Alessandro Ruta
VERMICINO, LOTSA TELEBISTAN

1981eko ekainean, Alfredo umea putzu batean erori zen, eta haren erreskate saiakera «reality show» bihurtu zen

Inork ez zuen ezagutzen Vermicino («Vermitxino» ahoskatzen da), Italian, 1981eko ekainera arte. Gaur egun, aldiz, denok ezagutzen dugu: garai hartan jaiotzeko zeudenek ere bai. Leku hori, kasu hori, nire unibertsitate garaian ikasi genuen, Kazetaritza eta Komunikabide ikasketetan.

Vermicino, Italia, 1981eko ekainaren 13a: handik aurrera dena aldatuko zen, telebistan eta batez ere gizartean. Handik aurrera lotsari neurria galduko zitzaion. Handik aurrera heriotza bat, zuzeneko emanaldi batean, tantaka-tantaka, normala bihurtuko zen. Eta biktimaren izena, Alfredo, hain zuzen ere Alfredino, betirako geratuko zen gure artean.

Agro Romano

Vermicino Erromako auzo bat da; erdialdetik autoz 20 minutura dago, trafikoaren arabera, noski: Frascati herrian ere zabaltzen da. Erroma oso-oso handia da, postaletan Koliseoa edo Fontana di Trevi edo Done Petri plaza agertzen dira normalean, baina landaguneak ere badauzka Italiako hiriburuak: Agro Romano. Han jendeak batez ere nekazaritzan egiten du lan.

Vermicinon bizi zen Rampi familia, baserri batean: aita, ama, bi semeak, aitona eta amona. Inguruko zelaietan ibiltzen ziren denak, arratsaldero; udan, beti bezala, egunak luzatu egiten dira eta buelta bat emateko aprobetxatu ohi da. Baina Alfredok, 6 urteko semeak, ez zuen gainontzeko senideekin jarraitu nahi izan, baizik eta etxera itzuli. Baimena eskatu zien gurasoei eta gero bakarrik joan zen atzera bere baserrirantz.

20.00etan edo, familia guztia itzuli zen etxera baina Alfredo, Alfredino, ez zegoen bertan. Ama, aita eta besteak haren bila hasi ziren, 22.00ak arte, Poliziarekin eta lagun eta boluntarioekin. Umea desagertuta zegoen eta amamari baserritik gertu putzu bat eraiki zutela etorri zitzaion burua: «Ea bertan dagoen», iradoki zien poliziei. Eta halaxe izan zen, Alfredo han erori zen: 60 metroko putzu artesiar batean. Eta hala ere, haren arnasa entzuten zen.

Baina, putzu hauek oso-oso estuak dira, zentimetro gutxi batzuetakoak. Alfredok, horrez gain, bihotza ez zuen guztiz osasuntsu. Modu horretan pasatu zen lehen gaua, 1981eko ekainaren 10ean. Salbatzaileek, momentuz, ez zekiten zer egin.

Spadolini

1981a urte oso berezia izan zen Italian. Talde armatuen erasoak (Brigada Gorrienak batez ere), batetik; bestetik, mafiak ere jotzen zuen; Aita Santuaren kontrako atentatua Done Petri plazan, maiatzaren 13an... Sekulako krisi eta eskandaluak zeuden: alegia, Gobernuan, boterean zegoen alderdiak, Kristau Demokraziak, arazo dezente zituen. Esate baterako, logia masoniko bat zela eta: Propaganda 2, edo P2.

Epaile batzuek Gobernu erdia P2-an zegoela aurkitu zuten, eta logia hori guztiz legez kanpo zegoela. Kazetariak, industria gizonak, zerbitzu sekretuak, parlamentariak, bankariak: P2 «Estatuaren barruan zegoen estatu bat zen». Eta Estatuaren kontra aritzen zen.

1981eko ekainean nabarmena zen ezinezkoa zela krisi hori konpontzea. Alfredo Rampi erortzen zen bitartean, handik 15-20 kilometrora, Parlamentuan, gobernu berri bat prest zegoen boterea hartzeko. Arnaldo Forlani lehen ministroak dimisioa eman zuen eta Sandro Pertini Errepublikako presidenteak «iraultza» egitea erabaki zuen. Hori bai, legearen barruan, Konstituzioaren barruan.

Izan ere, 1945etik aurrera Italiako lehen ministroak, etenik gabe, Kristau Demokrazia alderdikoak izan ziren (Aldo Moro, Amintore Fanfani edo Giulio Andreotti, adibidez), baina alderdiarentzat egoera larria zen une horretan. Horrela, Pertinik Giovanni Spadolini jarri zuen lehen ministro gisa.

Zer-nolako pertsonaia zen Spadolini: Florentziakoa, aberatsa, kazetari ohia, historialaria, fededuna, tipo oso diskretua eta oso lodia. Zurrumurruek aipatzen zuten homosexuala zela; karikaturetan biluzik eta zakil oso txikiarekin irudikatzen zuten «Spadolone», Alderdi Errepublikanoaren idazkari zen gizona. Normalean, alderdi honek bozen %3 baino ez zuen lortzen hauteskundeetan.

