Koldo Sagasti

Banderak eta banderak

Atzean geratu dira Olinpiar Jokoak eta bi astebetez hamaika kirolari ikusi ditugu elkarrekin lehia sanoan, nor bere herrialdeko bandera defendatzen. Gustu guztietako entseinak izan dira norgehiagoka: koloretsuak batzuk, exotikoak besteak, atlasean bilatu beharrekoak beste batzuk, eta beste zenbait odol arrasto bat atzean dakartenak. Nik, egia esan, ez ditut sekula oso gustuko izan ikur-erakustaldi horiek; banderek ez didate inoiz loa eragotzi, trapu koloreztatuak baino ez zaizkit iruditzen. Baina bada azkenaldian Mauro Entrialgo komikigileari irakurritako gogoeta bat zer pentsatu eman didana. Marrazkilariak zioen kalean hamarnaka laguneko talde bat ikusten baduzu, eta ostadarreko banderak badaramatzate, lasai begiratuko diezula, eta irribarre bat ere ateraraziko dizutela; eta aitzitik; hamarnaka horiek Espainiako gorri-horiak badaramatzate, alerta egoeran jarriko zaituztela; eta areago; gutxiengo etniko, politiko, sexual edo linguistiko bateko kidea bazara, ikaratu ere egingo zaituztela. Senak berak diosku LGTB mugimenduarena eta piperpotoa ez direla berdinak, akaso oihal hutsak ez direlako; banderek, koloretako trapuak badira ere, zama historiko bat dakartelako atzean, bandera horiek daramatzatenek bezala.

Behinola, Tel Aviveko judu anarkisten talde bateko kide batekin izandako elkarrizketa batean, solaskideak azaldu zidan zergatik, akrata izanagatik, Palestinako bandera zerabilen Zisjordaniako harresiaren aurkako protestetan. Ekintzaileak zioen Palestinako entseinak balizko estatu baten ikurra baino gehiago giza eskubideen aldeko aldarri unibertsala irudikatzen zuela. Geroztik neuk ere neuretzat hartu nuen haren arrazoibide hori; izan ere; banderak, azken batean, banderak baino ez dira, baina badira banderak eta banderak. •