MUGETAN HARRAPATUTA

Atxiloketak, xantaiak eta deportazioak, migratzaileen errealitate gordina Mexikon

Mugarik Gabeko Medikuak (MSF) gobernuz kanpoko erakundeak irmo salatu du mugak militarizatzeko Ameriketako Estatu Batuek, Hondurasek, Mexikok eta Guatemalak sinatutako akordioek asilo eskubidea urratzeaz gain, deportazioak areagotzen dituztela. Neurri horiek migratzaileak kriminalizatu eta antolatutako gaizkile taldeen esku uzten dituztela ohartarazi du.

gara-2021-05-06-Reportaje

Ameriketako Estatu Batuek, Mexikok, Guatemalak eta Hondurasek herrialde mugak militarizatzeko sinatu dituzten akordioek migratzaileak gehiago kriminalizatzen dituztela eta antolatutako gaizkile taldeen menpe uzten dituztela salatu berri du Mugarik Gabeko Medikuak (MSF) gobernuz kanpoko erakundeak txosten batean. Mexikoko hegoaldean migratzaileen kontra egiten diren sarekaden eta haien atxiloketa arbitrarioen lekuko izan da. Iparraldean, berriz, Mexikok eta AEBek duten mugan, pandemiaren eta osasun segurtasunaren aitzakiapean egiten dituzten deportazio masiboak dokumentatu ditu.

«Asilo eskubidea eta biolentziatik ihesean doazenen mugimendu librea oztopatzeko harresi fisikoak, burokratikoak eta polizialak ikusten ari gara berriro ere. Errealitate hau begi bistakoa da bai Mexikoko iparraldeko mugan bai hegoaldeko mugan. Ameriketako Estatu Batuek migratzaileak masiboki deportatzen eta kanporatzen dituzten bitartean, Mexikok migratzaileak erreprimitu eta atxilotzen ditu», nabarmendu du Antonino Caradonnak, MSFk Mexikon migratzaileentzat duen proiektuaren koordinatzaileak.

Errepresioa are nabariagoa da babes eskatzaileak eta migratzaileak biltzen diren eremuetan, baita MSFk duen osasun guneetatik gertu ere, batez ere, Coatzacoalcosen, Veracruzen. Bertan migratzaileek asko erabiltzen duten trenbide bidegurutze bat dago eta sarekadak ohikoak dira bertan.

«Pasa den astean, esaterako, burdinbideetan atxiloketak egin zituzten. Modu arbitrarioan 50 migratzaile atxilotu zituzten, ume txikiak zituzten familiak tartean. Aterpetik gertu lo egiten ari ziren. Diozesiaren Migrante Etxeak bertan lo egitea ukatu zien, pandemia argudiatuta», gogoratu du Caradonnak. Aterpe asko itxi egin dituzte eta beste batzuek edukiera murriztu dute.

«Aterpeen inguruan, baita osasun eta laguntza humanitarioa jasotzeko prestatutako guneetan ere, sarekadak ohikoak dira eta horrek ondorio larriak ditu, migratzaileak leku ezkutuagoetara bultzatzen dituztelako, arriskutsuagoak diren ibilbideak hautatzen dituzte eta egoera horretan antolatutako talde kriminalen aurrean zaurgarriagoak dira. Errazagoa da estortsioen biktima bilakatzea. Pertsona hauen erabateko babesgabezia salatu behar dugu», adierazi du.

MSFk bildu dituen lekukotasunek agerian uzten dute sarekadak ugaritu egin direla. «Menditik barrena 400 bat pertsona zetozen, baina horietatik 200 atxilotu zituzten, erdiak emakumeak. Orain oso emakume gutxi etortzen dira, horiek baitira gehien atxilotzen dituztenak haurrekin etortzen direlako eta umeak korrika gutxien egiten dutenak dira», azaldu du Levi Josue Hernandezek, Honduraseko migratzaile batek. Aterpeak itxita daudela baieztatu du. «Mendian eta errepidean lo egin behar izan dugu, ez dugulako etorkin etxerik edo aterperik irekita topatu», gaineratu du.

21 urte ditu Hernandezek. Tegucigalpakoa da. «Nire herrialdean ez dago lanik, dena oso gaizki dago, gaizkile talde pila bat daude. Horregatik erabaki dugu emigratzea, bizitza hobeago baten bila. Ameriketako Estatu Batuetara noa edo ahal dudan lekuraino iritsiko naiz. Mexikon gelditzen banaiz, paperak egiten saiatuko naiz, baina aurrerago. Mexiko Hiria polita dela esan didate eta agian denboralditxo bat gera naiteke bertan, baina momentuz trenaren ibilbidea jarraituko dut ahal dudan arte. Atzerago, migrazio polizia atzetik izan genuen korrika 40 minutuz. Korrika egin behar dugu, bestela harrapatu egiten gaituzte. Korrikaldian, beso batean min hartu nuen hesi bateko alanbre arantzadun batekin, baina zorionez ihes egitea lortu nuen eta berriro ere iparralderantz noa», azaldu du gazte hondurastar honek.

