Xabier Izaga Gonzalez
Entrevista
MARISA BARRENA
EUSKALTZALE, FEMINISTA, IRAKASLE eta WIKILARIa

«Wikipedian motibazio bikoitza daukat: genero arrakala murriztea eta euskaraz gehiago editatzea»

Andereak talde feministako kide da Zornotzan jaiotako durangarra. Hamarkada askoan irakaskuntzan jardun ondoren, wikilari dabil azkenaldion, emakumeen eta euskararen presentzia areagotzeko asmoz.

Euskara eta parekidetasuna izan ditu beti helburu eta horiexek ditu gaur egun ere Zornotzan jaio eta aspalditik Durangon bizi den irakasleak, erretreta hartu omen bazuen ere, buru-belarri jarraitzen baitu, gaztetatik bezala, borondatezko jardunean, «baina gustura, aldapa gogorra izan barik». Euskarazko Wikipediaren Emakumeen Biografiak saria jaso zuen iaz.

Wikilari sartu zinen eta gogoz hartu zenuen behar hori.

Ni neu 2018an hasi nintzen, trasteatzen esango nuke. Mentxu Ramilo gasteiztar politologo eta WikiEmakumeok bultzatu zuenak dei bat egin zuen, editatona [zenbait editorek Wikipedia osatu eta hobetzeko egiten duten bilera] baterako gonbita. Literatura tailer batean nenbilenez, pentsatu nuen aukera ona zela emakumeak bistaratzeko. Berak batez ere Wikipedian emakume gutxi gaudela nabarmentzen zuen, eta hor sortu zitzaidan interesa. Andereak emakume taldean aurkeztu nuen ideia eta denek esan zuten interesgarria dela. Taldekide bi hasi ginen, bata gaztelaniaz eta bestea euskaraz editatzen.

Egia esan, lehenengo pausoak ilusio handiz eman banituen ere, konturatu nintzen gabeziak nituela, edo gabeziak zituztela nik egiten nituen edizioek. Orduan, Etxebarrin antolatu zen wikikedada batera joan nintzen eta hantxe ezagutu nuen zuzenean Mentxu Ramilo. 2020an, deialdi zabal bat egin genuen Durangon formakuntza saio bat egiteko. Mentxu bera etorri zen aurkeztera. Editatzen ikasteko saioa zen. Ordura arte nituen gabeziak ikusi eta ikasteko oso ondo etorri zitzaidan. Formakuntza talde horretatik wikilari taldetxo bat sortu genuen Durangon. Badakizu 2020a zelako urtea izan den denontzat; orduan, batzuetan bildu gara, beste batzuetan ez, baina gure asmoa zen lehenengo saioetan Mentxurekin ikasi eta guk astero praktikan jartzea.

Euskarazko Wikipediak antolatutako Emakumeen Biografiak saria eman zizuten.

Bai. Gogorra da esatea pandemiak alde onak ere badituela, baina tira, nire kasuan... Etxean sartu ginen horretan, martxoaren 13an, barikua zen, ezin izan genuen wikisaiorik egin, Andragunea [emakumeen bilgunea] eta beste inguru guztiak zarratu egin zirelako; orduan, etxean egon behar, ez? Ni, gainera, baserritarra naiz eta orain kale zuloan bizi naizenez, pentsatu nuen, «zer egin orain?». Mundua apurtxo bat erori zitzaidan gainera, eta pentsatu nuen nire kartzelaldia antolatu behar nuela. Denbora asko izan dut, beste askok bezala, eta Wikipedian ordu gehiago sartzeko aprobetxatu nuen. Asko editatu nuen, edo normalean baino gehiago, eta euskarazko Wikipediak antolatu zituen sarietako bat jaso nuen, Emakumeen Biografiak. Azken finean, helburua justu nik hasieratik neukana zen, eta niretzat etxealdi horretarako terapia ona izan da, gustura egin dudan lan bat.

Sariak beti gustura hartzen dira, ezta? Ez nuen sariagatik egin, baina, nire kasuan behintzat, gero lan honen berri emateko aukera ematen dute. Saria dela-eta, batak eta besteak deitu didate, niretzat hori izan da pozgarriena. “Anboto” [Durangaldeko] aldizkarian ere agertu zen eta inguruko herrietatik deitu didate eta galdetu didate zaila den. Aurkezpentxo bat, informazio saiotxo bat egin nuen Iurretan urtarrilean. Hau ez da jendetzarentzako jarduera, baina interesatzen zaion jendea etortzea da niretzat garrantzitsuena. Iurretan egin nuen aurkezpenaren ondoren zertxobait editatzen hasi dira. Oraintsu Oñatin egon naiz Mentxurekin eta beste andre taldetxo bat etorri zen, ea han ere sortzen den beste wikilariren bat. Arratiatik ere deitu digute datorren hilerako, Otxandiotik, Zarauztik… Esan nahi dut azkenean bozgorailu bat izan dela.

