Ula Iruretagoiena
Arkitektoa

Edadetuak

Nolakoak behar dute izan edadetuentzako guneek eta espazioek? Ezberdinak al dira? Zerk bereizten ditu? Adinaren araberako espazio banaketak behar al dira auzoetan? Zer leku eskaintzen zaio espazio publikoan adinduei? Zer pertsona profil da pertsona edadetua? Zer egoera ezberdin bizi dituzte edadetuek osasun eta ekonomia ezaugarrien edo klase eta generoaren arabera? Zer dibertsitate motaz ari gara?

Biztanleria zahartua duen gizarte batean, horrelako kezkek diseinu teknikari ororen mahaian egon beharko lukete. Badira hamaika diseinatzaile horrelako gaietan sakontzen dihardutenak, baina mahai espezializatuetara mugatua dago afera, diseinu orokorretik banandutako kaxoi baten moduan tratatua. Adinduentzako espazioak espezifikotasunetik jorratzea eraginkorra bada ere, planteamenduaren muinean txikitasuna eta aparteko afera gisa ulertzea egon daiteke. Egokiagoa iruditzen zait begirada zehatz batekin egindako lanketak diseinu barneratzaile baterako bokazio izatea, zehar-begiradak diseinu homogeneoa zalantzan jar dezan.

Onartuta dago esatea pertsona adinduak espazio publikoaren gaineko gogoetan ahaztuak edo baztertuak direla. Kontuan hartu behar da bizitza produktibotik kanpo dagoen biztanleria segmentua dela, baina horrez gain, behar eta izaera unibertsalen ebazpena bilatzen duen diseinuaren kanonetatik ateratzen diren pertsonen gaineko amnesia estrukturala azpimarragarria da. Erabiltzaile abstraktu bat irudikatu behar denean, behar fisiko eta funtzionalak sinplifikatu eta homogeneizatzeko joera izan ohi dugu, horregatik gertatzen dira deigarriak dibertsitatea aintzat hartzen duten eta integratzaileak diren jokabideak. Beste muturrean, adinduentzako soilik diren gune publikoak sortzeko joera zahartzaroaren aurrean gizarteak egiten duen keinu tranpati bat bezala ikusten dut. Adinduenganako ahanztura hori Mendebaldeko gizarteak zahartasunarekiko duen kosmobisioaren emaitzaren isla baita; eta ikusgarritasuna kentzea, estrategia orokortu bat. Gogoan dut zenbateko inpaktua sorrarazi zidan konfinamenduaren garaian edadetuak kalera irteteko ordutegiak harrapatu ninduen uneak. Kontxako pasealekuan gorputz inklinatuen eta prudentziaz beteriko ibilkera pausatuen paisaia urbanoaren ikusle izan nintzenean, edadetuak ezkutalekutik atera zirelako sentsazioa izan nuen.

Baina badago estetikarekin erlazionaturiko beste ñabardura bat ere, edadetuen espazio publikoaren gogoetan zeresan handia duena. Eta gaztetasunaren eta berritasunaren irudiarekin loturikoa da. Espazio eta eraikinetan, botox eta azido hialuronikoaren baliokide diren eraikuntza teknikak existitzen dira, “betigazte” estetikaren begirada baten egituratik pentsatuak. Espazioaren edertasuna eta garbitasuna denboraren arrastoak ezabatzearekin konfunditu ohi da, eta denborak sortutako inperfekzioa berrikuntzak gainditu beharreko erronka bihurtzen da. Edo ofizialki “zahar” etiketarekin izendatzen diren eraikinak eta espazioak ditugu, zaharraren itxura onartu bat eraikiz. Eraikinen kontakizuna “pertsona” hitzarekin ordezkagarria litzateke, espazioak gizarte baten balio eta ikusmoldeak bistaratzen dituelako, baita zahartzaroaren aferan ere. •