Mikel Zubimendi
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad
{ analisia }

Alderdiaren indarra

Mendea bete da Txinako Alderdi Komunista sortu zenetik. Bere porrotaren aurreikuspen guztiak hankaz gora jarri ditu, behin eta berriz, baldintza guztien kontra. Hor goian dirau, bietan jarrai: selektiboki gogor erreprimituz eta eskakizun sozialei erantzunez. Eta herriaren babesa dauka.

Ez da Txina modernoaren etorkizuna egun hartan erabaki zela, ez da flipatu behar ere. Ez da hainbesterainokoa, hori esaten dutenak asko diren arren. 1921. urteko uztail hartan marxismoaren sei irakurle talde ordezkatzen zituzten hamahiru lagun haiek, Shanghain bilduta, ez zirelako ia ezertan ados jarri. Beren desadostasunak ezin izan zituzten konpondu eta, gainera, poliziak eten egin zuen bilera eta ihes egitera behartu zituen. Bilera gordeleku izan zuten laku batean jarraitu zuten, txalupa batean batzartuta.

Hamahiru «gazte ero» haiek bazuten adostasun bat: Txinako egoeraren inguruan diagnosi marxista. Eta fede bat ere konpartitzen zuten, fede sakon bat: alderdi komunista batek masak gidatuko zituela, iraultza armatu betean, indar feudalista eta inperialistei aurre egiteko. Ideiok, urte batzuk geroago teoria leninistarekin bat egin zutenean, egitura leninista batez hornitzean, espero eta lortu zitekeenaren gainean Txinako Alderdi Komunistaren monopolio iraunkorra ekarri zuten. Liu Shaoqi, alderdiaren teoriko eta geroago estatuburu izan zenak, 1939ko "Nola izan komunista ona" bere entseguan ondo azaldu zuen: «Diziplina ezinbestekoa da alderdian, eta denetan zorrotzena izan behar du… gure kamaraden subordinatzeko beharraren zentzua, alderdiaren antolaketara subordinatzekoa, handitu behar dugu».

Maoren ondorengo aroan asko izan dira Txinako Alderdi Komunistaren bukaera eta demokraziaren etorrera iragarri dutenak. Orain arte, baina, oker, oso oker aritu dira. Alderdia boterera eraman eta Txinako Herri Errepublika ekarri zuen 1949ko iraultzaren ondoren, kontrol politikoa oinarrizko behar materialak lortzeko zerbitzura egon behar zen, eta, hartara, jendea alderdiaren mende. Denetarako alderdia zen hura: lanpostuak asignatzen zituen, etxebizitza eta elikadura, irakaskuntza ematen zuen, eta egunero kontsumitzeko behar zirenak eskuragarri jartzen zituen.

Kontrol ideologikoa azenario eta makilarekin bermatzen zen; sari eta zigorren sistema baten bidez, bere promozio edo gradu-kentzeekin, bere bonus edo isunekin, emateko ondasun gehiago edo gutxiagorekin. Neurriok eman zioten forma maoismoaren garaiari (1949-1976). Mao lemazain eta idazkari nagusiak askotan aipatzen zituen nazioa zerbitzatzeko pizgarri moralak, nazioa nonahi zerbitzatzeko, lanpostuaren diziplinatik familiaren planifikazioraino.

Zelulen sare erraldoia

Gaurko Alderdi Komunistak autoritate sozial eta ideologikoa modu berri eta ñabartuagoekin gauzatzen ditu. Zelulak balira bezala, talde antolatuen sare erraldoi bat dauka, gobernutik hasita erakunde sozialetaraino. Aktibitateak zaintzen ditu, edukazio ideologikoa ematen du eta alderdiaren erabaki eta politikak transmititzen ditu.