Nola antolatzen duzue lana?

Wikipedia talde lana da. Ez dut esan nahi mundu guztiak izan behar duela editatzaile; batzuek ez daukate astirik, edo ez daukate idazteko ohiturarik, edo zaletasunik… baina badugu inguruan laguntzeko prest dagoen jendea, argazki bat ateratzeko, data bat edo bestelako daturen bat lortzeko. Esan nahi dut badagoela parte hartzeko modu asko. Borondatezko lana da, hori bai, eta anonimoa.

Esate baterako, zu orain ez dakit noren biografian sartuko bazina, eta zirriborroan dagoela ikusita pentsatzen baduzu badaukazula hori hobetzeko modua, hobetzen duzu, hornitzen duzu. Horregatik da talde lana. Tira, guk geure artean badakigu nork egin duen; jakina, zu sartzen zarenean zure ezizena han geratzen da. Beste alde batetik, nik egindako edizio batean zu sartuko bazina, nik jakingo nuke nor zaren eta, ados ez banago, beti daukat eztabaidatzeko aukera.

Denok egin dezakegu, baina erreferentziak behar ditugu beti; nik ezin dut idatzi egunkari bateko kazetari bat, esaterako, bikaina dela; bilatu beharko nuke nor den kazetari hori eta egunkari horretan lan egiten duela agertzen den justifikazioa sartu. Eta neutroa izan behar dut beti. Beste gauza bat da artikulu batek esango balu Euskal Herriko kazetaririk bikainenetakotzat jotzen dela; orduan, hori idatzia duen norbaiten erreferentzia egin behar dugu. Idazten dugun guztia nondik ateratzen dugun agertu behar dugu.

Irizpide zehatzak dauzkazue?

Bai, bai, eta egiten duguna beti gainbegiratzen duten pertsona batzuk daude, batzuetan zuzentzeko edo oharren bat egiteko, eta editatzen denean, horrek, niri neuri behintzat, lasaitasuna ematen dit.

Lan neketsua da?

Hau ez da mobilizazio bat antolatzea, honek eskatzen du egunero apur bat egitea. Diziplina eskatzen du. Interesa, motibazioa eta gero diziplina. Niri, egia esan, atsegin handia ematen dit. Norberak bere hazitxoa jartzen duenean, ekarpentxo bat egin du eta agian norbaiti balioko dio.

Hasieran Durangoko emakumeen biografiak baino ez zenituzten egiten, baina zabaldu egin duzue esparrua, ezta?

Hori berezkoa izan zen. Lehenengo gure ustez esanguratsuak ziren Durangoko emakumeen zerrendatik hastea pentsatu genuen. Baina lehen aipatutako erreferentzia horiek beti ez dira egoten. Antzinakoak badira, kosta egiten da horiek topatzea; gaur egungoa ia dena dago sarean eta erraz aurkitzen da. Lehenengo Durangoko batzuk sartu genituen eta gero, konturatu barik, edo berez, eskualdera jo genuen, eskualdetik Mallabiraino heldu ginen eta, Mallabitik oso hurbil, Eibarrera… berez zabaldu zen esparrua. Herrikoengan jartzen dugu arreta, baina zabalago ere egiten dugu, eta azalpenak ematera joaten garen herrietan herrikoetatik hasteko animatzen ditugu. Gero, zirriborroan daudenak hornitu, argazkiak txertatu, ahal bada, zeren beti egoten dira eskubide kontuak eta.

Jarraitzeko asmoa daukazue, beraz.

Bai, jarraitzen dugu. Gainera, zenbat eta gehiago egin, errazago egiten da. Hasieran tramankuluak berak errespetua sortzen dizu, eta gero, gutxiago. Urtarrilean gogor hasi ginen; baditugu berrogeitaka biografia, itzuliak edo sortuak. Batzuk hobeto moldatzen dira itzultzen, beste batzuei sortzea gehiago gustatzen zaie, edo biak. Itzulpena errazago egiten da, azkarrago, datuak hantxe daudelako. Sortzeko, berriz, bilaketa lan handia egin behar da. Denbora behar da. Batzuetan erraz-erraz amaitzen da artikulua; beste batzuetan, ostera, kosta egiten da. Baina, oro har, niretzat atsegina da, e?

Eta egin dituzuen biografien profiletan zein arlotakoak dira nagusi?

