Joxean Agirre

Poz pixka bat

Bere jaioterria, Urretxu, elurrak zuritu zuen egunean, Jon Maiak txio hau idatzi zuen: «Lehen, haurra nintzenean, elurra egiten zuen. Orain elurra egiten duenean haurra naiz». Eta arrazoi du, elurrak gehienoi bederen bozkario txoro bat eragiten baitigu, umetasunarekin lotura estua duena.

Lehen, Hernio zuritu zuela ikusi orduko eski zaharrak hartu eta joaten ginen Zelatunera. Orain, joan den astean behinik behin, arazo larriak zeuden Iturriotzen, Itumetan edo Bidania gainean autoa uzteko, halakoxea baita jendeak elurra zapaltzeko duen irrika edo poz beharra. Oinez igo naiz birritan Zelatunera. Ez da gauza bera, baina elurrak parajea aldatzen du, gure ibiltzeko modua eta izaera, eta zilipurdika ibiltzeko aukera ematen duelako edo (surfak bezala), umeago egiten gaitu.

Elurrak kanpora begira jartzen gaitu eta euriak barnera begira. Ez dakit nork esan zuen euria letrarik gabeko doinu bat dela, doinurik ederrenetako bat. Letrarik gabeko melodia hori entzuten nagoenetan gogoratu ohi naiz ez ditudala jakingo dozena erdi bat kanta osorik eta bertso sortarik gutxiago. Lehen halako larridura batekin bizi nuen gabezia hori Iñaki Murua bertsolariak berari ere gauza bera gertatzen zitzaiola esan zidan arte eta berak ez zekizkien kantak asmatu egiten zituela. Mezatara joaten zen sasoian, esate baterako, ondoan aulkian eserita zituenak harrituta edukitzen omen zituen begira, asmatzen zituen letrak ez zutelako zerikusirik elizan kantatzen ari zirenekin. Geroztik ni ere saiatzen naiz ez dakizkidan letrak asmatzen eta ez beti, ez bainaiz Iñaki Murua, baina tarteka jatorrizkoaren parekoak direla iruditzen zait. Euriarekin ez, euria entzuten jartzen naizenean ederragoa iruditzen baitzait isiltasuna.

Bizi dugun osasun egoerak baikorrenok ere kezkatu egiten gaitu eta ezkorrak deprimitu. Elurrak, alde horretatik, errepidean ibiltzetik bizi ez garenoi behinik behin, poz pixka bat ekarri digu. •