Itzea Urkizu Arsuaga

Gelditu denbora

Ordenagailu aurrean, sormenarekin dantza egin nahian nabil. Pantailaren gainean bi balda daude, eta bigarrengoan ontzi bat, eder idortutako lore sorta batekin. Ospitale gela baterako sortua izan zen, fresko, iazko ekain hasieran eta, orduz geroztik, gure alboan jarraitu du lehortzen. Edo, denboraz bustitzen.

Ariketa interesgarria izan da, denbora tarte hori, ni bezalako aurreikuspen zale batentzat: kontrolaren kartoizko mugak puskatzea ekarri dit amatasunak, gauzei datozen eran-abiaduran-tankeran aurre egiten ikastea. Hori, eta astean –gutxienez– hirutan denbora gelditzeko gogoa sentitzea. Kontrola eta denbora, ezinezko bikote eternala.

Iaioak baikara denbora kontatzen, denbora horri nola aldatzen gatzaizkion ikusteko, beharbada. Hala otu zitzaidan lehengoan, semearen urtebetetzearen olatu emozionala surfeatu nahian nenbilela. Errepasatu nuen ni nola aldatu natzaion 365 eguneko denbora horri eta, erabaki dut baietz, jarraitu nahi dudala lore sortaren pare, aldatzen eta orbantzen. Denboraz bustitzen.

Figura erretorikorik gabe hitz egiten hasita, jarraitu nahi dudala horrela zahartzen, alegia. Badakit: ez da beste munduko deklarazio bat, ezpada gu guztion halabeharrari eskutik heltze hutsa. Baina, esango nuke, honetan ere, absurdo baten zurrunbiloan gabiltzala. Segundo bakoitza azkena balitz bezala arnasteko beharra saldu digute zoriontasunaren izenean, baina, aldi berean, segundo horien guztien igarotzearen aurka gabiltza arraunean, krema, dieta, gimnasio, kirofano, mikropigmentazio eta tinte artean.

Geure buruen denbora ukatzen irakatsi digute, urteek azalean pilatzen dizkigutenak zimurrak eta orinak bakarrik balira bezala. Horiekin batera nortasuna elikatuko ez balitz bezala. Zahartzean pausoa egonkortuko ez balitz bezala, ahaldundu, etortzeko dauden egunei ekiteko.

Eta ni neu naiz gezurretan ari den lehenengoa: zahartzen jarraitu nahi duela aitortu berri duen ile urdindun ilegorria. Noizbait berezko koloreari hazten uzteko asmo betea duena, baina oraindik goizegi dela irizten diona. Auskalo zein den “goizegi” horrek autoestimu benetakora iristeko behar duen denbora.

Ziur zuk ere ezpain gorriz, pastazko betaurreko politekin, belarritako luzez eta ile zuri moztu berriarekin irudikatu duzula, urte gutxi barru tintea utzita izan nintekeen hori. Hau ez baita behin ere gelditzen: emakumeok bai ala bai pasatu beharra daukagu mandatu estetikoaren langatik, izan nerabe, izan alaba, izan gazte, izan amatxo, izan heldu edo izan adineko.

Tira, bigarren baldako lore sorta idorrari bihotzez eskertzen diot, bere idortasunetik, duela aste batzuk izandako lagunarteko bazkaria gogora ekarri izana. Lana, etxebizitza, pandemia, oporrak, kirola, moda, bosgarreneko bizilaguna eta ile-urdina-eramatekotan-estilo-handiz-eta-makillaje-pixka-batekin-eraman-behar-da izan genituen hizpide. Eta, lehenengoz, zahartzearen ederra mahaigaineratzeko gogoa sentitu nuen. Izan gaitezen pixka bat lore sorta, eta busti gaitezen denboraz, eder baino ederrago idortzeko. •