Itzea Urkizu Arsuaga

Doluari

Duela hilabete batzuk galdetu izan balidate, ezezko biribila erantzungo nukeen. Ezetz, ez nuela nik, sekula, sofa aurreko alfonbra polita kendu eta, haren ordez, gure haurra eroso eta aske mugitu ahal izateko lurzoru bigunik jarriko. Baina, tira, hori ere bada amatasuna: paper gainean egindako planak iraultzea. Puzzle itxurako alfonbra horren gainean eserita nago, semearekin jolasean. Haren mugimenduei arretaz begira, sabel-zauri-titi-esne-horztxo katea aitaren batean joan zaigula pentsatuz. Sarri errepasatzen baitut guraso izan aurretik geneukan bizitza, konplexurik gabe, nahiz eta orain ezin dezakedan imajina hara itzultzea.

Gai interesgarria izan liteke hurrengo “Koadernoa” lerroz josteko, hala pentsatu dut. Dolua. Itxuraz, heriotzarekin baino dantza egin ezin duen bikote beti inperfektua. Baina, egiazki, bizitzak jartzen dizkigun eskailera garaiegietara igotzen laguntzen digun esku leiala. Norbere bakardadean pasatu behar omen den zera hori; beti besteren azalean irudikatu izan dugun sendatze prozesu mingarria.

Ez dut hemen ezer berririk kontatuko, baina, tira, esatera nindoan ez dela gaurko kontua mina ezkutuan gotortzeko joerarena: ez azaldu zaurgarri jendaurrean, zer gerta ere. Beharbada horregatik, deserosotasuna ukitu egiten da ia, edozein berriketaldi arinetan inork bere minari tarteren bat egiten dionean. Blokeoa, Mona Lisaren pareko irribarreak, hitz makuluren bat edo beste, pasatzen ari diren segundoak azkartu nahia eta, azkenik, nola ez, barrena askatu duenaren testigantza arintzera doan ahotsen bat. Antza, zaurien aitortzak enbarazu besterik ez die egiten konpasik gabeko gure bizi erritmoei.

Bestela, zergatik zaigu hain nekeza besteren mina benetan aintzat hartzea? Akaso, gure burmuinetan baditugu biktima arketipoak, eta horietatik irteten den ezein ahotsi kentzen diogu mina izendatzeko eskubidea. Horrek gogora dakarkit Maitena Monroyk autodefentsa feminista ikastaro batean kontatu ziguna: prestigiodun abokatu batek nola salatu zuen genero biolentzia, eta nola inguruak ez zion sinetsi, bere estatus sozioekonomikoak eraginda. Iltzatuta geratu zitzaidan kontakizun hura eta askotan errepasatzen dut, neure buruari gogorarazteko, pozean bakarrik ez, minean ere izan behar dugula maite ditugunen tribu eta abaro. Izan behar dugula doluaren dantzarako bikote.

Doluak irakasten baitigu hazten; mihiaz behatza busti, eta orria elegantziaz pasatzen. Nik neuk duela pare bat urte jarri nion dolu izena gertatzen ari zitzaidanari, egonezin hari. Arinkeria izan liteke zenbaitentzat, baina niretzat bizitza oso bati agur esatea izan zen dantza taldea uztea. Urruntzea, haurra nintzela hartutako bidetik, diziplina molde batetik, askatasun koregrafiatu batetik, desberdinen arteko elkarbizitzatik; urruntzea, hogeita bost urtean hori guztia sentitzen lagundu didaten pertsona zenbaitengandik. Zerotik haste bat.

Busti nuen behatza mihiaz, pasatu zen orrialde hura. Baina iritsi zen nire aurreikuspenetan sartzen ez zen zesarea bat, eta haurrari aurrematrikula egiteko garaia, eta giza harremanak errotik moztu dizkigun pandemia bat. Orain kondenatuta gaude, egunero, zerotik hastera, bizitza bera baita denboraren joanaren dolua. •