Oihane Larretxea de la Granja

Haur parkeak helduentzat balira...

Bizimodu berriak eta beronek ekarri dizkigun debekuek, mugek eta ohitura aldaketek zenbait gabezia utzi dituzte agerian. Zeinengan pentsatuz eraikitzen dira hiriak? Nola planteatzen dira espazio publikoak? Plano gainean nola banatzen dira oinarrizko azpiegiturak eta zerbitzuak? Nago behin kalera ateratzen garenean kondenatuak gaudela kontsumitzera. Adibidez, txiza egin nahi baduzu; beste hainbeste egarri bazara. Non daude komun publikoak? Non iturriak? Badaude, bakan batzuk, baina fundamentuzkoak balira… gaitz erdi. Itxi ziren tabernak, eta konturatu ginen edo berretsi genituen susmo hauek. Smart hiriak, espaloi zabalak, oinezkoentzat guneak, itzokei, baina oinarrizko behar hauek sentituz gero, barran ur botilatxo bat eskatzea baino ez dago. Aitzakia 1,20 €.

Espazio publikoaz aske gozatzeko zailtasunok aurretik zeudenei eransten zaizkie. Non eta hemen, Euskal Herrian, herri zein hiri askotan euria eguneroko ogia denean. Ez dago non babestu, non goxatu. Estalperik gabeko haur parkeak, baloiarekin jolastea debekatuta dagoela gogorarazten diguten plazak. Ez, arkupeak ez dira nahikoa arratsalde bat, eta beste bat, eta beste bat… igarotzeko. Auzoko haurtxokoa itxita, ez dago alternatibarik. Eta txizagura ez izan arren, taberna baino ez zaigu geratzen. Nago haur parkeak helduentzat balira, aspaldi zuketela estalpea udan eguzkiaz zein neguan euriaz babesteko. Ur botilatxo bat, mesedez. •