Gorka Elejabarrieta

Kanaky

Michael Forrest kanak ordezkaria Euskal Herrian izan da berriz ere. Frantses Gobernuarekin hirugarren erreferendum data adostu eta segituan etorri da gurera. Abenduaren 12an izango da galdeketa. Lehenengoa 2018an izan zen eta baietzak %43,6 eskuratu zuen. Bigarrena 2020an, pandemiaren erdian, eta baietza %46,74ra igo zen. Independentzia eskuratzetik 4.700 botora geratu ziren. Orain, independentistek irabazteko aukera erreala daukate.

1998an sinaturiko bake akordioaren arabera –Noumeako Akordioa– Kaledonia Berriak independentziaren inguruko hiru erreferendum egiteko aukera dauzka. Zer esan nahi du horrek? Hirugarrenean ezetzak berriz ere irabaziz gero statu quoa betikotzen dela? Bidearen amaiera independentistentzat? Noumeako Akordioak bi printzipio nagusi zituen. Lehena, esandakoa, Kanakyk erreferendum bidez erabaki behar zuela bere etorkizuna eta horretarako hiru aukera izango zituela. Bigarren printzipioa, eta oso garrantzitsua aipatzen ari garen honetarako, dekolonizazio prozesua atzeraezina zela.

Frantziar eta kanak ordezkarien arteko negoziazio errondara Frantziak proposamen idatzi bat eraman du. Prentsara filtratua izan zen eta horregatik izan dugu haren berri. Proposamen oso interesgarria, aipaturiko Noumeako Akordioaren bi printzipio horietan oinarriturik baitago. Bi urteko trantsizio bide-orri bat marrazten du proposamenak: baietzak irabaziz gero, norabide batean; eta ezetza gailentzen bada, beste batean. Proposamen honetan oinarriturik –eta kontuan izan proposamen bat besterik ez dela, ez da bide adostu bat–, Frantziaren negoziazio aurreko posizioa adierazten du, eta horrek badauka garrantzia prozesuak eman dezakeenaren inguruan pentsatzen hasteko.

Proposamen honen arabera, baietzak irabaziz gero, bi urteko bidea marrazten da Kanaky estatu independente bilakatu arte. Bertan zehazten dira, besteak beste, ondorio juridikoak, nazioarteko legeriaren ingurukoak, europar hiritartasuna, legeria frantsesaren ingurukoak, nazionalitatea, ondorio ekonomiko-finantzarioak –eta horren baitan moneta, banku sistema, akordio komertzialak, Europar Batasunari loturiko ondorioak, nikel esplotazioaren ingurukoak–, ondorio politikoak, hezkuntza sistema, osasun sistema, fiskalitatea, aire garraioa, sistema audiobisual publikoa, armada, polizia, giza segurtasuna, justizia, aire eta itsas segurtasuna, aduanak, diplomazia, eta sor daitezkeen arrisku eta trantsizio agertokiak ere marrazten ditu. Bere baitan independentzia eskuratzeko ibili beharreko bidea oso ondo marrazten du. Independentistentzako gida praktiko oso interesgarria da. Sutsuki gomendatzen dut irakurtzea.

Ezetzak irabaziz gero, eta aipaturiko dekolonizazio prozesu geldiezin horretan oinarriturik, Frantziak Kaledonia Berrirako estatus berri bat adostu eta erabakitzeko proposamena luzatzen du, kasu honetan ere bi urteko trantsizio prozesuaren ondoren. Ez dago, beraz, statu quorik. Erreferendumean gertatzen dena gertatuta ere, ez gara egoera berera bueltatuko eta bi kasuetan trantsizio prozesu interesgarri eta konplexu bat zabalduko da. Estatus berriak egungo konpetentzia markoa baino gehiago eskaini behar du, konpetentzien gutxitzea dekolonizazio prozesuan atzera egitea litzatekeelako; eta ez du baztertzen, are gehiago, bere baitan jaso beharko luke, kanaken autodeterminazio eskubidea ere.

Euskal Herria, Bretainia, Korsika, Katalunia… aitortzen ez dituen estatu bera da proposamen hau luzatu duena. Zergatik? Nolatan? Frantziar estatuaren interesa Kanakyn argia da, Euskal Herrian, Bretainian, Korsikan, Katalunian duen berbera; hau da, Kanakyk frantses Estatuaren parte izaten jarrai dezan. Ez dezagun ahaztu, besteak beste, Kanakyk munduko nikel produkzioaren %8 duela. Eta horretarako ahal duen guztia egiten jarraituko du, betiere ekintza horien onargarritasun eta kostu-irabazi kalkuluen arabera. Posible izan duenean ez du arazorik izan gerra zikina erabiltzeko. Oroit ditzagun bertan burutu dituen sarraskiak. Egun ezin du halakorik egin eta horren baitan ulertu behar da egin duen proposamena, bereziki ezetza irabazle den kasurako, uste baitu statu quora itzultzerik ez dagoela jakinik zenbait boto ezetzean manten daitezkeela. Datu bat, aurreko bi erreferendumetan Frantziak ez du trantsizio proposamenik egin. Ikusteko dago zer gertatzen den, baina komeniko litzaiguke prozesu horren jarraipen estua egin eta gurean ahalik eta oihartzun handiena izatea ziurtatzea.