Nekane Zinkunegi Barandiaran

«Marikoi zikina»

Pasa den maiatzaren 17an, LGTBIfobiaren aurkako eguna izan zen. Datorren ekainaren 28an, sexu askatasunaren aldekoa izango da. Bi data esanguratsu horien artean, mutil gazte batek eraso homofoboa jasan du Basaurin. Hamahiru lagunen artean jipoitu dute, «marikoi zikina» oihukatzen zioten bitartean.

Erasotakoak berak hedabideei adierazi dienez, uste zuen jendea “aldatu” dela dagoeneko, eta halako gauzak ez direla gertatzen jada. Zoritxarrez, oker zegoen. Hala ere, adorea bildu eta salaketa formala jarri du, eta publikoki ere adierazi du “borrokan” jarraitu beharra dagoela, ezin dela besoak gurutzatuta geratu.

Homofobiaren oinarrian dago sexu orientazio homosexuala aurkakotzat hartzea, gutxiestea, normaletik kanpo irudikatzea. Eta homosexualak barregarri uztea, gaixorik daudela irudikatzea, gaizkile gisa tratatzea edo haien aurkako mespretxuz aritzea. Hitzezko indarkeriaz edo fisikoaz adieraz daiteke, eta homosexualen oinarrizko eskubideak ditu jomugan. Baina isileko arbuioak eta biktimizazioak ere egoera okertu soilik egiten dute.

“Homosexual” jartzen duen tokian beste deskribatzaile bat jarriko bagenu, asaldatu egingo ginateke fobiaren dimentsioarekin. Eta ez genuke toleratuko bizi garen garaiotan halakorik gertatzea, bi aldiz pentsatu gabe salatuko genuke. Eta egia da salaketarako mobilizazio bat baino gehiago antolatu direla Basaurin, inguruko herrietan, eta Euskal Herrian, oro har.

Baina zerbaitetan huts egin da adin buelta horretako gazte batzuek belaunaldi bereko kide dutena haren sexu hautuagatik espazio publiko batean jipoitzeko zilegitasuna sentitu badute. Munduan, oraindik, NBEko kide diren 69 estatutan kriminalizatzen da sexu hautua. Normala zer den ezartzen duen marra gorriaren aurrean, itota bizi da jende asko, beldurrez. Eta hori iraultzeko ardura, askotan esleitu bazaio ere, ez dago hezkuntza komunitatearen esku soilik.

Normaltasunaren barruan erosoago gaudenok egiten duguna etengabe zalantzan jarri beharko genuke, iraunarazten dugun sistema guretzat baino kartzelago izan daitekeelako beste hainbat kolektiborentzat. •