zaion kasu eta zeren beldur izan ondo jakiteko. Errenazimentuko ospe handiko egilea izan zen Makiavelo, garrantzitsua oso, mendebaldeko zientzia politikoetan aztarna sakona utzi du, baina oso da gaur egungoa, eguneroko albisteetakoa, oso garaikidea benetan. Merezi al du historiak jarri dion infamia hori? Printzeak bere printzerrian bizirauteko eta gobernatzeko behar zituenak aztertu zituen, gizakiaren izatea, eta politikari askok baliatzen duten eztabaida debekatu baina zintzo bat zabaldu zuen, sakontzeari ekinez.

Nola iritsi da autore madarikatu eta liburu difamatuen gailurrera? Nola mantentzen du gaurkotasun hori? Bere estereotipoa laboratu da, faxisten eta tiranoen xuxurlatzaile zen. Pentsatzekoa eta hausnartzekoa da, baina: zergatik egin da Makiavelo eskrupulurik gabeko despotaren sinonimo, hezur-haragizkoak errepublikari erakutsi zion leialtasunagatik hainbeste sufritu eta hainbesteraino torturatu zutenean?