Maider Iantzi Goienetxe

Gure lorategia

Egun erdia baino gehiago ematen omen dugu geure buruarekin elkarrizketan, 14 ordu guztira: lotan gaudenean, jaten ari garenean, paseatzen, lanean, pelikula bat ikusten, lagunekin gaudenean, mintzatzen edo aditzen... Kanpoko edozein ekintzatan jarraitzen du barne solasaldiak. Halere, zeinen gutxi erreparatzen diegun geure buruari erraten dizkiegunei. Bidaltzen dizkiogun mezuen %80tik goiti ezkorrak direla diote ikerketa batzuek, geure buruari sabotajea egiten diogula, alegia.

Camilo Cruzen “La ley de la atracción” laneko datuak dira, Juanjo Lertxundi yoga irakasle usurbildarrak “Ausartu zaitez!” liburuan jasoak. Ia hamarkada bat igaro da azken obra honen argitalpenetik eta aspaldiko partez apalean topatzea berreskurapen polita izan da. Berriro irentsi dut eta bertako jakintzek gaur egun ditudan interes eta kezkei ederki erantzuten dietela ohartu naiz. Lehen irakurraldi haren garaiko oroitzapenak etorri zaizkit; gogoan dut nola egiten nituen proposatzen diren zenbait ariketa; baieztapen baikorrak papertxo batean idatzi, komuneko ispiluan zintzilikatu eta ahoz gora irakurtzea, adibidez. Orain ere post-it batzuetan esaldi politak idatzi eta etxean barna jartzeko gogoa piztu zait, baina oraingoan nik sortutako esaldiekin probatu nahi dut, liburuko ideiak oinarri hartuta. Inoiz ez baitago soberan, Lertxundik dioen bezala, gure buruko lorategia zaintzea.

Lorezainaren gisan, belar txarrak kendu eta gustuko landare eta zuhaitzak landa ditzakegu, arrosa usainaz edo mahats gozoz elikatzeko. Eguneroko zaintza eskatuko digu horrek, jakina. Arreta jartzea, behatzea. Onik egiten ez diguten pentsamenduak erauzi eta laguntzen digutenak ereitea.

Bizi garen garai honetan aukerak ugariagoak dira lehenago baino, eta eskerrak, baina adimena entrenatu behar da bihotzez zer nahi dugun jakiteko, desioak ere kontsumogai bihurtu diren mundu honetan. •