Kimberlyren ametsa

Kimberly ere Hondurasekoa da. 29 urte ditu eta hiru seme-alaba, 15, 11 eta 8 urtekoak. Nekazaria zen ogibidez baina urakanen ondorioz, den-dena galdu zuen. «Etxerik gabe gelditu ginen. Hitz batean esanda, kalean gelditu ginen. Nire helburua New Yorkera iristea da, bertan baitago nire anaia. 11 urteko semearekin noa, besteak nire amarekin gelditu dira Hondurasen». Elizako «anaia» baten eta haren umetxoarekin atera zen Hondurasetik. Jada Mexikon daude. «Mendian, kalean, lo egin dugu, goseari eutsiz, zeren dirurik gabe goaz. Salto de Aguan soilik aurkitu dugu aterpe bat, bi gau egon ginen bertan. Ondoren, ibili eta ibili gauak hartu arte. Beldurra ematen dit kalean lo egiteak edozer gerta daitekeelako. Beldurra ematen dit semea norbaitek besoetatik kentzeak. Bera lotan dagoen bitartean, ni esna nago, zaintzen», gaineratu du.

«Hemengo aterpea, Coatzacoalcoseko Diozesiaren Migrantearen Etxea, itxita dago. Jatekoa eta kafea eman digute, baina ez dute uzten barruan lo egiten. Atzo semearekin bainua hartzen uzteko erregutu nien, bi egun baikeneramatzan garbitu gabe. Jendeak borondatez ematen digunarekin jaten dugu. Guatemalan soinean generamatzan diru apurrak kendu zizkiguten. Polizia kontrol guztietan 150 edo 200 ketzal eskatzen zizkidaten eta deportazioarekin mehatxatu ninduten; muga igarotzeko baimena edo pasaportea eskatzen zizkidaten, baina nik ez dut ez bata ez bestea. Deportazioak beldurra ematen dit, zeren Hondurasen egoera oso zaila da. Nik han lan bat izango banu, ez nituzke arriskuan jarriko nire bizitza eta semearena ezta gure segurtasuna ere, eta ez nituzke beste haurrak han utziko», adierazi du Kimberlyk.

«Ura eskatzen goaz, eta horrela botilak betetzen ditugu. Kide batzuek dirua ematen digute botilak erosteko. Beti erabiltzen dugu maskara, eskuko gel hidroalkoholikoa eta distantzia gordetzen saiatzen naiz. Semea oso urduri dago. Zergatik ez ote dugun aurreratzen galdetzen dit. Trena irten arte itxoin behar dugu. Orain bat atera da, baina ez naiz igo zeren jendez gainezka zegoen eta nahiago dut beste hamar tren itxoin semeak bidaia segurtasunez egin dezan.

»Triste nago, beste umeek dituzten baliabideak eta erosotasuna eman nahiko nizkioke nire semeari. Triste nago arriskuan jarri behar izateagatik. Gehien arduratzen nauena bere segurtasuna da eta jatekorik emateko dirurik ez izateak kezkatzen nau. Hori da min gehien ematen didana. Batzuetan janaria oparitu egiten didate eta den-dena jateko esaten diot. Orduan berak esaten dit nik jaten ez badut, berak ere ezetz. Gosez egon arren, goserik ez dudala esaten diot, berak jan dezan. Baina ni gosez ez banago bera ere ez dagoela erantzuten dit. Horregatik, bere osasuna pixka bat makaldu da. New Yorkera iristea lortzen badut, ziur nago gure egoera aldatuko dela. Etxea berriro eraikiko dut, ikasketak emango dizkiot, baita Hondurasen utzi ditudan seme-alabei ere. Baldintza oneko lan bat besterik ez dut nahi, berdin zait zertan. Hara iritsi eta leku seguru batean atsedena hartu nahi dut».

Roger Ramos, aterperik gabe

Roger Ramosek 39 urte ditu. Bera ere Hondurasekoa da, Francisco Morazan departamendukoa. MSFk elkarrizketatu zuenean, zortzi egun zeramatzan bidea egiten. «Wi-fi sarea alokatu dugu senideei momentuz ondo gaudela esateko. Ahal dugun heinean gure pausoen berri ematen goaz zeren kezkatu egiten dira, nola ez. Momentuz dena ondo doa, Jainkoari esker. Nekatuta nago, ordu luzez oinez ibili behar dugulako. Chontalpako bidean 500 pertsona gindoazen, baina El Limonar inguruan migrazio polizia azaldu eta asko atxilotu zituzten. Nik menditik barrena ihes egitea lortu nuen. Emakume gehiago atxilotu zituzten, zeren trenaren barruan joan ohi dira eta zailagoa dute trenetik salto egin eta mendirantz ihes egitea. Familia asko seme-alabekin etortzen dira. Gure herrialdeetako egoera oso zaila da, horregatik gaude hemen. Jose Bidenek pertsona eta aberkide askori Ameriketako Estatu Batuetan gelditzeko aukera eman die, beraz, hemen nago. Ez dugu lapurretarik pairatu. Orain lapurra Polizia mexikarra da. Harrapatzen gaituztenean soinean daramagun dirua kentzen digute. Atxilotua ez izateko xantaia egiten digute, bidean jarraitu ahal izateko daramagun dirua eman behar diegu. Ez dago aterperik, soilik, ezeren truke beren etxeak zabaltzen dizkiguten bihotz zabaleko pertsonak, eta hori oso eskertzekoa da, zeren horrela ez dugu mendian lo egin behar, arriskupean». Coatzacoalcosen atsedena hartu ondoren, Ramosen helburua ahalik eta urrutien iristea da.