Kristau Demokraziaren kontroletik kanpo zegoen aurreneko lehen ministroa zen: benetako momentu historiko bat. Baina ez Italiako telebistaren arabera.

Pertini, edonon

Goizeko bilera, erredakzioan, ostegunean: kazetariak tentsioz beteta. «Zer daukagu?», «Politika», «Beste berririk ez?», «Eskandaluak», «Beste zeozer?», «Ba, ezer ez, kirola ere geldirik dago». Eta bat-batean tipo batek altxatu zuen ahotsa: «Nire lagun batek esan dit Vermicinon, hemendik gertu, ume bat putzu batean erori dela eta bera salbatzeko saiakera egiten ari direla». Argi bat piztu zen erredakzio arduradunaren buruan: «Ba, joan gaitezke bertara, ea lortzen dugun momentu aproposa grabatzea. Goazen, kamerarekin!». Baliteke ideia interesgarria izatea hura, apurtxo bat egunerokotasunaren monotonia mozteko. Emaitza, zoritxarrez, oso txarra bihurtuko zen.

Azken batean erraza zen Erromako erdialdetik (han dauka Raik, Italiako Telebistak, erredakzioa) Vermicinora joatea. Bestela, adibidez, Dolomitetan izango balitz, askoz deserosoagoa izango litzake. Behin bertaratutakoan, zirkua hasi zen. Telebistak dena eman zuen zuzenean, aurreikusitako programazioa hankaz gora jarriz. Une oro Alfredino, une oro Vermicinotik, umearen amarekin, edo aitarekin, adituekin; eta bitartean hainbat eta hainbat pertsona, milaka lagun, putzurantz gerturatzen: ur saltzaileak, ikusleak, parte-hartzaileak. Ezinbesteko ikuskizuna baitzen hura.

Italia guztia ari zen Alfredinoren tragedia ikusten, telebista bidez. Salbatzaileek ezin zuten lasaitasunez lanik egin, bestelako «adituak» agertzen zirelako edo kazetariei erantzun behar zietelako. Denek lagundu nahi zuten. Gizon argalak, nanoak, bihurrikariak baita magoak ere prest zeuden zuloan sartzeko, ahalik eta azkarren, baina une berean Alfredino gero eta beherago jaisten ari zen. Beti zuzenean, dena zuzenean, pantailatik, bi egunetan zehar.

Gogoratu behar dugu garai hartan ez zela existitzen telebista pribaturik. Telebista ikusi nahi izanez gero, ez zegoen Rai ez beste ezer. Horregatik, audientziak goia jo zuen.

Eta Alfredinoren kasuan audientzia are eta gorago joango zen Sandro Pertini Vermicinon agertu zenean, ostiral arratsaldean. Italiako Errepublikako presidenteak zer egin nahi zuen bertan? Parte hartu? Lagundu? Egon, besterik ez, ikusle moduan?

Pertini («Un partigiano come presidente», abesten zuen Toto Cutugnok “L'Italiano”, bere kantarik famatuenean) oso «presentzialista» izan zen, baina behin bertan egonda, telebistak ere geratu beharko zuen. Presidenteak Alfredorekin hitz egin zuen, baina umea gero eta larriago zegoen, bere ahotsa putzua bezain estua baitzen. «Amatxo, amatxo», errepikatzen zuen Alfredinok; eta ama, Franca, noski, negar batean.

Pertiniren ondoan, berriro, milaka pertsona. Etxean milioika begi zeuden dena kontrolatzen eta, aldi berean, sufritzen. Haurrarenganaino iristen zen zirkuitu laburra beteta zegoen. Espeleologoak tunel paralelo bat egiten saiatu ziren. Ezinezkoa zen, ordea, umea salbatzea: putzu hauek halakoak dira, heriotza tranpa. Larunbat goizean, ekainaren 13an, haren ahotsa entzuten ez zenez, mikrofono bat sartu zuten zuloan eta ez zuten arnasarik sumatu.

Alfredino Rampi telebistan hil zen, zuzeneko programa batean. Umeak ez zuen protagonista izan nahi, noski, eta ez zen konturatu, zorionez. Aldiz, une berean, «Minaren telebista» jaio zen, edo lehen reality show-a. “The Truman Show” filmean moduan, behin bukatuta jendeak zera galdetzen zuenean: «Ba, orain zer egingo dugu?».

Lotsagarria eta izugarria izan zen istorio hau, botaka egiteko modukoa; guretzat orri beltz bat izan da ordutik. Ikusleek Raira deitzen zuten, irudiak ez kentzeko eta beste pelikularik ez jartzeko eskatuz, umearen berri izan nahi zutelako.

Analista askok uste dute Vermicinokoa «distrakzio handiko arma» izan zela. Arazo asko zituen Italiak; beraz, hobeto beste edozeri edo edozeini buruz hitz egitea, gai erabat desberdin bati buruz, jendeak pentsatu ez zezan. Egia da handik aurrera dena aldatuko zela. Italia guztiak jakingo du Vermicino non dagoen eta izen hori, Alfredino.