Eta harreman fisikoa bukatzen den lekuan, teknologiak hartzen du ardura. Aurpegi errekonozimendurako software eta telefonoak jarraitu eta zelatatzeko sistemekin, txinatar guztien mugimenduak kontrolatu ahal ditu, herrialdeko edozein lekutan. Kredituen sistema batek jendearen finantza eta fakturen ordainketen gaineko informazioa biltzen du, baita lege hausteen eta epaien ingurukoa ere. Orain eztabaidatzen ari dira lan historiala, bizilagunekin harremanak eta Interneteko aktibitatea gehitzea; denak datu bihurtzea. Sistema hau bankuaren maileguak ukatzeko erabiltzen da dagoeneko; lanpostuak ukatzeko, igoerak trabatzeko, bidaiatzeko ahalmena mugatzeko, eta, are, seme-alaben irakaskuntza aurreikuspenetarako.

Bai, alderdiak bitarteko horiek erabiltzen ditu disidentzia erreprimitu eta ezabatzeko. Baina gobernatzeko eta agintzeko eskakizun sozialei selektiboki erantzuteko gaitasuna du alderdiak, ezinegonak nola adierazi behar diren eta ekintzak nola egin zehazterainokoa. Protesta ez-biolentoak baimenduta daude, jakina, alderdia salatzen ez duten heinean. Talde eta mugimendu sozial batzuk, gero eta gehiago, alderdiarekin elkartzen dira ondasun publikoen hornidurarako; irabazi materialak ematen zaizkio ingurumen edo bizi kalitatearen inguruan kezkatzen denari. Eta hauteskundeak ere badaude, herri eta herrixketan, «demokrazia defendatu!» alderdiaren lema ofizialpean.

Sugea bezala, ekintza horien guztien artean dabil alderdia, beti, eta ez bakarrik botereari eusteko. Ekintza sozial eta politiko guztien gaineko dominazio sistema bat obratzeko ere ari da. Alderdiaren idazkari nagusi eta egungo presidente den Xi Jinping-ek, 2017ko alderdiaren XIX. Batzarrean esan zuen bezala: «Gobernua, armada, gizartea eta eskolak; ipar, hego, ekialde eta mendebalde; alderdia da guztien lider».

Irauna, zilegitasuna

Alderdi bakar eta komunista daukan Txinako estatuaren bideragarritasunaz asko idatzi da. Autore andanak, ia sistematikoki, txinatarren diru sarrerak igoko ziren neurrian, irakaskuntzako maila hobetu eta herriaren eskakizunak handitzearekin batera, zalantzan jarri zuten bideragarritasun hori. Eta profeta pila bat sortu ziren, promesa bera errepikatuz: Txinako Alderdi komunistaren amaiera eta (Mendebalde itxurako) demokraziaren etorrera. Mao ondorengo garaietatik dabil matraka hori. Uste oso batek funtzionatu du: 1970eko hamarkadan, Den Xiaping lemazain txikiarekin hasi zen ekonomiaren liberalizazioak politikaren liberalizazioa ekarriko zuela, Txinaren trantsizio demokratikoa saihetsezin eginez. Batzuek 2025ean etorriko dela idatzi dute, zientzia politikoaren errebelazio gisa edo.

Zorionez, pentsamendu eta oreka intelektualarentzat osasungarri, uste oso horren eta bere argudioen mugak eta ezinak, errebelazioaren ortopediak, erakusten dituzten liburu ederrak argitaratzen ari dira. Bruce Dickson-en "The Party and the People" adibidez. Irauna daukan Txinaren egonkortasun politikoa eta gehiengo baten begietara alderdiak daukan zilegitasun sendoa esplikatzen saiatzen diren liburuak.

Txinako Alderdi Komunistaren iraunkortasuna ekintza sozialen manipulazio estrategiko batean kokatzen du(te), gure inguruko prozesu politiko formaletik harago, imajinario soziala eta demokraziaren zentzua (bir)definitzeraino.

Ez, Dickson bezalako autoreek Txinak ez duela Hego Korearen edo Taiwanen bidea segituko esango dizute. Beraiek zuzendu dituzten inkesta eta ikerketa soziologiko askok alderdiaren arrakasta azpimarratuko dituzte, hazkunde ekonomikoaren eskutik, berarekin batera, zilegitasun itzela lortu duela alderdiak. Esango dizute txinatarrek ez dituztela nahi erregimen aldaketak, edo kolorezko iraultza faltsu horiek, edo Mendebaldekoen itxurako demokrazia liberalik.

