Arantxa Urbe - @arantxaurbe
Hezitzailea eta Hik Hasi-ko kidea

Musukoek estali dutena

Gaur, hiru urteko haurrekin lanean ari diren bi irakaslek berriki azaldutako pasadizoak kontatuko dizkizuet. Gorputza lantzen ari zen irakasle horietako bat hiru urteko ikasleekin. Aurpegiko atalak, hain zuzen. Haurrei eskatu zien ezagutzen zituztenak izendatzeko, eta han hasi ziren, gogotsu: sudurra, begiak, kopeta... bat eta bestea esan, aurretik lagunek esandakoak errepikatzen, gehienetan. Irakaslea azkar ohartu zen inork ez zuela ahoa aipatzen. Saiatu zen, tira eta tira, baina alferrik. Azkenean, hatzez seinalatu zuen bere ahoa eta haurrek «maskarilla» esan.

Irakaslea harrituta zegoen, beste jantzirik ez zutelako gehiago aipatu, musukoa soilik, eta, kontrara, ahoa ez zuelako inork esan.

Beste irakasleak, berriz, kontatu zigunez, lehengo batean, musukoa itogarria egiten zitzaiola-eta, une batez baztertu zuen ur pixka bat edateko. Haren ustetan haurrak begira ez zeuden une batean. Berehala entzun omen zituen batzuk «Ala, ahoa dauka!», esanez. Harrigarria da adin horretan ustez oharkabean gertatzen ari denaz jabetzeko haurrek duten gaitasuna!

HH3ko lankideari galdetu diot ea bere gelan sortu ote den istoriotxorik musukoaren inguruan, eta haurrak denbora batetik hona «Itziar, kendu maskarilla, ea nolakoa zaren», esaten hasi zaizkiola esan dit.

Auskalo zenbat neska-mutil ote dauden beren ikaskideen, irakasleen, hezitzaileen, jangelako laguntzaileen eta bestelako eskola-jendearen aurpegia sekula ikusi ez dutenak. Ikusgarria litzateke jakitea nola eraikitzen ari diren, eta ari garen, musukoak estaltzen duen aurpegiaren zatia. Ez ote duzue ezusteko bat baino gehiago hartu, nire modura, edozein arrazoi dela-eta pandemia aurretik ezagutzen ez zenuen pertsona horrek musukoa jaisten duenean eta zure begien aurrean haren aurpegi osoa agertzen denean? Zure irudimenean eraikiz joan den aurpegiaren iruditik zein urrun eta arrotz ageri den begien aurrean biluzik geratu den benetakoa. Pentsa zer ez ote zaien otu dagoeneko gure neska-mutilei!

Urtebete luzea joan da gurea eta ia bazter guztietako eskolak itxi zituztenetik. Aitortu behar da ez direla bete udan denek ikasturte arraro honetarako egin genituen aurreikuspenak eta gorabeheratsua izanagatik ere, tirriki-tarraka bada ere, bagoazela aurrera. Horrek ez du esan nahi, ordea, baldintza onenetan ari garenik eta hutsuneak sakonak ez direnik. Hizkuntza hartzen ari direnentzat, eta premia bereziak dituztenentzat ahorik gabeko pandemia garaiko ikasturtea katastrofikoa gertatzen ari ez denik.

Esango nuke, haurren eta helduon irudimen gaitasuna askogatik gainditu duela errealitateak azken urtean. Nork esango zigun hainbeste sukaldetan sartuko ginenik, hainbeste jende sartuko zenik gurean. Nork aldi berean aurrez aurre eta telematikoki emango genituela eskolak. Nork ikasturte oso batez, gutxienez, musuko baten atzean ezkutatuko ginenik. Nork burbuila baten barruan sartuta aritu beharko genuenik gure ikasleekin, noiz eta harremanak zabaltzeko heziguneetako hormak botatzeko determinazio osoa hartzen ari ginenean. Nork musuko batek gure ahotsa galbahetuko zuela eta gure irribarrea estaliko? Eta pabiloi erraldoi batean txertoa hartzeko gure txanda itxarongo genuela?

Imajinatzen duzue aurpegia biluzik eskolaratuko garenekoa, gure heziguneak irribarrez eta besarkadaz beteko diren eguna? Ederra izango da! •