Denetarik egin dugu. Nik hasieran pentsatu nuen idazleak egitea, momentu hartan literatura munduan murgilduta nengoelako, baina gero denetarik egin dugu. Kirolariekin hasi ginen eskualdean badaudelako izen handiko kirolariak agertzen ez zirenak, Oihana Azkorbebeitia eta horrelakoak, eta gero konturatu ginen beste arloetakoak ere bazeudela; adibidez, Luz Zalduegi mallabitarra, Euskal Herriko lehenengo emakume albaitaria, hirugarrena estatuan, ez zegoen Wikipedian. Horrelako kasu asko egon dira.

Eguneratzen ere saiatzen gara. Ikusten badugu batez ere guk sortutako biografia bateko protagonistak marka bat lortu duela, hori eguneratzen saiatzen gara; eta idazle baten kasuan, liburu bat argitaratu badu, gauza bera. Gure artean esaten dugu bizirik daudenen biografiek lan gehiago ematen dutela, eguneratu behar direlako. Baina garrantzitsua da bizirik daudenenak egotea.

Andereak taldetik sortu zen Durangoko wikilari taldea. Andragunean batzen jarraitzen duzue?

Andereak taldeko batzuk gaude, baina hau aparteko taldea da, edonorentzat irekia. Barikuero batzen gara eta batzuetan sareetan gonbidapena egiten dugu jendeak parte hartzeko. Andereak berez indarkeria matxistaren kontrako taldea da, talde feminista; eta ni horko partaidea naizenez, hor proposatu nuen hau aurrera ateratzea. Gure taldea, WikiEmakumeok izena duen arren, gizonentzat ere zabalik dago. Noizbehinka gizon bat etortzen da. Gure helburua da, lehen esan dizudan bezala, arrakala hori murriztea, baina gizonen partaidetza onartzen eta eskertzen dugu.

Jardun horretarako halako prestakuntza jaso zenuen; edonola ere, zu irakaskuntzaren mundutik zatoz, eta bazenuen idazteko ohitura.

Bai, niri gainera gustatu egiten zait, gustuko lana dut idaztea. Ez daukat neure burua idazletzat, baina diozun moduan irakaskuntzatik etorrita –gainera, euskara irakaslea izan naiz urteetan–, hau ez da aldapa gogorra. Baina talde lana den aldetik, beste batzuk horretan horren arituak ez badira ere, igual datuak bilatzen badaukate nik baino erraztasun handiagoa. Taldean gustura egiten da, taldeak ematen duen indar edo energia hori kutsatzen da.

“Anboto” hedabidean ere idazten zenuen, ezta?

Bai, zutabeak egin nituen urte batzuetan. Ariketa ona izan zen, egia esan. Azken batean… batzuetan gauzak borondatez egiten dituen jendea ikusita «zelako pertsona!» pentsatzen dugu, baina hori egiteak aberasten gaitu, hori kontuan eduki behar da. Niri, adibidez, “Anboto”-n idazteak erraztasuna eman dit, eta beldurra kendu, harako folio zuriaren aurreko estutasuna. Edo orain, Wikipedia elikatuz ezagutu ditudan emakumeak bestela ez nituzkeen ezagutuko, edo beste lekuetako feministek zelako lana egin duten.

Nahiko gazte hasi zinen lanean, enpresa batean administrari, eta ondoren, hamazortzi urterekin, euskara eskolak ematen ere bai.

Bai, alfabetatze kanpainak ziren, artean ez zegoen AEK. Hura borondatez egiten genuen lana zen. Fabrikatik irten eta eskolak ematera joaten ginen. Durangoko Jesuitetan irakasten genuen genekien apurra. Ikusiko bazenu zer liburu erabiltzen genituen… orduan ez zegoen materialik. “Anaitasuna”, “Zeruko Argia”... baliatzen genituen. “Euskalduntzen” eta “Alfabetatzen” liburuak agertu zirenean, sekulakoa iruditu zitzaigun. Oraindik gordeta dauzkat etxean eta alabek ikusten dituztenean –bat euskara irakaslea da–, esaten didate: «Honekin euskara irakasteko kapaz zineten?». Irakasteko kapaz ez, kapaz ginen euskaldunak ateratzeko. Esan behar da nahi genuelako eta konbentzituta geundelako egiten genuela, eta ondo pasatzen genuelako ere bai.

Esperientzia oso polita izan zen. Orduko ikasleekin eta irakasleekin badaukat lotura afektibo itzela. Eta miraria dirudien arren [barrez], material harekin euskara ikasi zuten askok denbora laburrean. Gero euskaltegietan ibili naiz, beste baliabide batzuk eduki ditugu, beste prestakuntza bat, eta denbora gehiago ematen genuen ikasleak euskalduntzen. Ni motibazioan sinisten duen pertsona naiz, e? Motibatuta dagoenak azkarrago lortzen ditu helburuak. Gu hasi ginenean, prestakuntza eta baliabide gutxirekin, oso motibatuta geunden eta ikasleak ere oso motibatuta etortzen ziren.

