Amagoia Mujika Telleria
IKUSMIRA

NORMALA, NEURRIKOA

«Mi marido no me pega mucho, me pega lo normal». Lagun bat kartzelan egon zen hamarkada luze batez eta horixe askotan entzuten omen zuen patioan. Tira, berdin-berdin entzun daiteke arrandegi batean, taberna batean edo gimnasio batean. «Normala» hitzak punta zorrotza dauka. Izan ere, zer da normala? Nork markatzen du normaltasuna? Zer da neurrikoa? Nork agintzen du neurria? Idoia Mendiarentzat, adibidez, Estatu espainolak «neurrian» torturatzen du. Haren hitzetan, Europar Batasunaren barnean, espainola ez da torturengatik Estrasburgoko zigor gehien jaso dituen estatua. Eta azken egunotan Donostiako Parte Zaharrean ikusten ari garen polizia kopurua ere «neurrikoa» da Eneko Goia alkatearen neurgailuaren arabera. «Normala eta neurrikoa» Poliziaren pausajea gure kaleetan, birus bat borraz eta tiroz akabatuko dutelakoan. Ni izango naiz akaso, baina poliziaren presentziak oraindik ez dit lasaitasunik transmititzen. Aldrebes. Birus horrek ez nau kutsatu. Geratzen ari zaigun normaltasun honek sekulako izua eragiten du. Amagoia Mujika Telleria