Azkarra eta zuhurra

Komunikabide globalen kontsumitzaileek pentsatzen dutenaren kontra, Txinako Alderdi Komunistak ez duela –edo hobeto, ez duela bakarrik– neurri errepresiboen bidez gobernatzen. Alderdiak badakiela ere babes herritar handia eskuratzen, eskakizun publiko askori erantzun positiboak ematen. Alderdiak ez diola beldurrik berrikuntza politikoari, eta azkarra izan dela, zuhurra, oreka aurkitzen, errepresioa eta onespena orekatzen.

Jakina badauzkala Txinak parte hartzeko bideak, dela online dela herri kontsultetan. Dela Pekingo airearen kalitatearen inguruan, dela ingurumen gaietan. Horixe daudela gobernuz kanpoko 800.000 erakunde Txinan, eta erregistratuak ez daudenak horren bikoitza izan daitezkeela. Beraz, legeztatuak dauden edo ez, hori ez da kontua.

Zerbitzu publikoa hobetu eta egonkortasun politikoa indartzen duten erakunde eta mugimendu sozialak daude eta alderdiaren aurka daudenak ere badaude, nolabaiteko aldaketa demokratiko bat bultzatzen dutenak, eta hori da, bien arteko ezberdintasun hori, benetako muga. Lehen kategoriakoak alderdiarekin kolaboratu eta haren argi berdea dutenak dira. Asko ugaritu dira, jende pila batek parte hartzen du. Besteak, bigarren mailakoak, jazarrriak dira, zuzenean, eta ez daukate publiko zabalik.

Edonola ere, hor atzean eztabaida bat ere badago: gizarte zibil bat nolakoa izan behar den, estatuak zein bide ireki eta zein itxi behar dituen. Txinan ez delako erraza alderdia non bukatzen den eta gobernua non hasten den jakitea.

Alderdi-estatua

Alderdi Komunistak estatuaren eta bitarteko politikoen gaineko monopolio instituzionala dauka. Hau da, eragin politikoa daukan lider oro Txinako Alderdi Komunistaren kidea da. Han ez dago oposizioko alderdirik, ezta goi karguetarako konpetentziarik ere.

Txina alderdi bakarreko estatu bezala gobernatzean, Alderdi Komunistak organo exekutiboak, administratiboak, legegile eta judizialak gainbegiratzen ditu; haien parte da, goitik beheraino. Gobernantzaren jardunean, kontrolak eta kontrapisuak baino gehiago, lan banaketa sinple bat ezartzen du: lehenik, alderdiak politikei eta pertsonalari buruzko erabakiak hartzen ditu; gero Legebiltzarrak berretsi egiten ditu eta, azkenik, Gobernuak inplementatu egiten ditu.

Dickson bezalakoek esango dizute Txinako Alderdi Komunistak badakiela jendearen eskakizunei erantzuten eta bere behar materialak hobetzeko formulak sortzen, badakielako hori dela herritarren babesa lortzeko bidea.

Piramide bat bezala antolatzen da. Boterea Txinako Alderdi Komunistaren komite zentralean datza, zehazkiago honek hautatzen duen Politburoan, egiazki, Politburoaren Batzorde Iraunkorrean, bost gizonetik bederatziraino (azken urteetan zazpirekin funtzionatu du) osatu dezaketen organoan. Hor kontzentratzen da boterea. Eta denen buru, alderdiko idazkari nagusia: Txinako presidente Xi Jinping.