Motibazioa aukeratu zenuen Psikopedagogia ikasketen amaierako lanaren gai, ezta?

Bai, motibazioaz egin nuen, Arrasaten. Nik sinistu egiten dut benetan. Gainera, ez naiz atzo goizekoa, urteak daramatzat munduan eta motibazioan sinisten dut, edozein arlotarako.

Nik irakaskuntzan hartu nuen kolperik handiena Iralen izan zen, han urte batzuetan eskolak eman ondoren. Ikasle batek EGA lortu zuenean, agur egitean, hasi zen: «Bueno, gracias por todo…», eta dena erdaraz esan zuen. Barruan korapilo bat neukala joan nintzen etxera. Eta ikasle ona zen, e? Ondo ikasi zuen, zeren motibatu gabe ere ikas daiteke; kontua da motibatuta dagoenak beste modu batean ikasten duela, beste helburu bat dauka.

Nik, esate baterako, Wikipedian motibazioa badaukat: alde batetik, genero arrakala murriztea eta, bestetik, euskaraz editatzea. Motibazio bikoitza daukat.

Kriskitin dantza taldean ibilia zara. Dantzaria zara?

Ez; dantzazalea, bai. Gaztetan ez nuen dantzan ikasteko aukerarik izan, eta beti izan da egiteko eduki dudana. Momentu batean Kriskitin dantza taldeak laguntza behar zuen eta laguntzera sartu nintzen, nire betiko erronka neramala: parekidetasuna. Hemen, Durangaldean, badakizu, dantzari-dantzak oso famatuak dira eta batzuek pentsatzen zuten gizonek baino ezin dituztela egin, baina emakumeek ere ikasi eta entseatuz gero, egin ahal dituzte. Gaur egun neskek nahi duten dantza egiten dute.

Berdin kulturartekotasunari dagokionez, kanpora irtetea, beste taldeekin dantza egitea… Zure taldea Grezian txekiarrekin edo errusiarrekin dantzan ikusteak pentsarazten dizu: «Bagara nor, ez?». Pozik nago, nire aletxoa jarri nuela uste dut eta. Baina dantzaria naizenik ezin da esan, Aikorekin dantza plaza egiten dudan arren. Orain faltan botatzen dut, dantzan egiteko gogo itzela daukat.

Argi dago denbora ez duzula galtzeko. Mintzaneten ere laguntzen duzu.

Bai. Erretiroa hartu nuenean sartu nintzen euskara praktikatzeko plataforma horretan. Etxean oso arduratuta zeuden, zer egingo ote nuen eta alaba batek eman zidan horren berri. Figura bi daude, bidelaria eta bidelaguna, ni naizena. Ez da irakasle lana, erraztasun handiagoa duena gutxiago duenarekin hitz egiten saiatzen da. Hor eman nuen izena.

Baita bidelagun onenaren saria jaso ere.

Bai, duela hiruzpalau urte. Eta horretan ere, bidelagun gehiago topatu nituen, jendea galdezka etortzen zitzaidan eta. Astean behin egiten dira saioak. Orain bidelari bi ditut, bat Bilbon, Izaskun, hasiera-hasieratik, eta beste bat Gasteizen, bertan bizi den errioxarra. Orain beraiek ere bidelagunak dira. Maila altua daukate, baina bidelari ere jarraitzen dute nirekin. Azkenean, bidelagunak eta lagunak ere egin gara.

Euskara, parekidetasuna, feminismoa…

Hortxe dauzkat nire helburuak. Nik uste dut gizarte parekideago batek, gainera, denoi mesede egingo ligukeela, beti elkarri mokoka eta elkar zapaltzen ibili beharrean; zoriontsuagoak izango ginateke denok. Eta horrekin batera, norberaren hizkuntza errespetatzea eta defendatzea niretzat garrantzitsua da.

Munduan urteak daramatzazula esan duzu.

Laster 70 urte beteko ditut, ezin dut sinistu ere egin. Amak gogorarazten dit batzuetan: «Kontura zaitez laster 70 urte beteko dituzula, ez zarela neskatoa». Gauzak egiten jarraitzen dut eta horrek bizipoza ematen du.

Eskerrik asko, Marisa.

Zuri. Espero dut elkarrizketa honen ostean laster murriztuko dugula arrakala [barrez, agur egitean].