Maria, heriotzatik ihesean

Gaizkile taldeen mehatxuengatik ihes egin zuen Mariak Guatemalatik senarrarekin eta bi seme-alabekin. Guatemala eta Mexiko oso-osorik zeharkatu zituzten. Iparraldeko mugara iritsi zirenean, Reynosan, Poliziak senarra eta 12 urteko semea atxilotu zituen. Hala ere, lau urteko alabarekin ibaia zeharkatzea erabaki zuen. Border Patrol-eko patruila batek atxilotu eta atxiloketa zentro batera eraman zituzten koronabirusak eskatzen dituen segurtasun neurriak errespetatu gabe, MSFk salatu duenez. Hurrengo egunean, Nuevo Laderora kanporatu zituzten; Mexikoko iparraldeko hiri arriskutsuenetariko bat da.

«Guatemalatik ihesean atera ginen. Senarrak bere lanagatik isilpeko informazioa zuen eta gaizkile taldeek datuak eskatzen zizkioten. Mehatxupean zegoen. Egun batean, harrapatu eta kolpatu egin zuten. Etxera joan ziren eta alaba kentzen saiatu ziren. Nire semeari kalean gizon batek bere aitak kolaboratu behar zuela esan zion. Seme-alabak hilko zizkigutela esan ziguten. Haiek babestearren Guatemalatik ateratzea erabaki genuen. Laurok batera atera ginen. Mexiko gurutzatu genuen, zailtasun asko pasatu genituen, lurrean lo egin genuen. Baina, aguantatzea lortzen bagenuen dena hobeto egongo zela uste genuen. Mugan autobus bat hartu eta Mexiko Hirira iritsi ginen. Hurrengo egunean, bi autobus hartu genituen, Monterreyra lehenik eta ondoren Reynosara. Hor senarra eta semea atxilotu zituzten, nik jarraitzea erabaki nuen, zer egingo nuen nik bakarrik alaba txiki batekin hor? Hiru egun beranduago, AEBetarako ibaia zeharkatu nuen.

»Oso zaila izan zen baltsa horietara igotzea gauez, inolako argiztapenik gabe. Mendian ibili ginen, baltsara igo eta ibaia zeharkatu genuen, beste aldean jaitsi eta ibaiaren bazterrean bidea hartu genuen. Linternak eskutan argitu gintuzten patruilek. Jendea aukeratzen hasi ziren, umeen adinaren arabera banatzen gintuzten. Nireak 4 urte ditu. Autobus batera igo eta handik ordubetera gailetak eman zizkiguten. Mediku batek haurrak ikusi zituen, hatz-markak hartu eta argazkiak atera zizkiguten, eta logela txikitan banatuta zegoen karpa erraldoi batera eraman gintuzten. Koltxoneta bat eman behar zidatenean, itxoiteko agindu zidaten. Polizia emakume batek, nire argazkia zuen fitxa eskutan zuela, lekuz aldatuko gintuztela esan zidan, hor gainezka zeudelako. Beste autobus bat. Ziega bat zuen polizia etxe txiki batera eraman ninduten. Hor haurrekin geunden emakume asko sartu gintuzten. Lurrean lo egin genuen. Umeei zuku bana eman zieten, usain txarreko barazki erretilu bat ematen zieten, baina ez zuten deus ere jan. Alabari probatzeko eman nion baina botaka hasi zen».

Hogei ama beren haurrekin, tartean Maria, autobus batean sartu eta Mexikorantz eraman zituzten berriro, baina oraingoan, Nuevo Laderora. Mugan, negarrez zegoen emakume bati honakoa esan zion polizia mexikar batek: «AEBek ez dute nahi zu han egotea».

Maria etsita dago. Senarrak ordaindu ezin duten ebakuntza bat behar du. Nuevo Leongo aterpe batean dago semearekin. «Huts egin dut. Pentsatu genuen bidaia hau eginez gure seme-alabak babesean jarriko genituela. Ezin ditut babestu hemen, Mexikon. AEBek ez badigute gure egoera azaltzeko aukerarik ematen, Guatemalara itzuli beharko dut, baina itzultzeak beldurra ematen dit marengatik. Korrontearen kontra igeri egitea bezala da».