Alderdi-estatu egitura honekin estatuaren tresneriaren kontrola ziurtatzen du. Baina ondoan izendapenen prozesu ongi instituzionalizatu bat dago, aspirazio politikoak alderdiaren lehentasunetara bideratzen dituena. Goitik beherakoa da izendapen prozesua, nomenklatura sobietarraren eskolakoa. Maila bakoitzak azpiko mailaren arduradunak izendatzen ditu. Eta aurreikuspen guztien gainetik, derrigorrez bete behar dituzten helburuak dauzkate, besteak beste, ordena eta egonkortasun soziala zaintzea.

Deserosotasuna

Maila bakoitzaren botere eremuan, dela herrixka, dela eskualde edo probintzia, protesta sozialak pizten ez direla demostratzen duenak, hori egiten asmatzen duenak, saria dauka. Hori bai, jendea protestatzera kalera ateraz gero, eta, are, protestok deskontrolatzen badira, akabo karrera politikoa, zigorra dator: bukatu da!

Derrigorrezkoak dituzten helburuen artean hazkunde ekonomikoa ere egon ohi da, lortzen zailagoa den arren. Plangintza bat dago, X urteetara, eta emaitza batzuk lortu behar dira, hazkunde tasa batzuk, derrigorrean. Behetik gorako sistema da, funtzionario batetik besterakoa, norabide horretan doaz leialtasunak eta erantzukizunak. Ez da gobernatuak direnengan oinarritzen, ez dago programa politiko alternatiborik, ezta bestelako ideal sozialik ere. Izendatua izan denak bere indar guztiak bideratu behar ditu helburuak betetzeko, ez besterik. Hierarkian goian dituen arduradunei atsegin emateko eta, hala, mailaz igo ahal izateko.

Eta egia da, horrek, batzuetan, uste baino gehiagotan agian, herritarrek dituzten behar eta eskakizunei erantzutea esan nahi du. Eta bide batez, kritika erradikalen mehatxuak kentzen ditu bidetik, azkarra eta eraginkorra den modu batean, besteak beste, haserre sozialak adierazi daitezkeen formetara birbideratuz.

Xi Jinping faktorea

Analista askok Xi Jinpingen lidergotzaren aldaketa bat gertatu dela diote. Eta oreka apurtu duela, errepresioa lehenesten ari dela esango dizute, premia sozialei erantzuteko ahalmenaren gainetik. Gobernuz kanpoko erakundeak presio eta jazarpen handiagoa pairatzen ari direla, protestatzeko bideak estuagoak direla egunetik egunera, izendapenak ez direla batere gardenak. Esango dizute bere ondorengoa aukeratzeko errutina aldatu duela, izendapenen kontrol zuzena hartu eta kontrol politikoa handitu duela. Are, konstituzioa nahieran aldatu duela, bere kargua bizi osorakoa izan dadin.

Ez da soilik Xi Jinpingek boterea kontzentratu duela eta Txinako Alderdi Komunistaren neurrira paratu ziren printzipio leninistak birdefinitu eta berrindartu dituela. Zergatik orain? Zertarako? Erantzun errazik ez duten galderak dira, letrok juntatu dituenaren ahalmen eta jakintzari eskapatzen zaizkionak.

Badago, bestalde, Txinaz idazten denean, haren tamainagatik, haren zibilizazioaren erroengandik, haren igoera geldiezinagatik edo batek jakin zergatik, hiperbolerako tirantza bat. Beldurrak, mehatxuak, dohainak, ahalmenak... denak esajeratzen dira.

Txinako Alderdi Komunistaz idaztean, berdin. Agian egiazki den baino koherenteago eta hegemonikoago egiten da, barne mailako borrokarik gabea, alderdien jokoan erabakiak hartzeak dauzkan azpijokoetatik libre. Ez dakigu zergatik ari den Xi Jinping hainbesteko boterea pilatzen, zergatik zorroztu dituen gizartearen gaineko kontrolak, zergatik kendu dituen funtzionario ustel batzuk eta beste batzuk mantendu. Baina jakingo da. Dagoeneko badakigu, baina, asko daukala egiteko, asko azkar egiteko. Zer diren ironiak! Besteak beste, gaur, gerra baten beldur handiena Pazifikotik datorrelako.